2017/01/14

Juanjo Arregi
emakumeen euskal futbol selekzioko entrenatzailea

Urnietarra da. Lanbidez, obretako zaindari. Pasioz, futboleko entrenatzaile. 2015az geroztik emakumezkoen euskal futbol selekzioko entrenatzailea da Juanjo Agirre, poz handiz eta tamaina bereko arduraz janzten duen kargua.

«Baloia jokoan jarri bezain laster hemen ez dago genero desberdintasunik, jokoa baino ez dago, lehiakortasuna»
Jon GARMENDIA
Pd22_elkarrizketa1

Urnietarra da Juanjo Arregi (1964), euskaldun berria, lagunartean euskara aditu du bizitza guztian eta ulertzeko gai zen, baina urrats bat aurrera eman eta hitz egiteko gaitasuna eskuratu arte buru-belarri jardun da. Datu horrek markatzen du Juanjo Arregiren izaera, hutsuneak gaitasunez betetzeko bidean konstantziaz ikasi eta fintasunez lan egiteko joera baitu betidanik, koherentziarena, harrokeriarik gabe harrotasuna iparrorratz izanda. Hori da bere hurbilekoei egindako galdera batetik ondorioztatu dugun sentsazio nagusia. Zeharka begiratzen dio argazki kamerari eta momentua izozteko Urnietan maite duen paisaia harritsua hautatu badu ere, mendia behar du berak bizitza zentzuz betetzeko, belarra, zelaia; eta berdeari gainean baloi bat jarriz gero, orduan aurkitzen da bere elementuan, pozarren.

Lanbidez obretako zaindaria bada ere, pasioz futboleko entrenatzailea da eta uneotan bere kargu da Euskal Herriko emakumezkoen selekzioa. Ez dago elkarrizketetara ohituta hala ere; batetik, bere zereginetan murgildua bizi delako, eta, bestetik, hedabideek gutxitan elkarrizketatzen dituztelako emakume kirolariak, berdin du zein diziplinetan, eta, noski, are gutxiago haien entrenatzaileak. Deigarria da elkarrizketa guztian nola hitz egiten duen, ez baitu zehazten aipatzen dituen protagonistak emakumezkoak direnik; haiek osatutako selekzioak eta klubak kirolari bezala aurkezten ditu Juanjo Arregik, jokalari bezala, diren bezala.

Ezagutzen ez zaituen publikoari nola aurkeztuko zenioke zure burua?

Nire etxea aurkeztuta lehenik eta behin. Lau gara bertan; Laura, Ane, Agate eta ni. Naizenaren ezinbesteko zatia da etxea, ni egiten nauena.

Ondoren entrenatzaile zergatik naizen azalduko nioke nire berri izan nahi duenari, hastapenak gogora ekarriz. Laguntzaile gisa hasi nintzen Groseko Kirol Elkartean, lagun bati laguntzeko asmoz. Gustuko nuen, beraz, Gipuzkoako entrenatzaile eskolan sartu nintzen eta pixkanaka tituluak eskuratzen hasi. Ikasten nuen bitartean Urnieta Kirol Elkarteko (UKE) futbol taldea entrenatzen hasi nintzen; uste dut kategoria guztietatik pasa nintzela, eta, orain dela gutxi, talde mistoarekin laguntzaile gisa jardun naiz. Añorgako entrenatzaile izan nintzen, oroitzapen ederrak utzi dizkidan kluba, eta eskertu nahi nituzke nirekin lan egindako Jony eta taldea zuzentzeko aukera eman zidan Iñaki Anso.

Getariako Felipe Garmendiak eskaini zidan Euskal Selekzioan aritzeko aukera, Arantza Del Puertoren zuzendaritzapean. Felipe 16 urtez azpikoen entrenatzailea zen eta bere laguntzaile hasi nintzen, 18 urtez azpikoen kargu egin ginen gero, eta selekzioa utzita formakuntzarekin jarraitu nuen, bidenabar Gipuzkoako entrenatzaileen eskolan irakasle arituz. Maite Redondoren eskutik 12 urtez azpikoen selekzioaren entrenatzaile bihurtu nintzen eta ondoren 18 urtez azpikoena. Txusmirekin selekzio nagusian aritu nintzen gero.

Eta emakumezkoen selekzioaren entrenatzaile izendatu zintuzten azkenik. Zer sentitu zenuen?

Euskal Federazioan zaudenean, 18 urtez azpikoen kargu baldin bazaude, 16 urtez azpikoen prestatzailearekin batera selekzio nagusiaren ardura zuregain gelditzen da; horrela, 2015eko Eguberrietarako Bartzelonan Kataluniaren kontra jokatu beharreko partidaz arduratzeko eskatu zidan Federazioak. Hastapen batean, poza sentitzen duzu, jokalari onenekin lehiatzeko aukera tentagarria baita. Gero arduraren pisua eta garrantzia neurtzen dituzu, koloreak babestu eta zure herria ordezkatzea ez baita arinkeria, taldea dago, giza harremanak, beraien artean oreka eta giro ona egon dadin saiatzea… Hori bai, bihotzez esaten dut erabat hunkigarria dela selekzioaren ereserkia futbol zelaian entzutea. Askotan ikusi duzu telebistan eta abar, baina, han, zelaian bizitzeak harrotasuna piztu eta bihotza ukitu zidan.

Nongoak dira egungo jokalariak, zein taldetatik datoz?

Hiru klub dira nagusiki egungo Euskal Selekzioaren hornitzaile, hau da, Athletic, Reala eta Oiartzun. Gaur egun Espainiako Lehen Mailan hiru euskal talde horiek jokatzen dute, eta hori sekulako lorpena da gurea bezalako herri txiki batentzat. Txikian handi. Selekzioan jokatzen dutenen jatorria, aldiz, anitza da, hiriko eta herriko, gure herriaren aberastasuna erakusten duena: Iruñea, Donostia, Gasteiz, Bilbo, Getxo, Bergara, Legazpi, Barakaldo, Funes, Laudio, Lezo… Nafarroa Garaia, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia daude ordezkatuta beraz. Hori bai, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan egiten ari den lanari begi bat ezarrita diogu, etorkizunean selekziora eraman ditzakegun jokalarien zerrenda handitzeko nahia baitaukagu.

Zehazki, zertan datza zuon lana?

Hitz batekin definituko bagenu, begiralea izatea da lehen premisa. Lehen Mailako zein Bigarren Mailako partidu gehienak ikusten ditugu, hurbiletik jarraitzen dugu jokalarien lana, haiekin hitz egiten dugu, beraien taldeekin... Komunikazioa iraunkorra da, zuzena, harremanak baititu orube gure betebeharrak. Askotan gertatzen da azken momentuko arazoek eragoztea jokalari baten parte hartzea, eta prest egon behar dugu haren ordezkoa aurkitzeko. Ohoragarria da jokalari guztiek agertzen duten prestutasuna selekzioarekin jokatzeko, eta berdin mingostasun izpi ere, ezin baitute denek joan: ezin ditugu nahi genituzkeen guztiak eraman, baina, aukera bera dutenez, hurbiletik jarraitzea ezinbestekoa da. Talde teknikoa delegatuak, medikuak, material arduradunak, fisioterapeutak, atezainen prestatzaileek eta taldearen arduradunok osatzen dugu.

Etorkizuneko belaunaldien ispilu zarete, erreferentzia bat.

Entrenatzaileak behar ditugu; gaur-gaurkoz horretan ari gara lanean, titulua duten prestatzaileak izateko, jokalarien kalitatea ere hobetzea ekarriko baitu horrek. Nik nire apurra jartzen dut, azpitik gorako bidean kategoria eta talde guztietan kalitatezko jokalariak egon daitezen. Etorkizunekoen beharrez etorkizuneko pertsonak arduratuko dira, guretik zerbait baliatuta –gutxi, oso gutxi pentsatzen dut– eta balore berriak ekarri eta landuz.

Bertako futbolaz gain kanpokoa ere jarraitzen duzula kontatu digute…

Orokorrean futbolaren jarraitzailea naiz, Amerikakoa eta Europakoa segitzen ditut batez ere; aurten Herbeheretan jokatzen da Eurokopa, beraz, aukera ona da hara gerturatu eta partidak ikusiz gozatzeko. Bestalde, etsenplu gisa, Paris Saint Germain taldean jokatzen du Athleticeko Irene Paredes jokalari ohiak, maila handian. Frantziako Ligan lehen postuan daude, eta Txapeldunen Ligako azken laurdenetarako sailkatuta; derrigortuta sentitzen naiz haren urratsak jarraitzera.

Gero, itsasoz bestaldeko lurretan gertatzen dena dago, deigarria bezain aipagarria da adibidez Ipar Amerikako futbola; AEBetakoak dira egungo munduko txapeldunak, eta haiek dira aitzindariak futbolean parekidetasuna eskatzen, baita lortzen ere. Emakumezko jokalari gutxi batzuek gizonezkoek baino soldata hobea dute gaur egun, eta gehiagok izan beharko lukete lekua zerrenda horretan, azken batean gizonezkoenak baino erakargarritasun handiagoa baitu publiko aldetik emakumezkoen ligak. Jokoa ere ikusgarriagoa da. Beraz, zergatik ez horrela aitortu?

Baina, hemen, emakumezko jokalarientzat posible da futbolean jokatzetik bizitzea?

Ez dakit jokalariek irabazten dutena asko den ala gutxi den. Zehatzago esanda, ez dakit zer diru irabazten duten, dakidana da ikasketak oso presente daudela elkarrizketak ditugun bakoitzean; beraientzat oso garrantzitsua da formakuntza, futboletik aparte egiten dutena. Hau da, uste dut futbolak laguntzen diela erosoago eramaten gaur egungo bizitza, baina denek dakite ez dutela futboletik lortutako diruarekin bizitzerik, ez orain eta ez gero, beraz, pasio gisa bizi dute hau dena, gozatu egiten dute jokatzen, eta alde horretatik ederra da gure arteko harremana, elkarbizitza ere askozaz errazagoa da. Gero, badakit bultzada bat izaten ari dela momentu hauetan emakumezkoen futbola, atzeko edo ezkutuko tokietatik atera eta bistara, agertokietara eramateko, baina ezezaguna zait horrek zertan dakarren hobekuntza jokalari bakoitzaren egoerari dagokionez.

Hala ere, ez al duzu irudipena emakumezkoei gizonezkoei baino ahalegin gehiago egitea eskatzen zaiela? Nolabait, ehunetik berrehun eman behar balute bezala…

Inor ez da gai halako mailarekin aritzeko. [Irriz aipatzen du]. Honetan zabiltzanean, jokoan, lehian, badakizu egun hobeak eta txarragoak daudela, zure errendimendua ez dela beti desio duzuna, batzuetan asko saiatuagatik ere huts egiten duzulako. Gainera, gero eta exijentzia maila handiagoa dago, lehiakortasun handiagoa; maila hobetzen doa bai Espainiako Lehen Mailan, bai Bigarren Mailan, bai Euskal Ligan... Baloia jokoan jarri bezain laster hemen ez dago genero desberdintasunik, jokoa baino ez dago, lehiakortasuna. Gero, has gaitezke batzuen eta besteen iritziaz mintzatzen, zer esaten duen batek toki batetik eta zer erantzuten duen beste batek bestetik... Diskriminazioaz, parekidetasunaz, asko hitz egiten da, baina ni ez naiz hor sartzen; gizatalde bat dut nirekin, jokalariak dira, eta horretan ahalik eta ongien egin dezaten saiatzen naiz, nik zer hobetu ahal dudan ohartzen, eta, gero, nola ez, haiei eskaintzen.

Eta badago desberdintasunik gizonezko eta emakumezko jokoaren artean?

Interesgarria da galdera hori. Nik, behintzat, ez dakit ba ote dagoen ala ez, ez baitut desberdintasunik ezagutu. Eta urte andana da jada honetan nabilela! Jokalariak manera berean entrenatzen ditut sexu bateko izan edo besteko, ez dut batzuentzat lan egiteko manera bat erabili eta besteentzat beste bat. Teknika teknika da, taktika taktika den bezalaxe. Alboko sakea ongi egiteko baloia eta besoak buruz gain altxa eta hankak geldirik eduki behar dira; baloia geldirik dagoenean kolpe guztiek lanketa bat behar dute; defentsa edo erasoko lana intentsiboki egin behar du edozein jokalarik baldin eta futbolean ongi aritu nahi badu; beraz, entrenamendua premiazkoa da gauzak ongi egiteko. Askotan entzuten da “entrenatzen den bezalaxe jokatzen da” esaldia, baina ohartu behar gara batzuetan entrenatu ez dituzten gauzak ere exijitzen dizkiegula jokalariei.

Komunikabideek emakumezkoen eta gizonezkoen futbolari eskainitako tratua zeharo desberdina da…

Bai, ilargia eta eguzkia bezala, ez dut zalantzarik. Zerbait aldatzen ari da bestalde, babesle handien agerpenarekin. Telebistako kanal batean Lehen Mailako hiru futbol partida botatzen dituzte orain. Sare sozialekin, eta beste zenbait informazio iturri alternatiborekin, hutsunea betetzen hasi da; egia da ez dela beste edozein joko edo txapelketarekin alderatu ahal, astakeria bat dela kasu askotan eskaintzen dena, baina ohartu behar gara bestalde telebista kate edo informazio iturri handiak jende jakin baten esku daudela, gutxi direla asko dutenak, eta haiek agintzen duten artean aldaketa gutxi etorriko dela hortik.

Eta publikoak? Badu interesik?

Lezamara partidak ikustera joaten da jendea, baita Zubietara ere, Karla Lekuonan edo Añorgan jendea dago beti. Kontua ez da zenbat jende dagoen, kontua da jendeak futbola maite duen ala ez, hori da inportantea. Nik zale askorekin hitz egiten dut, eta hurbiletik jarraitzen dituzte lehiaketak, badakizkite jokalarien izenak, nork nor fitxatu duen… Jende gehiago nahi dugu? Polita da zelaia beteta ikustea, baina ez zait hori garrantzitsuena iruditzen.

Duela gutxi jokatu da gizonezkoen selekzioaren partida San Mamesen eta publikoaren eskasiak hautsak harrotu ditu.

Tristea da Eguberriko partidan gertatu dena, hain jende gutxi ikustea harmailetan… eta motiboak asko izan daitezke, eztabaida ireki da, badago zer hobetu noski, baina jende askok egiten du lan halako partidu bat aurrera ateratzeko, eta denek ezartzen dute euren onena. Hobetzeko bidean dozenaka aukera daude, adibidez baita partida tokiz aldatzea ere, Ipuruan egitea, Mendizorrotzan, ezohiko lekuetan, normalean horrelako partiduak ikusteko aukera ez duenak etxetik gertu ikus dezan…

Zuek Irlandan ibili zarete.

Azaroaren 26an jokatu genuen Dublineko Tallaght Stadium ederrean, Irlandako Errepublikaren aurka, FIFA rankingean 30. postuan dagoen selekzioa. Euskal Selekzioak jokatzen dituen partida guztiak bezala, garrantzitsua zen oso, lehiatzera atera ginen, jakina, eta irabazteko ahalegina egitera, baina hasieratik aldapa gora jarri zitzaigun partida, zaila zela ikusi genuen. Hala ere, jokalarien kemenak eta adoreak zailtasunei buelta ematea lortu zuen; amaieran galdu egin genuen, eta alde horretatik triste itzuli ginen, baina erakutsitako jarrerarekin pozik. Hori da garrantzitsuena. Bestalde, gure herriarekin geografikoki antzekotasun asko dituen tokia da Irlanda, bere berde horrekin, eta edertasun hori ere ekarri genuen bueltan.

Eta ofizialtasuna?

Ni entrenatzailea naiz, beraz, alde horretatik gutxi dakit dauden aukerez edo egin beharrekoez. Beste gauza bat da nik neuk nahi nukeena: gure herria ofizialki lehiatzen ikusi nahiko nuke, Eurokopan, Mundialean, gure koloreak erakutsi eta defendatzen. Ea ikusteko aukerarik dudan, oxala!

«Hastapen batean, poza sentitzen duzu, jokalari onenekin lehiatzeko aukera tentagarria baita. Gero arduraren pisua eta garrantzia neurtzen dituzu, koloreak babestu eta zure herria ordezkatzea ez baita arinkeria»

«Diskriminazioaz, parekidetasunaz, asko hitz egiten da, baina ni ez naiz hor sartzen. Gizatalde bat dut nirekin, jokalariak dira, eta horretan ahalik eta ongien egin dezaten saiatzen naiz»

«Tristea da gizonezkoen selekzioko Eguberriko partidan gertatu dena. Motiboak asko izan daitezke, baina hobetzeko bidean dozenaka aukera daude. Adibidez, partida tokiz aldatzea»