Saioa Iraola

Konpromiso politikoaz

Pertsonok, nor bere kasa, laguntzarik gabe bizi gaitezkeela sinetsi izan dugu XX. eta XXI. mendeko herrikideok. Baina pertsona harremanetan dago etengabe bere inguruarekin eta ingurukoekin, ez da existitzen harremanik gabe. Horregatik, jendartean hiritar oro da partaide; bizitza, elkarrekin egiten da, elkar behar baitugu, eta, hortaz, jada engaiatuta gaude jendartean.

Mendebaldeko jendartean bizi dugun prekarietateak eta zaurgarritasunak aukera eskaini digu elkarren arteko interdependentziaz ohartzeko.

Horrela, azkenaldian modan ez dagoela diogun arren, konpromiso politikoren inguruko beste ikuspegi bati bide eman nahiko nioke, Marina Garces filosofoaren ideietan oinarrituta. Alegia, konpromiso politikoa ez du izango soilik intelektual konprometituak edo militanteak; herritar oro badago konprometituta, bizitzeak bere horretan eta komunitatean bizitzeak are eta gehiago, bestearekiko ardura izatea dakar eta hori engaiamendua da.

Norbaitek uka lezake hori, baina hor dago. Horrek aukerak eskaintzen ditu politizazioa areagotu eta praktika politikoaren iruditegi politiko tradizionala zabaltzeko. Horren adibide izan litezke XXI. mendean sortu diren politizazio modu berriak: kontsumitzeko eta ekoizteko beste era batzuk planteatzen dituztenak, enpleguaren inguruan birdefinizio berri batetik lan egiteko eta antolatzeko manerak sortzen ari direnak, merkantilizazioa saihesteko diruaren truke lan egitea kuestionatu eta beste formak batzuk aurkitzen ari direnak...

Bizitzaz birjabetzeko nahia dugun unetik, badugu konpromisoa, beraz, ukatu beharrean, onartu dezagun eta erabaki. •