Mirari Martiarena

Azkura

Ahaztuta ditugu Gabonetako turroi eta polboroiak. Nahiz eta etxe gehienetan sukaldean bueltaka mazapan lehorren bat ibili martxora bitartean. Eguberri eguneko parrandan gertatutakoa ekarri nahi dut gaurkoan zutabe honetara. Parranda egin genuen, eta, askotan pasa ohi den bezala, ezagutzen ez genituen pertsonekin bukatzen genuen hizketan, txupitoak partitzen edo bertsotan. Hamar laguneko kuadrilla, hiru neska eta zazpi mutil. Jakina da goizaldeko ordu bietan mundu guztia dela bertsolari, eta puntuka hasi zen gure bertso festa. Mutiletako batek puntua jartzen zuen, nik erantzun, hirugarren puntua botatzen zuen eta laugarrenean erantzutera nindoala berak ahotsa altxa eta berak erantzuten zuen. Behin baino gehiagotan egin zuen gauza bera eta kantatzeari utzi nion. Horretarako jarrai zezala bere buruarekin!

Ni isilduta, mutilen artean jarraitu zuten bertsotan. Nire lagunetako batek (neska), puntukako joko horretan sartu nahi zuen. Egin ahalak egin zituen, baina ez zuen emaitza onik lortzen. Neskak, estrategia aldatu eta doinua eta neurria aldatu zituen. Segidillan abesten hasi zen eta neurri horretan ere ez zioten jarraitzen. Gure lagunak altu esan zuen: «Jode, nik segidilla abestu nahi dut!», eta ekiteko esan genion, nik jarraituko niola. Mutilak adi zeuden, eztarria garbitu, arnasa hartu eta hor bota zuen: «Azkurea dut pototan!». Hiru neskok barrez lehertzen hasi ginen, eta ez esan zuenagatik, mutilek jarri zuten aurpegiengatik baizik. “Potota” ozen esateak paralizatu egin zituen denak, marrazki japoniarretako tantak txiki geratzen ziren euren kopetetan behera. Eta esaldiak oihartzuna egiten zuen tabernako hormetan, «azkurea dut pototan, -otan, -otan».

Mutiletako batek «azkurea dut potrotan» kantatu izan balu han ez zen ezer gertatuko. Munduko gauza normalena izango zatekeen eta baten batek jarraituko zukeen erantzuten. Baina badirudi ezin dela “potota” hitza jende aurrean esan eta gutxiago azkura izaten dugula bertan. Nonbait pototak belarrietan ematen duelako azkura. •