Maria Gonzalez Gorosarri
EHUko irakaslea

«Eguna», oroimen historikoaren lekukoa

Orain 80 urte, 1936ko gerran sartuta, Jaurlaritzak euskarazko lehen egunkaria martxan ipini zuen. Erredakzioa Bilbon zegoen eta, horregatik, 1937an faxistek Bilbo hartzean, «Eguna» desagertu egin zen. Guztira, sei hileko ibilaldia izan zuen. Irakurraldia, ordea, luzeagoa izan da, oraindik begiratzen diogulako eta zenbaki guztiak www.hemeroketa.eus atarian kontsulta daitezkeelako.

1937an plazaratu zen egunkaria irakurriz, orduko bizimoduaren berri dugu. Sirian, Yemenen eta Sudanen gaur duten egunerokotasuna islatzen du “Eguna”-k:

• «Umientzat janari bereziak […]. Ardau zuria salgei laster. Astelehenan banaketa barria, galletak be bai» (“Eguna”, 1937/04/01).

• «Gaurtik aurrera ogia izango degu […]. Langilleak geyago jango dute […]» (“Eguna”, 1937/01/07).

Egunerokotasun hark gure oroimen historikoak berreskuratu behar izan dituen gertakariak islatu zituen. Italiako armada faxistak Durango bonbardatzea hurrengo egunean jaso zuen “Eguna”-ren lehen orriak:

• «Paxisten egazkiñak Tabira zarraren gañean. Durango’ko Miren Deunaren elizara bonba ugari jaurti zituen […]. Jaunartzeko ziran gudariak odoletan, gorputzak zatituta» (“Eguna”, 1937/04/01).

Hala ere, gudariek, miliziako kideek eta herritarrek aldarteari eutsi ziezaioten, Durangoko bonbardaketatik hogei egunera izandako Gernikakoak ez zuen tratamendu ikusgarri bera izan “Eguna”-n. Bigarren bonbardaketa horren berri bi egun berandu eman zuen, gudarien adorea goraipatuta:

• «Gure mutillak kementsu ta zindo agertuten dira» (“Eguna”, 1937/04/28).

• «Gernika, euzkotarren uri maitea, birrindu nai izan dabe zearo» (“Eguna”, 1937/04/28).

Hortaz, faxistek nazioartean Gernika suntsitzea gudariei eta miliziako kideei egoztean, “Eguna”-k gaiari berriro heldu zion, George Steer kazetariaren berbak ingelesetik euskarara ekarriz:

• «Gernika’n egon nintzan ni, baña ez neban gasolin usañik artu eta etxeak ez egozan sututa bakaŕik. Sugaŕak ondatu baño len, horma ta etxe gañeak zatituta egoazan» (“New York Herald Tribune”-ko izparkaria, “Eguna”, 1937/05/07).

Dena den, herriak bizi zuen egoera islatu beharra zeukan. Egunero bonbardaketen berri eman behar izaten zuen:

• «Gordelekuak dirala-ta, erriaren eskaria: […] Egazkiñak datozanian gentia nora jo jakin ezta ikusten da sarri, batez Bilbao saŕian (…). Bilbao’k gordeleko geyago biaŕ dauz oraindik» (“Eguna”, 1937/01/09).

• «Adarra joten danean, laugarren otsa amaitu artean ez bedi iñor gordelekutik urten» (“Eguna”, 1937/04/23).

Egunero bonben beldur bizi zen herriak preso faxistak hil zituen 1937ko urtarrilaren 4an Bilbon (Durangon, lehenago, 1936ko irailaren 25ean, ere bai). “Eguna”-k ez zuen horren berri eman. Urkullu lehendakariak, ordea, bi aldeak parekatu nahi izan ditu, gertakariaren 80. urteurrenean, faxistek 40 urtean egin izan duten antzera:

• «Larrinaga, 80 urte: El día 4 de enero de 2017, se cumplen 80 años de uno de los episodios más trágicos de la Guerra Civil en Euskadi. Un total de 224 personas presas fueron asesinadas en cuatro centros de Bilbao que se encontraban bajo custodia del Gobierno Vasco» (Iñigo Urkullu, Facebook, 2017/01/03).

• «Urkullu admite la ‘injusticia’ de los 224 presos asesinados en Bilbao en 1937: El lehendakari ha querido recordar que mañana se cumplen 80 años de la mayor masacre de la villa, cuando en venganza por un bombardeo franquista, una multitud asaltó las cárceles de Larrínaga (sic), Carmelo, los Ángeles Custodios y Casa Galera y mató a dos centenares de personas» (“El Correo”, 2017/01/03).

• «Preso eskuindarren aurkako sarraskia gogoan (…). Gerra garaian bi bandoetan egin ziren sarraskiak». (“Berria”, 2017/01/04)

Horrela, lehendakariak faxismoa eta borroka antifaxista parekatu zituen. Hedabideek 40 urteko propaganda faxistari “oroimen historiko” esan zioten. Adierazpenak egin zituen egunari erreparatuta, badakigu –zoritxarrez– Urkullu bera zela eta ez Gabon zahar gaueko aplikazioa:

• «La efímera aplicación de mensajes con la voz de Urkullu» (Eitb.eus, 2017/01/02).

• «El Gobierno Vasco fuerza a la UPV a retirar el simulador de voz de Urkullu». (“El Mundo”, 2017/01/02)

• «El simulador de voz de Urkullu que nos alegró la Nochevieja» (Eldiario.es, 2017/01/06). •