amagoia.mujika@gaur8.info
TXOTX SASOIA

Eroskik sagardoari toki propioa eskaintzen segituko du; aurrerantzean bi zigilurekin, Euskal Sagardoa eta Gorenak

Urtean milioi bat botila sagardo saltzen dira Eroskiko saltokietan, ekoizpenaren %10 inguru. Erakustoki garrantzitsua da, beraz, sagardogileentzat. Aurrerantzean, gainera, bide beretik segituko du, udaberriarekin merkaturatuko den Euskal Sagardoa jatorri izen berriari ere tokia egingo baitio Eroskik.

Eroskin ere inauguratu dute txotx sasoia, nahiz eta Eroskin urte guztian eskura daitekeen sagardoa. Ez alferrik urtean milioi bat sagardo botila saltzen dira Eroskiko dendetan, sagardo ekoizpen osoaren %10. Hartara, bistan da erakustoki aparta eta jarraitua dela sagardogileentzat. Baina sagardoaren lurraldean txotxa irekitzeko baimena emanda dagoenez, Eroski ere festara batu da eta txotxaren irekiera propioa egin zuen joan den astean. Usurbilgo Urbilen izan zen ekitaldia, Usurbil-Astigarraga-Hernani lur emankorra baita sagardoarentzat. Eta gonbidatu bereziak ere izan ziren, erretiratu berri den Maider Unda puntako kirolari eta Idiazabal gaztaren ekoizlea, eta Ramon Roteta, sukaldari eta eskultorea. Rotetak, gainera, mokadutxo bat prestatu zuen, sagardo tragoa laguntzeko.

Euskal Sagardoa jatorri izen berriaren koordinatzaile Unai Agirre ere bertan izan zen, baita Hazi Fundazioko zuzendari Asier Arrese ere. Eta sagardoaren munduan sakon erroturik dauden zenbait etxetako ordezkariak ere bertaratu ziren Usurbilgo hipermerkatuko festa txikira; Bereziartua, Gurutzeta, Isastegi, Saizar, Zapiain, Egi-Luze, Begiristain, Petritegi eta Zelaia kasu.

Eroskik eta Euskal Sagardoa jatorri izen berriaren Kontseilu Arautzaileak akordioa egin dute eta horren berri emateko baliatu zuten txotx irekiera ekitaldi berezia.

Euskal Sagardoa jatorri izenaren bidez sektoreak apustu oso garrantzitsua egin du. Bertako sagarrarekin egindako sagardoak lortuko du ziurtagiri berria eta udaberriarekin hasiko dira saltzen. Hartara, merkaturatu bezain pronto aurkitu ahal izango da Euskal Sagardoa izena daraman sagardoa Eroskiko dendetan.

Eroskiren Tokiko Produktuen zuzendari komertziala, Asun Bastida, gustura agertu zen akordioarekin. «Hurbiletik jarraitu ditugu sagardoaren sektoreak pentsatu dituen erronka estrategiko berriak eta konpromisoa hartzen dugu kalitate ziurtagiri hori duen sagardo berria bultzatzeko».

Aurrerantzean, beraz, bi kalitate ziurtagiri izango dira elkarrekin merkatuan: Euskal Sagardoa jatorri izena –ziurtagiria duen kalitatezko sagardoa, erabat bertako sagarrarekin egina– eta Gorenak sagardoa –kalitatezko ziurtagiriduna eta euskal sagardotegietan egina, askotariko jatorria duen sagarrarekin–. Hazi Fundazioko zuzendariak, Asier Arresek, nabarmendu zuenez, «Hazi Fundazioak prozesu guztia egiaztatuko du, bi zigiluen kalitatea bermatzeko. Bi marka ofizial hauek egiaztatzea berme bat da, eta segurtasuna ematen die tokiko kalitatezko produktuen alde egiten duten kontsumitzaileei».

Unai Agirrek, Euskal Sagardoa jatorri izenaren koordinatzaileak, sektoreak abiatu berri duen bidearen garrantzia nabarmendu zuen. «Sektorearen apustua sendoa da, eta oraina eta etorkizuna kudeatzeko balio behar du. Jatorri izena bertako produktuaren alde egiteko bide bat da, bertako sagar eta sagastien alde eta kalitatearen alde. Baina, aldi berean, sektorea egituratzeko ere balio behar du, guztion artean dinamika berriak martxan jartzeko».

Pentsatzekoa da jatorri izen berriaren atzean sukaldeko lan handia egin dela. «Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako sagar eta sagardo elkarte guztiok babestutako proiektua da, Eusko Jaurlaritza eta hiru foru aldundiekin batean, eta hori lortzeko sukaldeko lana ezinbestekoa da. Lan eta esfortzu handia jarri behar izan dute guztiek eta oraindik ere jarri beharko da bidea egin ahal izateko. Baina sektoreak behar du elkarlan hori, helburuak zehaztu eta guztiok norabide berean arraun egiteko modua», nabarmendu zuen Agirrek.

Miguel zapiain

«Gure benetako kezka urte guztian kalitatez ekoiztea eta saltzea da»

Eroskik urtean milioi bat botila sagardo saltzen ditu. Erakustoki garrantzitsua da.

Guretzat bezero oso garrantzitsua da. Eroskirekin beti sintonia ona izan dugu, komertzialki gauzak elkarrekin egiteko orduan ondo konpondu izan gara eta salmenta kopuru aldetik ere garrantzitsua da. Horrez gain, guretzat Eroskik badu ezaugarri garrantzitsu bat: enpresa bertakoa da eta kulturalki beste edozein supermerkatu kate baino gertuago sumatzen dugu. Sagardoa hamarretik bederatzi Euskal Herrian kontsumitzen da, eta, bide horretan, Eroski bidelagun egokia da.

Euskal Sagardoa jatorri izenari ere tokia egingo dio Eroskik eta badirudi udaberrian iritsiko dela merkatura. Erronka garrantzitsua sagardogileentzat.

Oso-oso garrantzitsua. Gure sagardoak faktore asko dauzka alde: historia, tradizioa, ohitura, folklorea, bertako sagarrak –beste inon ez daudenak–... Baina kontrakoak ere badauzka, eta horietako bat da lehengaia falta zaigula bertako sagarrarekin bakarrik lan egiteko. Bertan sagastiak sortzea ez da lan erraza, Gipuzkoako lurrak oso menditsuak direlako, baina merezi du ahalegina egitea, denon mesederako izango da eta.

Txotx garaia hasia da. Baina datuek diote sagardoa gero eta gehiago kontsumitzen dela urte guztian.

Guk, Zapiainen, fakturazioaren %90 baino gehiago botilen salmentan oinarritzen dugu. Txotxak, zentzu horretan, ez dauka pisu handirik. Baina txotx garaia garrantzitsua da beste funtzio batzuk betetzen dituelako. Kontsumitzailea zure etxera etortzen da, tratua gertukoa eta pertsonala da, jendearen iritziak jasotzen dituzu... Kolore horiek guztiak dauzka txotx garaiak eta interesgarria da. Baina gure benetako kezka urte guztiko salmenta da. Gure benetako kezka urte guztian kalitate goreneko sagardoa egitea eta botila horiek merkaturatzea da. Eta Eroski bidelagun dugu urte guztian.

Zer-nolako txotx denboraldia espero duzu?

Ez dut ezusteko handirik espero. Azken urteotan erabat aldatu dira joerak. Patrika hotza dagoelako edo ohiturak aldatu direlako, baina jende gehiena asteburuan pilatzen da. Jendeari asko kostatzen zaio astegunean gauez mugitzea. Garai bateko astegunetako afari horiek dezente galdu dira eta pena ere ematen du, sagardotegiko arima afari horietan ere badagoelako.

Eta asteburu ero eta jendetsu horietan ba al da sagardotegiaren arimarik?

Hilabeteko kontua izaten da, txotxaren hasiera eta bukaera lasaiago joaten dira. Martxoko asteburuak izaten dira normalean eroenak. Hala ere, arazoa ez da jende kopurua izaten, jende klasea baizik.