Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa

Gasteizaldea, biosferaren erreserba

Unescok hala izendatutako ekosistema bereziak dira biosferaren erreserbak. Bereziak dira haien helburua ez delako soilik natura babestea, natura-parkeetan gertatu moduan, baizik eta babes hori gizakiaren esku hartzearekin batera antolatzea eta kudeatzea. Bi dauzkagu Euskal Herrian: Urdaibai, 1984tik, eta Bardea, 2000tik. Ezberdinak izanagatik, badute salbuespen bitxi eta antzerako bat: erreserbaren arautegitik kanpo geratzen den eremu bat. Urdaibain, lurzoru urbano eta urbanizagarria, eta, Bardean, tiro-eremu militarra. Posible al litzateke hirugarren biosferaren erreserba bat planteatzea Euskal Herrian, halako salbuespen eremurik gabe?

Gasteiz “Europako Hiriburu Berde” izendatu zuten 2012an, eta Gasteizaldeak biosferaren erreserba bihurtzeko ezaugarriak bazituela ere ziurtatu zuten hainbat adituk, tartean Luis Andres Orive Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko (CEA) arduradunak eta Antonio Serrano katedradunak. Erreserbaren berezitasuna, hain zuzen ere, 250.000 biztanleko hiri bat haren barnean biltzea litzateke, lehen esandako salbuespenak errepikatu gabe. Hortaz, biosferaren erreserba urbanoa litzateke Gasteizalde osoa, hiriburua barne. Horretarako, Hiriburu Berdearen onurak eskualde mailara egokitu eta landu beharko lirateke, eskala handiagoak eskainitako aukerak barneratuz.

EHUko Arkitektura Eskolako ikasleekin horixe lantzen saiatzen ari gara, eta, Udalbiltzaren Ikerbiltza programari esker, Yon Barcena CEAko arkitektoa etorri zitzaigun iragan azaroaren amaieran, azalpen interesgarriak ematera. Haren ustez, hiriaren zein landaren plangintzan informazio gehiagorekin egin behar dugu lan, antolakuntza fisikoa hobetuko badugu. Horretarako gako garrantzitsu bat gizarte osoaren parte hartzea da: gizartearen inplikazioak, erabakiak demokratikoagoak egiteaz gain, adimen kolektiboa ere lantzen laguntzen duelako, plangintza informazio konplexuagoarekin aberastuz.

Gasteizaldeko biosferaren erreserban gune zentral bat egongo litzateke, funtsean eraztun berde osatua izan litekeena. Gune zentral horrek lokailuak edukiko lituzke, korridore berdeak, barnerantz, natura eta biodibertsitatea modu jarraituan hirian sartzeko, eta, kanporantz, lurraldea sozializatzeko, eskualdea kalekumeontzat ere modu atseginean irisgarri egiteko.

Garapen produktibo batzuk babesarekin bateragarriak izan beharko lirateke; bereziki, tokiko sozioekonomia modu iraunkorrean lagunduko luketenak: nekazaritza ekologikoa eta haren produktuen transformazioa, abeltzaintza estentsiboa, baso komunalen ustiatze jasangarria, energia berriztagarriak… Eta zenbait mehatxurekin, aldiz, erabat bateraezina: “Berrikuntzaren Arkua” deitu duten industrialde lineal erraldoia, Zaia errekako dike demasekoa, gas-putzu (ezohiko zein “ohiko”) kutsakorrak, abiadura handiko trenerako Gasteizko mendien zulaketa alferrekoa…

Azpiegitura berdeak deiturikoei garrantzi berezia eman beharko litzaieke, finean, erreserbako biztanleek argi ulertzeko ekosistema natural osasuntsuek zerbitzu anitz eskaintzen dizkietela: jakien eta energiaren hornikuntza, erregulazioa (lehorteen zein uholdeen aurrean, lur-erosioaren aurrean…), biodibertsitatearen babesa, eta baita aisialdiarekin eta turismoarekin lot daitezkeen balio estetiko eta kulturalen mantentzea ere. Azpiegitura berde horiek betidanik existitu dira, jakina: berritasuna da hirigintza-plangintzarekin lotzea. Zailtasuna, erronka, oreka lortzean datza. Baina argi izanda batzuetan ezin dela dena aldi berean lortu. Azpiegitura grisek (errepideek, industrialdeek), adibidez, azpiegitura berdeak gehienetan zatitu eta txikitu egiten dituzte: Kuaternarioko akuifero bat kaltetzen bada, SHESA enpresa publikoak Subilla Gasteizen egin lezakeen bezala, akabo haren zerbitzu ekosistemikoak. •