Ion Salgado
ADINEKOEN BAKARDADEA

Gasteizko Udalak informazio kanpaina bat abiatu du edadetuek pairatzen duten bakardadeari aurre egiteko

Uztailean Gasteizko Udalak «Bakardadeari aurre egin nahi diot» kanpaina jarri zuen martxan. Gizarte zerbitzuen sistemak artatzen ez dituen eta bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako herritarrek pairatzen dituzten behar sozialeko egoerak detektatzea du xede kanpainak, adinduoi arreta eskaini ahal izateko.

Zahartzearen fenomenoa errealitate bilakatu da Euskal Herrian. Bizi-itxaropena luzatu egin da eta gero eta adineko gehiago bakarrik bizi dira. Gasteizen, esaterako, 75 urte edo gehiago dituzten 6.500 pertsona inguru bakarrik bizi dira eta horietako 2.500 adinekok ez dute harremanik Udaleko gizarte zerbitzuekin, Arabako Foru Aldundiarekin edo EAEko Gobernuarekin. Hala adierazi zuen Gorka Urtaran alkateak 2015ean, hauteskunde kanpainan, adinekoen bakardadearekin amaitu nahi zuela iragarri zuenean. Pasa den uztailean, Udal Gobernuak lehengo urratsa egin eta “Bakardadeari aurre egin nahi diot” kanpaina martxan jarri zuen.

Jessica Bittman Gasteizko Udaleko langilea da eta aipatutako kanpainan parte hartzen ari da. Psikologo gazte honek azaltzen duenez, kanpainak gizarte zerbitzuen sistemak artatzen ez dituen eta bakarrik bizi diren adinekoek pairatzen dituzten behar sozialeko egoerak detektatzea du xede, ostean arreta eskaini ahal izateko. Helburu hori lortzeko, Udalak gutun eta liburuxka bana bidali dizkie bakarrik bizi diren 75 urtetik gorakoei. Bertan hainbat arlotan lagungarri izan ditzaketen baliabideei buruzko informazioa ematen zaie, bakardadeari aurre egitea helburu.

Lau premisetan oinarritzen da liburuxka: “Bakardadeari aurre egin nahi diot”, “Ikasi eta gozatu nahi dut”, “Etxean bizi nahi dut” eta “Hobeto egon nahi dut”. Hala, liburuxkan edadetuek osasun parkeetako eta Adinekoentzako Zentro Kulturaletako informazioa topa dezakete, adibidez. Adinekoentzako Zentro Soziokulturalak jendearekin elkartzeko eta parte hartzeko lekuak dira. Gasteizko Udalak bidalitako liburuxkan azaltzen den bezala, beti dago zereginik bertan; «era askotako ekintzak dituzu aukeran, egunero. 200 ikastaro eta lantegitik gora, nahi duzuna aukeratzeko: informatika, kultura, biodantza, antzerkia, haur eta gazteekin batera egiteko jarduerak». Halaber, hobeto egoten lagunduko dieten zerbitzuak daude zentro hauetan: podologia, ile-apaindegia, irakurtzeko lekua, jantokia… Jantokiari dagokionez, liburuxkak Udal Jantoki Zerbitzuaren eskaintzari buruzko informazioa jasotzen du, eta Bazkaria Etxera Eramateko Zerbitzuari buruzko informazioa ere topa dezakete adinekoek.

Halaber, Eguneko Arreta Zerbitzuari buruzko informazioa agertzen da. «Laguntza pertsonalizatua emango dizugu, ahalik eta autonomiarik handiena izan dezazun. Gainera, adineko beste pertsona batzuekin egongo zara, eta hainbat jarduera egingo dituzu, konpainia onean», nabarmentzen du Udalak.

Familia zaintzaileei laguntzeko programaren informazioa ere jasotzen du liburuxkak. Izan ere, kanpaina adinekoen familiei eta auzoetan lan egiten dutenei zuzenduta dago. Bittmanek dioenez, Udalak herritar guztien inplikazioa lortu nahi du, helburuetarako bat adinekoen inguruan sostengu eta behaketa sare bat osatzea baita. «Hiritar guztiengana heldu nahi dugu. Askok adinekoak ahulak eta txiroak direla uste dute, eta ideia horrekin amaitu nahi dugu. Adinekoek kolektibo anitza osatzen dute, behar ezberdinekin. Eta adineko asko autonomoak dira, bilobak eta mendeko senideak zaintzen dituzte», dio psikologoak, behatoki sozialaren garrantzia nabarmenduz.

Bi norabideko borroka

«Kanpaina martxan jarri zenean esfortzu handia egin genuen. Ekainean publizitate kanpaina burutu genuen, eta irailean hasi ginen auzoetan lan egiten. Eragile sozialekin eta adinekoekin harremanetan dauden langileekin bildu ginen, adibidez bankuetako langileak edota dendariak. ‘Bakardadeari aurre egin nahi diot’ kanpaina ahalik eta gehien zabaltzea zen asmoa; adinekoen ongizatea, adinekoak bakarrik ez sentitzea, guztion ardura dela nabarmendu nahi genuen», gaineratu du.

Eta badirudi kanpaina emaitzak ematen ari dela. Lehen hilabeteetan Gizarte Politiken Sailak 70 kontsulta jaso zituen, eta bakardadeari aurre egiteko baliabideen inguruko informazioa eskatu zuten sei lagun artatu zituen. Guztiak 76 eta 85 urte bitarteko emakumeak. Horietako batek isolamendu egoera larria bizi zuen.

Urriko datuen arabera, Gasteizko Udalaren webguneak 965 bisita jaso zituen kanpainako informazioa eskuratzeko. Horrez gain, 36 lagunek deitu zuten 010 telefono zenbakira adineko askok pairatzen duten bakardadeari aurre egiteko kanpainari buruz galdetzeko, eta beste 94 pertsona Herritarrei Laguntzeko Bulegoetara hurbildu ziren. «Jaso ditugun kontsulta guztiei esker 75 urte baino gehiago duten 13 adineko artatu ditugu Gizarte Politiken Sailean. Bederatzi, %77, emakumeak ziren, 75 eta 89 urte bitartekoak», azaldu du Jessica Bittmanek.

Dioenez, emakumeen bizi-itxaropena gizonena baino luzeagoa da, eta beranduago sartzen dira zahar-etxeetan. «Emakumeak denbora gehiagoz bizi dira euren etxeetan, agian etxeko eta egunerako zereginak egitera ohituta daudelako».

Hiru gizon eta bikote bat ere artatu dituzte kanpainari esker. «Nahiz eta bakarrik ez bizi, kanpaina bakarrik sentitzen direnei ere zuzenduta dagoela aipatu beharra dago», azpimarratu du Bittmanek, kasu batzuetan adinekoak senideekin joan direla informazio eske nabarmenduz. Izan ere, bakarrik bizi diren adineko batzuek familia dute, eta senideekin hurbiltzen dira Gizarte Zerbitzuetara. «Ez dut uste familien babesik ez dutenik, baina kasu askotan seme-alabek kanpoan egiten dute lan. Senideak hurbil edukitzea ez da beti nahikoa bakarrik ez sentitzeko. Senideekin bizi eta bakarrik senti zaitezke», nabarmendu du udal langileak.

Etorkizuneko erronkak

Datorren hilabetean kanpainaren ebaluazioa egingo dute Gasteizko Udaleko teknikariek. «Kanpainan parte hartu duten pertsonak nolakoak diren ikusi beharko dugu, eta zer-nolako zerbitzuak eskatu dituzten. Eta aztertu beharko dugu ere nolakoak diren eskaintzen ditugun zerbitzuak», adierazi du.

Gurutze Gorriarekin sinatutako akordioari esker eskaintzen dituzten zerbitzuen publizitatea egiteko asmoa ere badutela azaldu du Bittmanek, adineko askok ez baitituzte ezagutzen Udalak martxan jarritako laguntza programak. Gurutze Gorriko boluntarioek etxez etxeko bisitak egingo dituzte, oinarrizko gizarte zerbitzuetan adinekoek eskura dituzten zerbitzuak azaltzeko. «Eskaintza garatzeko lan handia dugu oraindik», ohartarazi du. Hori bai, lanean jarraitu dute adinekoak hobe senti daitezen, bakardadeak ondorio fisiko larriak baititu.

 

Gizarte zerbitzuen arloko eskumenak eskualdatzeko akordioaren ondorioak

Gasteizko Udalak bakarrik bizi diren adinekoei bidalitako liburuxka aldatu egin beharko dute etorkizunean. Izan ere, pasa den hilean Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak akordio bat izenpetu zuten bi erakundeek gizarte zerbitzuen arloko eskumenak eskualda ditzaten. Foru Aldundiak azaldu zuenez, lankidetzarako esparru hitzarmen horrek iazko abenduaren 26an indarrean jarri zen Prestazio eta Zerbitzuen Zorroaren Dekretuari erantzuten dio. Ildo horretan, hemendik aurrera, honako zerbitzu hauek Gasteizko Udalaren eskumenekoak izango dira: etxez etxeko laguntza eta zaintzaileentzako laguntza. Hori horrela, Udalak bere gain hartuko ditu bi erakundeek Ascudean mendeko pertsonen zaintzaileen elkartearekin izenpetuta dituzten lankidetza hitzarmenak.

Arabako Foru Aldundiak, berriz, honako zerbitzu hauen ardura izango du: adineko mendeko pertsonen plazak San Prudentzio egoitzan; babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeentzako etxeak; gizartetik baztertuta bizi diren pertsonentzako egoitzak; Berehalako Harrera Zentroa, genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako eta euren seme-alabentzako; Arreta Soziojuridiko eta Psikosozialeko Zerbitzua, emakumeen eta adingabeen aurkako tratu txar matxista eta eraso sexual kasuetarako; Garraio Egokituko Zerbitzua; eta Gizarte Larrialdietako Zerbitzua.

Jessica Bittman psikologoak dioenez, Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko teknikariak eskumen eskualdatzea herritarrei eragozpenak sortu gabe egiteko ari dira lanean. «Liburuxka berrargitaratu beharko dugu, zenbait zerbitzutan mendekostasun gradua duten adinekoek lehentasuna izango dutelako», azaldu du. Dena den, eskumenen eskualdatzea prozesu luzea izango da psikologoaren ustez: «Erabakiak hartu behar ditugu lehenik, eta, gero, trantsizio epe bat egongo da».