2017/01/21

LeireBarrera
gure hezkuntza plataformen topagunea

Hezkuntza komunitateak argi dauka «hemengo nahiei eta beharrei erantzuten dien eredu propioa» eraikitzeko garaia dela. Ebaluazioa sistema bera ere aztergaidutela aurreratu digu Barrerak etahausnarketan parte hartzeko deia egin du.

«Gure hezkuntza sistema propioari ausardiaz benetako hauspoa emateko garaia da»
Nerea GOTI
Pd22_f02

«Heziberri LOMCEri aurre egiteko tresna gisa aurkeztu zen, baina Heziberriren bidez LOMCEren neurri asko ezartzen ari dira. Egun esan dezakegu Heziberri dela LOMCEren ezarpenaren bermea»

«Hezkuntzak kolore anitzeko proiektua izan beharko luke. Horrela balitz, hauteskundeak edonork irabazita ere, ez litzateke lege aldaketarik izango»

Hezkuntza ez da eguneroko agenda politikoan lehen mailan dagoen gaietako bat, baina, aldiz, LOMCE legearekin gertatutakoa da inposizio eta subiranotasun ezaren adibide argienetako bat. Kasu horretan, gizarteak aurrea hartu die erakundeei, eta, salaketa hutsean geratzeke, eraikitzen ere hasia da. «LOMCE ez aplikatzeko konpromisoa dugu eta gure hezkuntza eredu propioaren aldeko urratsak ematen jarraituko dugu», argitu du Leire Barrera Gure Hezkuntza Plataformen Topagunearen izenean. Bertan, familiak, irakasleak, ikasleak eta hezkuntza langileak ari dira eskuz esku lanean.

 

Ikasturte honetan ez da errebalidarik egongo, Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburuak adierazi duenez. Zein da egoera? Gure Hezkuntza Plataformen Topagunearen lana bukatu al da?

Argi dagoena da eztabaida ireki egin dela, baita gizarteratu ere. Errebalida eta oro har ebaluazio sistema osoa ezbaian dagoela argi dago. Kezkatzen gaituen gaia da eta lantzen jarraituko dugu. Baina argi dugu hezkuntza sistemaren beste atal bat besterik ez dela, bere garrantziarekin, jakina.

Bestelako hezkuntza eredu bat posible dela badakigu, hemengo errealitatetik abiatuta, merkatuen interesetatik at, umea erdigunean kokatuz, ikasketa esanguratsua ahalbidetuz. Euskalduntzen duen hezkuntza sistema behar dugu, inklusiboa, hezkidetzailea, eta argi dago bide horretan gure herriari begira jarri behar dugula. Guk baino hobeto inork ez duelako ezagutzen zeintzuk diren beharrak, indarguneak, ahulguneak. Horregatik gure hezkuntza sistema propioari ausardiaz benetako hauspoa emateko garaia dela uste dugu.

Kritika zorrotzak egin zaizkio Heziberriri, Hezkuntza Sailak ebaluazio sistema mantendu eta aplikatzen jarraitzeko baliatu baitu. Hau da, Lehen Hezkuntzari eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkien dekretuak martxan daude jada, eta, faltan ziren Batxilergoko ebaluazioen dekretuak, berriz, irailaren 23an publikatu ziren. Bertan ikusten da zein den asmoa, ebaluazioarekin lotutako ikasturte honetako panorama argitzen baita. Lehen Hezkuntzan, ondorio akademikorik gabeko probak izango dira 3. mailan; hala, iaz bezala, barne ebaluazioa egingo da. Ostean, 6. mailan, etapako ebaluazioa egingo da, oraindik ez badakigu ere soilik “lagin” gisa balioko duen edo ez. Gainera, 4. mailakoei ebaluazio diagnostikoa egitea ere badagokie aurten. Bigarren Hezkuntzan, berriz, 2. mailakoei ebaluazio proba egitea dagokie, eta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan, “lagin bat” hartuko dute. Hori horrela, ebaluazioa aukeratutako institutu eta zentroetan soilik egingo da. Ebaluazio horrek ez du zuzeneko eragin akademikorik izango; titulua berdin emango dute azterketa gainditu ala ez. Bukatzeko, Batxilergoan ebaluazioa egingo da eta honek ere ez du eragin akademikorik izango; hori bai, selektibitatearen lekua hartuko du. Beraz, argi dugu Plataformen Topaguneak lan handia duela oraindik; bidea luzea izango dela uste dugu. Esan bezala, inposizioen kontra gaude: LOMCE ez aplikatzeko konpromisoa dugu, eta gure hezkuntza eredu propioaren aldeko urratsak ematen jarraitzekoa.

 

LOMCE indarra galtzen ari den sentsazioa zabaldu da, Wertek diseinatutakoa «astakeria» leundu egin dela. Ba al du, baina, euskal hezkuntza komunitateak lasaiago egoteko motiborik?

Plataformen Topagunearen kideok oso kezkatuta gaude. Jakin badakigulako Heziberriren dekretuekin LOMCE legearen ezarpena martxan dagoela. Gainera, aldaketarik ez da sumatzen. Are gehiago, ebaluazioaren ezarpenak aurrera egin du; esaterako, Lehen Hezkuntzako etaparen bukaeran ikasle bakoitzaren txostena bete eta irakasleen ebaluazioa egin behar da. EAEn behintzat ez dugu ikusten lasaiago egoteko motiborik eta aurrerantzean ere ikusteke dago zer gerta daitekeen.

Hezkuntza komunitateak, bestelako hezkuntza eragileekin batera, lortu ditu garaipen txikiak eta txikitasun horretan duten balioagatik handiak direla esango nuke. Hezkuntza legeen erreforma astakeria hutsa dela agerikoa da, baina, errealitatean, ikastetxeetan eta kalean egondako mobilizazioa eta presioa izan dira garaipen horien gako nagusietakoak. Hala ere, hezkuntza komunitatea kontran agertu arren, badira gure ikastetxeetan LOMCEtik eratorritako neurriak, Heziberrik jaso baititu. Zalaparta handiena sortu duena baliteke ebaluazioena izatea, baina bestelako neurriek ere kezka handia sortzen digute.

Werten legea hain basatia izanik, denok aurka agertu gara: gehiengo politikoa, hezkuntza eragileak, hezkuntza komunitatea, herritarrok… Argi eta ozen adierazi dugu ez dugula LOMCE nahi. Legea indargabetzeko ekimen ezberdinak egin ditugu: “LOMCErik gabeko herria”, sinadura bilketa, planto dinamika... Badaude, beraz, arrazoi nahikoa pentsatzeko eragina izan dugula. Ahaztu gabe beste faktore bat: PPk gehiengo osoa galdu izana. Gainera, Espainiako Gobernuak eta erkidegoetako ordezkariek bilera bat egin zuten azaroaren 28an, eta, errebalida baztertu eta selektibitateari eustea erabakitzeaz gain, LOMCE legearen hemendik aurrerako aginduak impasse egoeran utzi eta “itun nazionala” egingo dela adierazi zuten. Horrek guztiak lasaitu egin du hezkuntza komunitatea, jakina.

 

Errebalidekin gaineko kezkaren itzalean, LOMCE legearen beste atal batzuk ezartzen joan dira. Zein da egoera?

Hamaika neurri sartu dizkigute ezkutuan. Lehen Hezkuntzan Erlijioa eta Balio Zibiko eta Sozialak ikasgaia ezarri da adibidez; hala, erlijioa derrigorrez eskaini eta aktetan kalifikatu egin behar da gainerako ikasgaien baldintza eta ondorio berberekin. Horrez gain, Gizarte Zientziak eta Natur Zientziak ikasgaietan banatu da Ingurunea arloa, Lehen Hezkuntzak zituen hiru zikloak desagertu egin dira, Bigarren Hezkuntzan ordutegia luzatu egin da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako ikasleek bi matematika dituzte aukeran –hezkuntza aplikatura bideratuta bat eta hezkuntza akademikora bestea–, dokumentu ofizialetarako ereduen aplikazio informatikoak garatu dira –azken ebaluazioaren aktak, datutegia, ordutegia…–, testuliburuak egokitu dira irakasgai berriekin… Horrenbestez, ezkutuan, inolako eztabaidarik gabe, LOMCEtik datozen neurriak gure ikastetxeetan txertatuz joan dira.

 

Azken ikasturteetan eskola komunitatea nahasmen handi batean murgildu da: inork ez zekien esaten errebalidak egingo ziren ala ez, nolakoak izango ziren... LOMCEren aurka azaldu baina antzekotasun handiak dituen Heziberri dekretua ezarri du Lakuak berak ere. Zer-nolako argazkia egiten du Plataformen Topaguneak Hezkuntza Sailaren jokabidearen inguruan?

Hezkuntza Plataformen Topaguneko asanbladetan sentsazio arraroa zegoen etengabe. Nora eza izan da nagusi, irakasleek, zuzendariek… ez zekiten ikasturte hasieran kurtsoa nola amaituko zen, are gutxiago gurasoek… Askotan albistegietan agertutako adierazpenak kontraesankorrak izan dira eta hezkuntza komunitatearen aldetik deskonfiantza areagotuz joan da. Heziberri LOMCEri aurre egiteko tresna gisa aurkeztu zen, baina, aldiz, Heziberriren bidez LOMCEren neurri asko ezartzen ari dira.

Gure ustez, Heziberri Euskal Herrirako eta Euskal Herrian garatzeko egitasmoa izan beharko litzateke. Tamalez, Hezkuntza Sailak duen jokabidea etengabe Madrili begira izatea da gure ustez. Madrilen eman daitekeen balizko aldaketan jarri du itxaropena. Alde batetik, ekimen eta ausardia falta sumatzen da. LOMCE lege organiko bat dela aitzakia gisa hartuta, horren inposizioari aurre egin beharrean, Heziberriren dekretuetan integratzen joan da. Egun esan dezakegu Heziberri dela LOMCEren ezarpenaren bermea.

 

Horrek esan nahi du Madrilen inoiz LOMCE bertan behera uztea lortuko balute, Heziberrik indarrean jarraituko lukeela EAEko zentroetan?

Madrilen LOMCE bertan behera uztea lortuko balute, LOMCEtik datozen eta Heziberrik beregain hartzen dituen hainbat neurrik, dekretu bidez onartutakoak, indarrean jarraituko lukete moldatu ezean. Posiblea da egingo den “itun nazionalak” LOMCE beste lege organiko baten bitartez geldiaraztea, baina ez gaitezen engaina: lege berriak ere Madril izango du sabai eta Madrilen ezartzen diren lege organikoek ez diote Euskal Herriko beharrei erantzuten. Beren menpe jarraituko dugu erabateko eskumenIk izan ezean. EAEko zentroetan zer gerta daitekeen ikusteke dago oraindik, baina hemen Heziberri egitasmoa dugu dagoeneko.

 

Euskal izena izanik eta EAEko Hezkuntza Sailak berak egina izanik, hezkuntza komunitatearen zati batek ez du agian Heziberri Lomce bezain arrotz ikusten. Zein hezkuntza eredu marrazten du Heziberrik?

Hala dirudi, bai. Horregatik da hain garrantzitsua ondo definitzea zer hezkuntza mota nahi dugun. Gure ustez, hezkuntza herritar ororen eskubide indibidual zein kolektiboa da. Gure garapen integrala bultzatzen duena, pertsona aske, solidario, euskaldun, autonomo, sortzaile eta kritikoak sortzeko gaitasuna duena. Eskola euskalduna nahi dugu. Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzura egongo den tresna bat da hezkuntza. Hor dago gakoa. Une honetan pentsa dezakegu Heziberri, LOMCE edo beste herrialde batzuetako hezkuntza ereduen artean ez dagoela ezberdintasunik. Baina Heziberri ez dago gure herriaren behar eta nahiei begira diseinatuta, eta hori da gure kezka nagusia: zer hezkuntza nahi dugu? Interes ekonomiko, enpresa eta merkatuen interesei begira dagoena? Ikasleen bazterketa bultzatzen duena? Hezkuntza diskriminatzaile, elitista, merkantilista eta konpetitiboa nahi dugu? Guk argi dugu bestelako hezkuntza eredu bat dela hemen behar eta nahi duguna.

 

Uriarte sailburuak gogor jo du zenbaitetan hezkuntza eragileen kontra. Nola ikusten duzue Lakuako Gobernuak eragileekin izan duen jarrera?

Hezkuntza eragile ezberdinak izugarri ahalegindu gara informazioa lortzen: irakurri, kontsultatu, hezkuntza eragileen artean harremanak eta informazioa trukatu… Bitartean, «hemen LOMCE oharkabean pasako da, hemen ez da aplikatuko» bezalako adierazpenak entzuten genituen. Aldiz, errealitatean familiek eta irakasleek aho batez esaten zuten ikastetxeetan neurriak ezartzen ari zirela. Penaz ikusi izan dugu egoera, baita egindako adierazpenak ere. Izan ere, hezkuntza komunitateari informazioa garaiz ematea “aukera” baino betebeharra dela uste dugu; gure eskubidea da. Hezkuntza eragileekin batera LOMCEren aurka ekiteko baldintzak zeuden nahi izanez gero. Baina hartutako neurriekin, hezkuntza komunitatean argi ikusi genuen ez zutela norabide horretan joateko asmorik.

Azken ikasturteetan inoiz ezagutu ez den mobilizazioa dinamika izan da hainbat ikastetxetan, errebaliden aurrean planto masiboak... Zelan baloratzen duzue?

Gure balorazioa oso positiboa da. Edozein ekimenek, mobilizaziok... inplizituki konpromiso zuzena dakar. Funtsezkoa da hezkuntzaren inguruko kezka, inplikazioa, hezkuntza komunitate osoak ekimenetan parte hartzea... Azken batean, ekimen baten partaide sentitzea salto kualitatibo ikaragarria ematea da. Familia, ikasle, irakasle, ikastetxeko langile, herritarrek... elkarlanean ekimenak aurrera ateratzeak erakusten du era eraikitzailean ekarpenak egiteko prest dagoen masa bat dagoela, eta hori beti positiboa da.

 

Hezkuntza Sailak gutxitan ezagutu den adostasun zabala izan du LOMCEren aurka: familiak, irakasleak, ikasleak, sindikatu guztiak... Gizarteak emandako babes horrekin, zer egin beharko luke Lakuako Exekutiboak?

Hezkuntza eragileak eta hezkuntza komunitatea prest agertu gara une oro inposizioari aurre egiteko. Hezkuntza propio bat izateko konpromiso eta inplikazio itzela dago. Beraz, Hezkuntza Sailak arduraz jokatu beharko luke, nola? Madrili eta Europari begira egon beharrean Euskal Herrirako eta Euskal Herrian garatzeko hezkuntza sistema bat osatuz. Horretarako hezkuntza eragileen, alderdi politikoen, hezkuntza komunitatea osoaren iritziak, ekarpenak… entzun eta kontutan hartu beharko lituzke. Guztion parte hartzearekin Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema gauza dezakegu. Horrek suposatuko luke orain arte egindako lana kontuan hartzea, proiektuak, alternatibak, badira-eta. Heziberrik curriculumean egindako egokitzapenak bertan behera uztea ere eskatuko luke.

 

Azaldu duzuenez, Heziberriren bitartez LOMCE aplikatzeko berme nagusia ebaluazioarena da. Horregatik, ebaluazio sistema bera eztabaidara eta hausnarketara eraman nahi duzue aurten.

Ebaluazioak garrantzi handia du edozein hezkuntza sisteman. “Ebaluazioa” eta “kalifikazioa” termino ezberdinak dira eta askotan nahasmen handia sortzen da. Ebaluazioa ezinbesteko elementua da eskolan. Baina ebaluazioa hobetzeko tresna gisa erabili ahal da, aldaketak eta hobekuntzak baimentzen dituen tresna gisa, edo, aldiz, kontrol mekanismo bat izan daiteke, eta hori arriskutsua izan daiteke. Ebaluazioaren erabilpena bera eta ebaluazioa nondik nora eraiki behar den eztabaidatuko dugu. Hezkuntza sistema propioak bere ebaluazio sistema propioa izan beharko du eta horretan zentratuko gara: zelan ulertzen dugun gure ebaluazio sistema propioa, nola eraiki behar den, zertarako eta nola erabiliko den. Eztabaida parte hartzailea izatea nahi dugu eta beste esperientziak kontuan izango ditugu. Beraz, hemendik ere otsailaren 18an parte hartzera animatzen ditugu eragileak, guztion ekarpenekin jantzi nahi dugu proposamena, eta kontzeptua edukiz betetzen joan.

 

Hezkuntza sistema propioaren aldarria egin duzue hasieratik. Zertan datza?

Esan dugun bezala, gure hezkuntza sistema propioaz hitz egiten dugunean Euskal Herrirako eta Euskal Herrian garatzeko hezkuntzaz hitz egiten ari gara; gure errealitatean oinarritzen den eta gure behar eta nahiei erantzuten dien hezkuntzaz ari gara. Ezinbesteko osagai batzuk irudikatzen ditugu, besteak beste, errealitate guztiak aintzat hartzea edota ikasleak erdigunean kokatzea. Horrez gain herritarra, hezkidetzailea, sortzailea, parte hartzailea, euskalduna... izan behar da.

 

Zer-nolako indarra du aldarrikapen horrek gizartean?

Argi dagoena da oro har gaur egungo hezkuntza sistemak ez duela hezkuntza komunitatea asetzen. Ondorioz, gero eta gehiago dira aldarri hori aldarri izatetik errealitate izatera pasatzea eskatzen duten plataformak eta pertsonak. Adostasunak bilatzeko momentua dela pentsatzen dugu. Baldintzak egon badaude eta gu ere prest gaude ekarpenak norabide horretan egiteko.

 

Badirudi, legealdi honetan hezkuntza lege bat onartzeko aukerak izango direla. Zer giro ikusten duzue?

Auzia beste prisma batetik begiratu beharko genukeela uste dugu: hezkuntza lege berri bat ezin da soilik alderdi politikoen esku utzi. Bestelako eragileek ere funtsezko papera jokatu behar dute. Benetako partaidetza bultzatu behar da, beldur barik. Asko gara hezkuntzan ekarpenak egiteko prest gaudenak eta errealitatean zer tarte gutxi eskaintzen zaigun konturatzen gara. Hezkuntzak kolore anitzeko proiektua izan beharko luke. Horrela balitz, hauteskundeak edonork irabazita ere, ez litzateke lege aldaketarik egongo; ikaslea erdigunean kokatu eta herri gisa garatutako hezkuntza proiektua izan beharko litzateke zutoin. Argi dago euskal hezkuntzak beste lege bat behar duela, euskal curriculuma eta euskal kultura garatuko dituena, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituena eta euskal eskola publiko berria bultzatuko duena.