Iñaki Altuna

Konponbidearen agenda herriaren esku utzita

Galdetuko bagenie Michel Berhocoirigoini, Txetx Etcheverryri edo Luhuson atxilotutako beste edozeini zerk ote duen beraientzat garrantzi gehiago, armak deuseztatzea edo presoak etxeratzea, seguruenik gehien amesten duten helburua bigarrena dela erantzungo lukete, gehiegi pentsatu gabe. Euskal herritarrak dira, eta duda gutxi dago euskal seme-alaba guztiak etxean libre nahiko dituztela. Lehenago ere ikusi ditugu aldarri horri lotuta. Egia esan, Ipar Euskal Herrian gogo horrek akordio zabala erdietsi zuen 2014ko urrian hitzartutako Baionako Adierazpenean. Amnistia lege baten eskaera ere jaso zuten familia politiko guztietako ordezkariek sinatutako testuak.

Bakearen artisauak armagabetzean horrela inplikatzeak, beraz, ez du esan nahi gai hori beste edozeren gainetik jartzen dutenik. Konponbide osoaren beharra aldarrikatzeko modua da, modu konprometitua eta praktikoa, hitz hutsetan geratzen ez dena. Estatuen itxikeria ageri-agerian utzi dute eta gatazkaren ondorioen konponbideari ekiteko beste eskema bat osatzea lortu dute. Armagabetzean konprometitu dira ez soilik gai horri soluzioa emateko, konponbide osoarekin kezkatuta daudelako baizik. ETArekin gurutzatu dituzten gutunak irakurtzea besterik ez dago ondorio horretara iristeko. Erakunde armatuak emandako erantzun batek horixe bera nabarmentzen du: «Konponbideak integrala behar du izan. Gai guztiek izan behar dute aterabidea, bakea behin betiko errotu dadin. Armategien auzia eta presoen auzia ditugu bi adibide nagusienetakoak. Halere, jakin ere badakigu alor bakoitzean, ahal den neurrian, aurrera egin beharra dagoela, azkenean denetan urratsak egiteko baldintzak sortu ahal izateko».

Bakearen etsaiek beste mezu bat zabaldu izan dute azken urteotan: ETAk presoak eta armak lotzen ditu ohiko negoziazio eskema batean, eta ez da horrelakorik izango. Arazoa horientzat ez da, ordea, soluzio eredua, soluzioa bera baizik. Eta blokeoari eusteko, konponbidearen agenda erakunde armatuaren eskaera taulatzat aurkeztu dute, berez Aieteko Konferentzian adostu bazen ere. Tamalez, Donostiako jauregian egondako bakarren batzuek Estatuari egin diote mesede bide orri horretatik aldendu diren neurrian. Hemen ere esanguratsua da Ipar Euskal Herrian ordezkari politikoek izandako maila eta ardura, emaitza ikusgarriak ekartzeraino.

Estatu espainolaren zein Estatu frantsesaren itxikeriak Aieten marraztutako elkarrizketa eredua galarazi ostean, Luhusoko ekimenak agenda hori argiki euskal gizartearen esku geratu behar dela erakutsi du. Behin baino gehiagotan esan da azkenaldian gatazkaren ondorioei ekiteko bultzadak herritik etorri behar duela. Esan askotan esan da, baina errealitate bilakatzea askoz ere zailagoa da. Eta horixe izan da Luhusoko ekimenak ekarri duena, askoren harridurarako eta zenbaiten lotsarako. Hedabideetan hitz eta pitz aritzeak eta ekarpenik egin gabe besteei eske-eske jarduteak ez dutela konponbidearekin zerikusirik agerian utzi dute Luhusoko atxilotuek. Hitzaren eta ekintzaren arteko aldea. Ekintza, armagabetzerako beste bide bat zabaltzea posible dela erakusteraino. ETAk artisauei gutunez esan bezala, «beste eragile batzuek prestutasun horren erdia agertu izan balute, askoz ere egoera hobeagoan geundeke gaur egun».

Konponbidearen agenda herriaren esku uzteko filosofia bera presoen alorrera ere iritsi dela ikusi dugu azken hilabeteotan, Kalera Kalera ekimenak Euskal Herri osoan hamaika ekintza egin ostean. Sareren manifestazioa herri protagonismo horren isla garbia izan da. Aspaldi ez bezala, agenda politikoan agertu da presoen egoera, horretarako zorigaitza ere pairatu behar izan duten arren berriro presoek eta beren senitartekoek. Izar, Sara Majarenasen alaba, hiltzeko arriskuan egon da, eta egoera horrek bi errudun ditu: indarkeria matxista eta Espainiako Gobernuak indarrean mantentzen duen espetxe politika bihozgabea. •