Isidro Esnaola

Nazioarteko ekonomia eta «notarioaren araua»

Etxebizitza baten eraikuntzan energia eta material kontsumo handiena lurraren prestaketan eta eraikuntza materialen moldaketan (adreiluak, porlana...) ematen da. Lan eta material horiek guztiek unitateko prezio oso txikia dute. Eta horiekin lotutako lanen prezioa ere oso baxua da. Bestalde, eraikuntzaren amaieran sustatzaile, jabetzaren erregistratzailea eta notarioa daude. Horiek ez dute apenas energia eta materiak gastatzen, baina, aldiz, etxebizitzaren azken prezioaren zati handi bat eramango dute. Beraien lanaren balorazioa oso handia da, nahiz eta energia eta material gastua txikia izan. Adibide hori erabili zuten Antonio Valero eta Jose Manuel Naredok gure ekonomiak nola funtzionatzen duen argitzeko. Eta “notarioaren araua” deitu zioten.

Kontzeptu horrekin egungo sistema ekonomikoak lan eta materialak modu berezi batean balioesten dituela irudikatu nahi zuten. Kostu fisiko handi eta lan nekosoko jarduerei balio gutxi emateko zenbait balorazio araua erabiltzen dira. Esate baterako, ekoizpen prozesuaren alde formalei garrantzi handia ematen zaien bitartean, prozesu horrek sortzen dituen hondakinak edota erabiltzen duen energia mota ez dira kontuan hartzen. Horrek, besteak beste, ekoizpenaren iraunkortasuna baloratzeko ez du balio, eta, gainera, katearen amaieran daudenei aberastasuna pilatzeko aukera bermatzen die.

“Notarioaren arauaren” eragina estatuen arteko harremanetan oso nabaria da. Horri esker, Ipar Atlantikoko estatuetan munduko aberastasuna pilatzen joan da; lan neketsuak eta material eta energia asko behar dituzten prozesuak munduko beste herrialdeetara bideratu dituzten bitartean, beraiek diseinuan, gestioan eta finantzetan espezializatu dira. Balio erantsi handiko prozesuak deitu ohi dira horiek. Horren adibideetako bat Oxfam gobernuz kanpo erakundeak asteon kaleratu duen “Populazioaren %99rentzat ekonomia bat” txostenean agertzen da: Londreseko burtsako FTSE 100 indizeko edozein enpresako zuzendari nagusiak urtebetean Bangladesheko ehungintzako 10.000 langilek beste irabazten du.

Joko arauak aurka edukita ere, Txinak munduko bigarren potentzia ekonomikoa bilakatzea lortu du. Edozein estatuaren esku ez dago lorpen hori. Txinaren ezaugarri politiko, sozial, demografiko eta kulturek ahalbidetu dute aldaketa, beste herrialdeen hegemonia zalantzan jarriz. Horrekin batera etorkizuneko arauak ezartzeko boterea handitu du Txinak. Testuinguru horrek kezka handia zabaldu du orain arteko globalizazioaren defendatzaileen artean. Txinaren nagusitasunari aurre egiteko bi estrategia agertu dira. Alde batetik, Obamaren Administrazioak martxan jarri zuena, merkataritza libreko hitzarmenen bitartez. Mugimendu horrekin, AEBek, nolabait esateko, “notarioaren araua” beraien alde birdefinitzea bilatzen zuten. Horretarako funtsezkoak diren kontuak gehiago zehaztu nahi zituzten AEBek, hala nola, marken defentsa, inbertsioen babesa, zerga arauak, jabetza eskubideak... Kontua, baina, honakoa da: globalizazioaren ondorioz Ipar Atlantikoko estatuetan aberastasuna pilatu baldin bada ere, industria nazionala gainbehera joan da. Eta prozesu hori gero eta nabarmenagoa da herrialde askotan. Egoerari aurre egiteko, Donald Trump AEBetako presidente berriak beste bide bat aukeratu du: industria nazionala babestea. Horrek ekarriko du kanpotik datozen produktuei zergak ezartzea, kupoak zehaztea eta antzeko neurriak hartzea. Politika horri protekzionismoa deitzen zaio. Eta ekonomiaren erlijioan benetako heresia da.

Davos Foroaren karietara aste honetan argitaratutako datuek argi utzi dute, krisiaren gorabeheren gainetik, aberastasunak gutxi batzuen eskuetan pilatuta jarraitzen duela. Denbora izango dugu ikusteko protekzionismoak aurrera egiten duen ala ez, baita zer eragin izango duen munduko aberastasunaren banaketan ere. Edozein kasutan, nazioarteko harreman ekonomikoak beste oinarri batzuen gainean eraikitzeko tenorea iritsi da.