Nagore Belastegi Martin
infraganti

OIER GIL ZAPIRAIN

Komunean kaka egiten duen bitartean argazkiak atera eta sare sozialetan argitaratzeagatik lortu duen oihartzunaren ondorioz ekarri dugu Oir Gil artista irundarra orrialdeotara. Hala ere, proiektu bitxi horren atzean badago ikuspegi kritiko bat, bere ikus-entzunezko lan guztietan bezalaxe, nahiz eta normalean kutsu politikoa ere baduten.

Essena O’Neil modelo australiarrak bere sare sozialetako kontuak itxi zituen bere argazkiek zuten egiazkotasun falta salatu ostean. Orduak ematen zituen irudiak hobetzen, makillatzen edota arropak zaintzen perfekzioa islatu nahian. Baina egun batean nazkatu egin zen, ez bera ez bere bizitza ez zirelako perfektuak, eta, gainontzekoek, batez ere gazteek, horrela zenik pentsatzea nahi ez zuelako. Hainbat irudiren deskribapena aldatu zuen orduan, argazkien atzean zegoen errealitatea kontatuz.

Gezur eta faltsukeri horretaz ere ohartu da Oier Gil artista irundarra eta martxan jarri du proiektu bitxi baina erreal bat. «Social media-ri buruzko gradu bat egiten ari naiz, eta jakin nuen sare sozialetan jendeak gauza pribatuak publikatzearen ondorioz extimitate kontzeptua sortu dela, intimitatea azalarazteari dagokiona. Horren adibide dira txortan egin osteko argazkiak. Baina beti dena oso prestatuta izaten da, ez da benetako extimitate prozesu bat izan ohi», azaldu du. Hala, irailetik aurrera kaka egiten ari dela selfie-ak egin eta Instagrameko @Kakittenproject kontuan jartzen ditu. «Nik pentsatu nuen hori badela benetako extimitate prozesu bat, eta, gainera, balio dezake niretzat garrantzitsua den gune bat, denok erabiltzen dugun gune bat, sarri gainera sare sozialetan ibiltzeko, aintzat hartzeko», azaldu du.

2012an hasi zen dena. Bere urtebetetzea zen eta lagunek non zegoen jakin nahi zuten. Komunean zegoela esan zien, baina, beraiek, txantxetan, argazkia nahi zutela erantzun zioten. Eta Oier Gilek, lotsarik gabe, argazkia bidali zien. Horrela, egunez egun, ehunka argazki pilatzen hasi zen. Duela bi urte Getxoarte azokan egoteko aukera izan zuen eta bertara bere argazkiak eraman zituen. 1.000 selfie inguru jarri zituen paretan itsatsita, «errepikapen konpultsioan» oinarrituta. Horren ostean alde batera utzi zuen proiektua eta ez zuen erakusteka gehiagorik egin gaiarekin, baina argazkiak pilatzen jarraitu zuen, Instagrameko sarea jaio zen arte.

Ordutik, Kakitten Project gero eta handiagoa bilakatzen hasi da eta jada bideoak ere gehitzen ditu. Abenduaren 31n, adibidez, mahatsak jaten grabatu zuen bere burua, komunean, noski. Argazkiak dedikatu egiten ditu azkenaldian. Komunei nota jartzera ere animatu da. Hala, bere etxeko komunak 5etik 5+ nota dauka, baina, tabernetan kaka egiten duenean, zaila da hain nota ona lortzea. «Agian norbaitek aukeratuko du taberna batera edo beste batera joatea komunaren arabera!», nabarmendu du. Adibidez, Alberto Chicote sukaldariak Madrilen duen jatetxeko komuna sekulakoa omen da, baina Renfeko trenetakoak kaxkarrak. Agertzen diren komun gehienak Irungoak dira, bertan bizi delako, baina bidaiatzen duenean ere ez dauka arazorik sakelako telefonoarekin komunera joateko. «Noizbait telefonoa ahazten bazait amorrua ematen dit!», aitortu du.

Publikoaren zati bati proiektu interesgarria iruditzen zaio, baina kritikak ere jaso ditu. «Ez dut ezer erakusten argazkietan, hankak asko jota, baina jendea zakila ea ikusten zaidan begiratzen ibiltzen da. Batzuek nazkagarria dela diote, baina nik ez dut nazkagarria den ezer erakusten; beraiek imajinatzen dute hori», kontatu digu Irungo Aia tabernan edari bero bat hartzen dugun bitartean. Bertako komuna ere ezagutzen du eta behin baino gehiagotan agertu da bere Instagrameko jarioan.

Bere lana gustuko dutenen artean Instagramen dituen ehunka jarraitzaileak daude. Batek proiektua zabaltzeko proposamena egin zion eta horretan dabil orain. Hala, beste erabiltzaile batek bere kontuan argazkia jartzen badu eta #kakittenproject traola gehitzen badio, Gilek bere kontuan elkarbanatuko du. Batzuk animatu dira jada. «Hori bai, ez du balio argazkia niri bidaltzeak. Bere kontuan igo behar du argazkia, bere jarraitzaileek ikus dezaten», zehaztu du.

Komunetik kanpoko lanak

Kakitten Project bitxia eta deigarria bada ere, ez da Oier Gilen ohiko lanen tankerakoa. Normalean gai sozialak azalerazteko erabiltzen du artea. «Artea gizartearentzat egitea da nire helburua. Niretzat ez dauka zentzurik artea museo batean ikusteko bakarrik egitea. Ardatz izan ohi ditut, adibidez, memoria historikoa eta muga inposatuak –alboan bizi naizelako– . Helburua jendearengan hausnarketa eta pentsamendu kritikoa sustatzea da. Hori da niretzat arteak izan dezakeen baliorik garrantzitsuenetakoa», bota zuen. Kakitten Project ez dator bat ildo horrekin, baina puntu kritiko bat badauka: «Ez da kritiko politikoa, baizik eta kritiko orokorragoa. Esperimentu sozial bat da».

Aurreko lanei dagokionez, gehienak bideo laburrak dira. Gaiak anitzak dira, baina, esan bezala, denak kritikoak. Adibidez, Ghanan boluntario izan zenean bertan haur batekin grabatu zuen artelana. «Gobernuz kanpoko erakunde batekin lan egitera joan nintzen, eta ez naiz berriro gobernuz kanpoko erakunde batekin horrelako herrialde batera joango. Ego europar handia dago eta ustez laguntzera bagoaz ere, badago zerbait oso deseroso eta faltsua atzean: gure kontzientzia garbitzera doaz. Gobernuz kanpoko erakundeek behar dutena ematen diete bertakoei, baina ez diete erakusten horiek nola lortu. Hori ez da laguntzea. Uste dut muturra sartuko ez bagenu gauzak hobeto joango zitzaizkiela. Oso herri zoriontsua da Ghana, baina ez dute baliabiderik. Hori bai, mundu guztiak du telefonoa eta Vodafoneren guardasola. Zerbait arraroa gertatzen zela iruditu zitzaidan. Umezurztegian Junior izeneko haur bat zegoen, erdi itsua. Ghanako bandera bat zuen eta kontatzen zigun: ‘Obama etorri zen eta esan zigun hau eta bestea egingo zuela’, eta bandera astintzen zuen. Baina, finean, bandera zen bera astintzen zuena. Gero Coca-Cola enpresak begietako operazioa ordaindu zion. Zerbait zikina dago hor: operatu egiten zaitut baina lurrak kentzen dizkizut. Hori bada haiei laguntzeko modua, ez da nire lekua», azaldu du. Hori bai, esperientzia bikaina izan zela aitortu du, boluntarioen paper garrantzitsua ukatzerik nahi ez duela gehituz.

Oier Gil bere bizipenez baliatzen da lan berriak osatzeko. Adibidez, badauka memoria historikoari buruzko bideo bat. «Nire birraitonari gerra garaian Fronte Popularrari kamioia utzi izana egotzi zioten, faltsuki, eta fusilatu egin zuten. Ez dugu gorputza aurkitu. Nire amona Martinaren istorioa ardatz, kontatzen dut Nafarroako Gobernuan aldaketa egon arte ez zigutela utzi gorpua bilatzen. Mundu guztiak du bere historia eraiki eta bere hildakoak lurperatzeko eskubidea. Azkenean ez genuen gorpua aurkitu baina beste asko atera zituzten, eta erabaki genuen baten hilotza denon hilotza dela, eta agur kolektibo bat egin genien. Kontakizun honi ahotsa eman behar zaio eta nik ahal dudana egingo dut artearen bitartez», azaldu du.

Baina bideoek ikusle hutsak eragile bilaka ditzakete. “Protesta $1” izeneko instalakuntza interaktiboaren bidez, publikoak megafonoen bidez protesta bat abiaraz dezake, eta, hartutako erabakien arabera (oihukatu, eraso egin...), erreakzio desberdinak lortzen dira (prentsaren atentzioa, polizia agertzea...).

Egun Irungo Bitamine Faktoria kultura tailerrean ari da lanean, baina bere proiektuekin jarraitzen du. «Behin mugara joan eta bertako harri bat lapurtu nuen. Ez dakit zertarako erabiliko dudan, baina horrekin zerbait egin behar dut!», kontatu du barrez amaitzeko. •