2017/01/21

Laura Mintegi
Zakila eta bulba esaten ez zen garaitik gatoz

Zakila eta bulba esatea debekatu zien moral kristau-frankistak gure belaunaldiko gazteei. Ez genekien zein hitz erabili, eta hitzak falta direnean, falta da kontzeptuaren zehaztapena

Chrysallis elkarteak antolatu duen kanpainatik gehien gustatu zaidana da hitz debekatuak azalarazi dituela. Inoiz baino aipatuagoak izan dira bulba eta zakila, kanpainaren alde daudenek ez ezik, kanpaina suntsitu nahi dutenek ere agerian utzi baitute zerk ematen zien min: hitz esplizituak erabiltzeak. Horrexegatik saiatu dira hitzok ezabatzen errotulagailu lodiaz, eta, hitz “madarikatuok” ezabatu ordez, areago atera dituzte egunotan argitara. Kanpainaren lehen lorpena.

Zakila eta bulba esatea debekatu zien moral kristau-frankistak gure belaunaldiko gazteei. Ez genekien zein hitz erabili jendaurrean zakilaren «simetrikoa» adierazteko. «Beheko hori», bagina, emakumeen genitala. Eta hitzak falta direnean, falta da kontzeptuaren zehaztapena.

Chrysallis elkartearen kanpainaren beste bertute bat izan da neskak eta mutilak lehenetsi dituela; «ondoren» azaldu du haur horien genitalak zein diren. Hala bada, neska bulbadunak daude eta neska zakildunak daude, baina biak dira neskak, alegia. Neska da substantiboa. Genitala, finean, adjektiboa da, gehigarria, ez da erabakigarria. Alde handia dago orain arteko adierazpidearekin: genitala zen generoa markatzen zuena. Zakildun oro mutila zen. Bulbadun oro neska zen. Bai ala bai. Kanpaina honek buelta eman dio ohiko adierazpideari. Badu meritua.

Honek guztiak garamatza hausnartzera zer den emakume izatea, zer den gizonezko izatea. Genitalak ez badu erabakitzen generoa, zerk erabakitzen du? Galdera ona da baina erantzun zaila du.

Psikoanalisiak diosku emakume izatea konstruktu bat dela, egin beharreko kontzeptua dela, aurretik eman gabekoa. Teorikoek diote ez dagoela emakume generikoa, ez dagoela emakume mota bat eta bakarra. Emakumeak daude, zein baino zein ezberdinagoa. Emakume izateko modu asko daude munduan.

Bagenekien kulturak, klase sozialak edo ezaugarri etnikoek ez dutela definitzen zer den emakume izatea, kultura bakoitzak, klase sozial bakoitzak eta ezaugarri etniko bakoitzak modu ezberdinean kontzeptualizatzen duelako emakume izaera bere kolektiboan. Orain, transexualitateak ekarpen bat gehiago egin dio kontzeptu absolutuak deseraikitzeari: genitalek ere ez dute determinatzen generoa, ez dute erabakitzen pertsona horren identitate sexuala, neska zakilduna izan zaitezkeelako, mutil bulbadunak ere izan badirelako.

Orduan, nola definitu pertsona bakoitzaren generoa? Definitzeko era, nire ustez, prozesu subjektibo, sakon eta intimoaren emaitza da. Norberak eraiki egiten du emakume (edo gizon) izateko bereganatu nahi duen modua, zein emakume mota izan nahi duen, nolako ezaugarriak edukiko dituen, zein balioren arabera.

Kaotikoa eman dezake, baina, egia esateko, zintzoagoa da, errealagoa, asegarriagoa inondik ere.

Ez dago ama izateko modu bakarra. Zorionez. Gizona izatea, beharrik, ez da zurruna, segurua, autoritarioa eta matxista izatea. Ez. Badago modu anitz gizona izateko. Badago aita eredu bat baino gehiago. Maskulinitatearen eredua ere aldatuz doa, feminitatea aldatzen ari den heinean. Balioak ez dira bakarrak eta betierekoak. Ikasi egin daiteke emakume izaten. Ikasten da zer den gizona izatea.

Orain jendarteak ikasi behar du zakila eta bulba ere elementu gehigarriak direla, eta ez direla erabakigarriak neska eta mutila, emakumea eta gizona erabat definitzeko.

Chrysallis elkarteari esker debatea kaleratu da eta begien aurrean jarri digute, haur alai eta zoriontsuen bidez, begi-bistakoa ez dela beti definitzailea. Elementu gehiago egon badaudela. Eta batez ere, agerikoaren gainetik, subjektibitatea badagoela, norberaren erabakia, norberak bere burua definitzeko duen determinazioa. •