2017/02/04

Erreportajea
USTELKERIA ERRUMANIAN
Beste Gobernu bat hankaz gora botatzeko prest daude herritarrak

Errumaniako gizarteak «nahikoa da» esan du berriz. Milaka herritar irten dira kalera protesta egitera azken asteotan, agintariek makina bat ustelkeria kasu barkatu egin nahi dituztela-eta. «Sozialdemokrata» izeneko politikariek ez diete jaramonik egin herritarrei eta bereari eutsi diote. Haserrea gero eta handiagoa da Balkanetako herrialdean.

Jose Angel Oria
Pderrumania_justitie

Gauez, argirik gabe askoz lasaiago ibiltzen baitira gaizkileak, eta premiazko dekretu baten bitartez, Parlamentuko «ikuskizun» ezerosoa saihesteko, joan den asteartean onartu zuen Errumaniako Gobernuak herrialdeko kode penala aldatzea, zenbait politikariri mesede egiteko, auzipetuta egotetik arazo juridikorik gabe egotera pasa baitira.

Agintariek bazekiten gaizki egiten ari zirela eta horregatik ez zuten kode penalaren aldaketa eguneko gai zerrendan sartu ere egin. Baina XXI. mendeko munduan gauzak ez dira hain erraz estaltzen eta berehala milaka lagun kalera irten ziren. Protesta egitera, berriz ere. Gobernuaren egoitzaren aurrean elkartu eta «dimisioa» exijitu zuten asteartean bertan. «Lapurrak» ere entzun zitekeen. Kazetari batzuek esan zuten Gobernuko ministro batzuk egoitzatik irten ezinik geratu zirela. Herrialdeko beste hirietan ere tankerako egoera bizi izan zuten: haserrea nagusi Cluj-Napocan, Sibiun, Timisoaran eta Iasin.

Sorin Grindeanu lehen ministroaren Exekutiboak hilabete darama lanean. Orain bi aste proposatu zuen zenbait ustelkeria delitu despenalizatzea, sekulako manifestazioak eraginez.

Asteartean onartutako dekretuaren arabera, zenbait arau-hauste despenalizatzeaz gain, 44.000 euro baino gehiagoko kalteak eragin dituzten jauntxokeria kasuak baino ez dira kartzelarekin zigortzen.

Fikziozko lanpostuak

Aldaketa horrek sekulako mesedea egiten dio Liviu Dragnea PSD Alderdi Sozialdemokratako buruari, asteartean bertan (dekretua onartu baino ordu batzuk lehenago) fikziozko lanpostuen inguruko auzi bat dela-eta epaileen aurrean deklaratzera joan behar izan zuen politikariari. Fiskalen arabera kasu horretan egindako kaltea 24.000 euro ingurukoa denez, Dragneak ez dauka kezkatu beharrik, epaileei dagokienez behintzat.

Dekretuak eragindako eskandalua ezkutatu edo murriztu nahian, premiazko dekretu bidez onartzekoa zen beste neurri bat (bost urteko kartzela zigorra baino txikiagoa duten 2.500 presori indultua ematea) Parlamentura bidali du Gobernuak.

Grindeanuren Exekutiboak ez die jaramonik egin ez kalera irten diren manifestariei, ez Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzari, ez Magistratura Kontseiluari, instituzio horiek ere ustelkeria barkatzearen aurka baitaude. Aurkako jarrera agertu du Klaus Iohannis Errumaniako presidenteak berak ere: «Dolu Eguna da gaurkoa Zuzenbide Estatuarentzat, Justiziaren aurkakoek emandako kolpe gogorra jasan behar izan du-eta», adierazi zuen politikari eskuindarrak berria ezagutu bezain pronto.

Joan den igandean errumaniar asko, 100.000 inguru hedabideen arabera, irten ziren protesta egitera, kasu askotan Errumaniako bandera hartuta. Begiraleek diote Nicolae Ceausescuren Gobernua 1989an erori zenetik herrialdean egin diren manifestaziorik jendetsuenak izan zirela igandekoak.

PSD alderdiak lortu du nahi zuena baina arrazoi ugari ditu keztatuta egoteko. Egia da abenduko hauteskundeetan erraz irabazi zuela, botoen %45 jasota (horrenbesteko proportziorik ez zuten lehen inoiz eskuratu), baina ez luke ahaztu behar erroldan ageri diren herritarren %39 baino ez zirela joan botoa ematera. Beraz, beste %61 dago hauteslekuetara ez joatea erabaki zuena, politikari guztiak gauza bera direlakoan. Munduko beste leku askotan gertatzen ari den moduan, egungo alderdiek herritarren konfiantza erabat galdu dute; Errumaniaren kasuan, batez ere ustelkeriaren eraginez.

Botoa ematera ez joatea erabakitzen duten herritar horiek ez daude edozein gauza onartzeko prest, egunotako mobilizazioetan ikusten den moduan. Beraz, PSDkoek gaizki egingo lukete abenduko arrakasta horri garrantzia gehiegi eman eta herritarren artean hain hedatuta dagoen haserrea kontuan hartuko ez balute.

Colectiv kluba

PSDren aurreko Gobernuaren gainbehera (Victor Pontarena) manifestariek eragin zuten, Colectiv klubean gertatutako tragediaren ondoren (30 lagun inguru hil ziren gertaera hartan, eta beste horrenbeste hurrengo asteetan, erietxean infektatu ondoren). Ikerketa batek agerian utzi zuen dantzatokiak ez zuela baimen ofizialik eta ez zituela betetzen suteen aurkako arauak, baina agintariek beste aldera begiratzen zuten, eskupekoak jaso ondoren, eta lokala zabalik zegoen. Erietxean dozenaka zauritu hil izanak ere herritar asko haserretu zituen, osasun sistemak dituen gabeziak nabarmen geratu baitziren. Ustelkeriaren beste aurpegi bat.

Aro komunistako funtzionario eta pertsona ezagun askok bat egin zuten PSDrekin, Ceausescuren erorketaren ondoren. Horregatik hasiera-hasieratik indar handia izan du nekazaritza eremuetan (Errumaniako populazioaren %45 bertan bizi da).

Gainera, Europako alderdi sozialdemokrata gehienek egin dutenaren aurka, PSDk Bruselatik zetozen austeritate neurrien aurkako jarrera izan du urteotan: soldata igoerak eta gastu sozial gehiago agindu zituen. Horrela lortu zuen 2012an Gobernura iristea. 2009tik 2011ra aurreko Exekutiboak abian jarritako erabakiak bertan behera utzi eta herritar askori sekulako mesedea egin zion. Indarra herri txikietan bakarrik izatetik, hirietan ere indartzera pasa zen.

Bi aurpegiko estrategia

Aldi berean, Pontaren garaian, enpresariek gustuko dituzten gauzak erabaki zituen Gobernuak (zergak murriztu eta diru laguntzak eman konpainiei, eta langileak doan kaleratzea ahalbidetzen duen legedia ukitu gabe utzi), inbertsioak erakartzeko asmoarekin.

Florin Poenaru soziologoak Criticatac.ro webgunean nabarmendu du bi aurpegiko estrategia erabili izan duela PSDk gizarteko eremu zabaletara iristeko. Alde batetik, «herritarrak erakartzeko, zentro-ezkerreko neurriak agindu, eta, aldi berean, enpresarien eta kapitalaren babesa eskuratzeko, zentro-eskuineko politikak garatu».

«Hungariako Fidesz eta Poloniako PiS alderdiekin alderaketa egitera animatzen duen arrakastazko errezeta izan da. Gainera, estrategia horrek oztopatu zuen eskuin muturreko indarrek beren burua antolatu eta hauteskundeetan gora egitea», Poenaruren irakurketaren arabera.

Baina ez da inolaz ere ahaztu behar PSDren arrakasta horrek oinarri ahulak dituela, askoz ere herritar gehiago geratu baitziren botoa ematera joan gabe, joan zirenak baino. Herritar gehienentzat ez dira fidatzekoak ez sozialdemokratak ez beren buruak eskuinerago kokatzen dituzten liberal eta kontserbadoreak. Ez da harritzekoa, aurreko legealdian, 2012ko bozketetan, aukeratu zituzten 588 diputatuen %15 ustelkeriarekin lotutako kasuengatik ikertzen ari baitziren, edo zigortuta zeuden.

DNA Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak emandako datuen arabera, 2010az geroztik, 3.000tik gora ministro, senatari, diputatu, alkate eta goi kargu espetxeratu dituzte herrialdean ustelkeriarekin zerikusia zuten kasuengatik. Gainera, herritar askok txalotzen du DNAren lana eta horri esker, inkesten arabera, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza da gehien maite duten instituzioa.

«Instituzio-izaera hartua du dagoeneko ustelkeriak. Horregatik, lapurtutakoa oso kopuru handia bada eta hedabideek aipatzen badute, eskandalua sortuko da; baina herrietan ez, herritar asko ustelkeriarekin nahastuta daudelako edo saihestezina iruditzen zaielako», dio hiriburuko ikasle batek.