Gorka Elejabarrieta

Badator

Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigaoren kontrako epaiketa burutu berri da Katalunian, 2014ko azaroaren 9an herri galdeketa antolatu izanagatik. Eta epaiketa horrek prozesu katalanaren azkartze bat ekarri du ezinbestean. Datozen aste eta hilabeteetan bi aldeen arteko konfrontazioak gora egingo du zalantzarik gabe, katalanek prozesuan aurrerapauso definitiboak emango dituztelako eta espainiar Estatua, dagoeneko adierazi duen bezala, prozesua geldiarazten saiatuko delako.

Erresuma Batuak ere deskonexio prozesua martxan jarriko du pixkanaka, eta ikusteko dago Brexitak zer-nolako eragina duen Eskozia eta Irlandako prozesuetan, baina gerta liteke Eskozian beste erreferendum bat antolatzeko prozesua hastea datozen hilabeteetan. Alex Salmondek aste honetan bigarren erreferenduma 2018an kokatu du. Faroe uharteetan ere Konstituzio propio bat bozkatuko dute 2018an. Kasuon arteko konparaketa itzela izango da, Europa berdinaren baitan hiru egoera berdintsu eta estatuen jarrera guztiz kontrakoa. Erresuma Batua eta Danimarkarena demokratikoa, eta Estatu espainiarrarena demokraziaren guztiz kontrakoa.

Badago nire ustez Greziako eta Kataluniako egoeren artean antzekotasun garrantzitsu bat. Greziaren eta Europar Batasunaren artean eman zen pultsua ez zen greziarren arazoa soilik. Europar guztien, eta bereziki europar ezkertiar guztien borroka ere bazen, eta, hilabete luze horietan ikusi zen bezala, ez ginen gai izan gure herri eta gizarteak mobilizatu eta greziarren alde jartzeko. Eta ondorioz, gertatu beharrekoa gertatu zen, gehienetan gertatzen den bezala: Goliatek David garaitu zuen. Eta greziarrekin batera guztiok galdu genuen. Kataluniako prozesua ere guztion prozesua da, europar demokrata guztion prozesua hain zuzen. Estaturik gabeko herri guztion borroka ere bada, bereziki espainiar Estatuaren demokrazia eza eta erasoak ezagutu eta pairatzen ditugunona. Asko dugu galtzeko, baina nire ustez, eta bereziki, asko dugu irabazteko.

Argi dago euskaldunok interes oso bereziarekin jarraitzen dugula Katalunian gertatzen den guztia, alderantziz ere gertatu ohi den bezala. Baina iruditzen zait garaia iritsi zaigula gai honetan ere aurrerapauso bat emateko, unearen garrantziaz jabeturik, gure borroka ere badela ohartu eta jokoan gure etorkizuna ere badagoela kontuan harturik.

Argi dago partida Katalunian jokatzen dela, baina baita Estatuan eta nazioartean ere. Hor egongo dira hiru borroka gune nagusiak. Erreferendum bidez lortzen badute edo Parlamentua bada independentzia aldarrikatzen duena, katalanek nazioarteko estatuen onarpena beharko dute aurrera egin ahal izateko. Eta hori lortzekotan ez dute egun batetik bestera lortuko, pausuz pausu joango dira babesak eskuratzen. Espainiar Estatuaren jarrera ez da samurra izango, eskura dauzkaten baliabide guztiak erabiliko dituzte prozesuak aurrera egin ez dezan, nazioarteko estatu eta erakundeak presionatuko dituzte Katalunia onartu ez dezaten, dituzten harreman diplomatiko guztiak erabiliko dituzte bide horretan, Katalunia ekonomikoki itotzen saiatuko dira…

Greziako kasuan egin bezala, oraingoan ezin gara gure etxeetako telebista eta ordenagailuetan gertatzen dena ikusten geratu. Iruditzen zait katalanen patua gurera oso loturik dagoela, eta katalanen garaipen edo galerak gure etorkizun hurbila ere marraztuko duela. Gurea urte luzeetako bidea izan da, zailtasun, momentu gogor eta alai asko bizi izan ditugu, negar eta irri egin dugu, erabaki egoki eta okerrak hartu ditugu, baina pixkanaka-pixkanaka gure momentura hurbiltzen goaz, eta ezin dugu aukera hau inolaz ere pasatzen utzi. Gurea Eskozia edo Faroe uharteetako prozesuen antzekoa izatea nahiko genuke, noski, baina ez da horrelakoa izango. Horregatik, gerta daitekeena inkognita handi bat da, eta katalanekin batera bide berriak esploratu eta marraztu beharko ditugu.

Nazioartea, Europa, beste alde batera begiratzen saiatuko dira, espainiar Estatua beraien aliatu garrantzitsua baita, baina gure esku dago hori egiteko aukerarik izan ez dezaten. Gu guztion eskuetan, ez dezagun aukera galdu, ez gaitezen beranduegi jabetu. •