Uberka Bravo
analisia

Bizitza, heriotzaren ataria

Liburu dendetan jaio berriei buruzko idatzi asko topatuko ditugu. Aldiz, bizitzaren lehenengo urratsak ez, baizik eta azkenekoak jorratzen dituzten liburuak topatzea askoz ere zailagoa izaten da.

Heriotza, kultura eta erlijioari (edo azken honen ezari) lotuta agertu zaigun afera da. Munduan hemeretzi erlijio nagusi eta 4.200 sinismen talde ezberdin daudela adierazten dute hainbat ikerketek. Badirudi, beraz, erlijioak kultur eraikuntzaren ondorio direla. Horrela, heriotza bizitzeko moduak oso desberdinak eta anitzak dira. Batzuentzat ez da existitzen, bizitza ez baita amaitzen, eraldatzen doan zerbait delako. Beste batzuek, ekidin beharreko zerbait bezala ulertzen dute. Erlijioek onarpen prozesuan lagundu dezakete, horregatik fedegabeek zailtasun handiagoak eduki ditzakete heriotza asimilatzeko garaian.

Mendebaldean

«Horrela, gizon bakar baten bitartez sartu zen bekatua mundura, eta bekatuarekin heriotza» (Errom 5, 12). Horregatik, «bekatuaren ordaina da heriotza» (Errom 6, 23).

Itun Berritik ateratako pasarte horrek heriotza bide okerraren ondorio bezala kokatzen du. Heriotza zerbait negatiboa da. Egia da, kristau erlijioak, Jesukristorengan sinetsiz gero bekatuetatik askatzeko aukera ematen duela eta bide batez salbazioaren bitartez betirako bizitza eskuratzea posiblea dela. Egun, ordea, kristau jendartean zaila da hori sinisten duen inor topatzea.

Gurean, tradizio judeokristaua nagusi bada ere, sistema kapitalistaren pean egoteak heriotza ulertzeko modu materialistan izugarrizko eragina izan du. Materialismoak jabetzaren ideia errotu du gure jendartean eta horrek bizitza atxikitzera bultzatzen gaitu, heriotzaren onarpenerako oztopo bilakatuz.

Heriotzaren onarpen ezak, heriotzarekin etengabeko borrokan egotera eraman du Europa mendebaldeko jendartea. Garrantzitsuagoa bilakatu da zenbat bizi garen nola bizi garen baino. Hor kokatzen da Mendebaldean gero eta ohikoagoa den eutanasiaren auzia. Batzuentzat irtenbide duina eta burujabetasunaren ondorio kontsekuentea bada ere, erlijio kristauentzat lege naturalaren eta Jainkoaren hitzaren aurkako ekintza da. Jainkoak bizitzaren eta heriotzaren burujabetza absolutua omen duenez, suizidioarekin zein eutanasiarekin norberak bere buruarekiko amodio eza erakusten omen du. Mendebaldeko medikuntza ere gaixoaren bizitza luzatzera bideratua dago, baita gaixoaren eritasuna sendaezina denean ere.

Dolua beltzez egiten da, urruti dagoen kanposantu batean loreak jartzen zaizkielarik zulo batean sartuta dauden hildakoei. Heriotzari beldurra zaiolako heriotza ez da ikusgarria. Epicuro greziarrak, ordea, «ez eduki beldurra heriotzari eta ez diozu bizitzari beldurrik edukiko» esaten zuen. Horrekin eztabaida bat irekitzen da, batzuek uste baitute beldur horrekin jokatu izan dutela kristau instituzioek kontrol soziala ezartzeko, zer dagoen ongi eta zer gaizki esanez, doktrina zehatz bat eta bizitza estilo bat ezarriz. Kristautasunarekin kritiko direnek jendartea aske ez izatera eraman dezakeela diote, izan ere, heriotzaren mamua astinduz bizitzaren jarduna baldintzatzen du.

Varanasin

Ganges ibaiaren ertzean gorputzen errausketa ikus dezakete bertaratzen direnek. Indiako Varanasi hiri hinduistara erlijio horren jarraitzaile asko joaten dira hiltzera zein bere gertukoei nolabaiteko agurra ematera. Hinduistek uste dutenez, mokhsa edo etengabeko berraragiztatzean murgildurik gaude eta ziklo horretatik askatzeko joaten dira Gangesen hiltzera. Ibai sakratu horretan hiltzen zarenean berraragiztatze prozesutik askatzen zara (samsara). Beraz, heriotza askapen prozesu bezala ulertzen da. Erritual horrek heriotza erabat agerikoa egiten du bertaratutako ororentzat. Emakume hinduistak, ordea, ezin dira bertan egon, soilik errituala hasi aurreko uneetan izateko baimena dute. Errausketak irauten duen bitartean inork ez du malkorik isurtzen, eta, antza denez, oso modu naturalean ikusten dituzte gorputzak erretzen bizpahiru orduz. Beraientzat heriotza modu fisikoan ematen da soilik eta gertaera hori ez zaie zorigaiztokoa suertatzen.

Indiako jendartea kastetan sailkatua dago eta hori heriotzaren orduan ere islatzen da. Ganges erriberako eremu altuenak kasta inportanteentzat gordetzen dira, eta, behekoak, aldiz, kasta umilentzat. Bakoitzaren egoera sozial zein ekonomikoa azken hatsa bota arte dira aldaezinak. Hurrengo berraragiztatzera itxaron beharra dute hinduistek kasta posizioan igo nahi izanez gero. Behin gorputza errauts bihurtuta, errautsak ibaian botako dituzte, errituala amaituz.

Fedegabetasunean

Heriotzaren aurrean ez dira erantzun errazekin aurkitzen Jainkoarengan sinisten ez dutenak. Erlijioetan ez bezala, ez dago ez erreferente nagusirik ez eta jarraitzeko dogmarik ere. Egungo garaiotan jendartea segurtasun bila dabilela dirudi eta erlijioek babesgune papera joka dezakete. Ateo zein ez-erlijiosoen kopuruek, ordea, gora egin dutela diote egindako neurketa ezberdinek. Eredu sozialistak aldarrikatu dituzten hainbat herrialdetan zein eredu kapitalista jarraitu dutenetan ere eman dira fedegabeen igoera nabarmenenak. Txina, Japonia, Txekiar Errepublika, Frantzia eta Islandia ditugu herrialde laikoen lidergoan gaur egun.

Ateoek Jainkoaren existentzia ukatzen dute eta mundua zein bizitza mugatua dela esaten dute. Erlijioek, bakoitzak duen ardura alde batera uzten duela salatzen dute. Indibidualismoa indartzen ari den garaiotan, komunitate ezak baliabide oso eskasekin uzten du pertsona heriotzaren aurrean. Horri fedegabeentzat eta ateoentzat errealitatea bereziki gordina dela ere gehitu beharko genioke, ez baitago ezer norbanakoa heriotzatik salbatuko duenik, ez dago horretan esperantzarik. Alabaina, eguneroko bizitza indarberriturik etor daiteke, heriotzaren kontzientzia edukitzeak eguneroko bizitza askoz gehiago baloratzera eta aprobetxatzera eraman dezakeelako.