Juantxo EGAÑA

Heriotza zigorra Iruñeko kartzelan, 1924an

1924ko azaroaren 6an, 42 militante anarkista Donibane Lohizunetik irten ziren Primo de Riveraren diktaduraren aurka jarduteko. Berara iristean Guardia Zibilarekin topo egin zuten. Bi guardia zibil eta lau gerrillari hil eta beste hamazazpi zauritu ziren. Beste batzuk atxilotu egin zituzten. Enrique Gil Galaz, Julian Santillaz eta Pablo Martin Sanchezi, heriotza zigorra ezarri zieten gerra-kontseilu batean. Zigorra garrotez gauzatu zuten abenduaren 6an, Iruñeko kartzelan. Pablo Martin Sanchez barakaldarrak, urkamendira zeramatela, zaindarietatik askatu eta kartzelako patioko lehen solairura igota, bere burua bota zuen. Berehala hil zen. Julian Santillazek, hil baino lehen, hauxe esan zuen ozenki: «Esan nahi dut ez dudala neure burua erruduntzat jotzen, eta ez dudala protesta egiten justiziaren aurka, tiraniaren aurka baizik». Dolu gisa, Iruñeko Euskal Jai pilotalekuan ez zuten partidarik jokatu. Irudian, senideak eta lagunak ageri dira Iruñeko kartzelaren parean, bandera beltza altxatuta. Argazkia Donostian bizi zen Pascual Marin argazkilari tuterarrak egin zuen.