Mirari Martiarena

Psikoteknikoa

Gutun batek denboran atzera eraman nau. Kotxeko gidabaimena berritu behar dut eta psikoteknikoa berriz egin behar dudala esanez idatzi didate. Gutuna irakurrita, nire buruak hamar urte atzera egin du. Oroitzapen pila bat etorri zaizkit. Gidabaimena lortzeko azterketa praktikoa hirugarren ahaleginean gainditu nuen, Basauriko industrialdean bikain aparkatuta. Gutunaren ondorioz, lagunarteko kontakizunetan askotan egin dut salto 2007ra eta orduko inozentziari ere barre asko egin diot.

2007an Bilbon bizi nintzen, Uribarriko ikasle pisu batean. Osteguneroko parrandek ez zuten hutsik egiten. Kazetaritzako ikaslea eta Udako Euskal Unibertsitateko bekaduna nintzen. Markeskoako bulegotik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan izena eman nuen eta irailean Legazpiko kanporaketan abestu nuen. Amagoia Mujikak elkarrizketa egin zigun bertso eskolakooi “Bertsolari” aldizkarirako eta, oraindik, orduan bezain lotsatia naizela dio. Hamaika Bertute bertso mugimendua sortu zen eta lagun talde politarekin ibili nintzen Euskal Herriko txoko desberdinetan bertsotan. Gidabaimena atera arte autobusekin eta trenekin moldatzen nintzen saio askotara joateko. Lantziegora joateko, adibidez, Estellesa hartu eta antolatzaileak Logroñora joan ziren bertsolarion bila.

Garai hartako lagun asko mantentzen ditut eta beste batzuen arrastorik ere ez dut. Horixe da bizitza, arrastoa uzten dizuten pertsonen puzzlea. Hamar urte pasata, unibertsitateko lagun minen seme-alaben izeba ere banaiz, forma desberdinetan, jakina: Iurretako Hurren eta Maiaren izeko Mirari edo Azpeitiko Urritzen eta Izarren tia Milalitos. Uztailean jaioko denak zein titulu emango didan zain nago.

Hamar urtean gauzak, batzuentzat asko eta besteentzat gutxi, aldatuko ziren. Batzuentzat asko aldatuko nintzen eta besteentzat berdin-berdin nago. Gauza batzuk ongi egingo nituen, beste askotan hanka sartuko nuen. Ez diot nire buruari perfekzioa eskatuko, ez bizitzan, ezta psikoteknikoan ere, baina espero dut oraindik gainditzeko gaitasunarekin jarraitzea. •