Ramon Sola

«Tortura+indarkeria matxista=0» ote?

Mundua ulertarazi eta eraldatzen laguntzeko eginbehar zinez ederra da kazetaritza, baina ez da ahalguztiduna. “Laugarren boterea” omen den/zen honek bere mugak eta ezintasun nabariak baditu. Azken bolada historikoan eta Euskal Herrian kazetari gisa guztiz etsipengarri bilakatu diren bi arazo izendatu beharko banitu, hauexek izango lirateke: batetik, indarkeria matxista; bestetik, tortura. “Estrukturalak” deitzen diren bi gaitz, indarkeria basatiaren adierazle, milaka biktimaren eragile eta biak mendekotasun sistema banaren seinale.

Nahi eta ezin horrek barrenak astintzen dizkigu gizon batek emakume bat hil edota erasotzen duen bakoitzean. Lehen unetik albistea premiaz eta duen larritasuna emanez zabaldu behar da, baina albistea bera osatzeko gutxieneko datuak faltan izaten ditugu. Morbo hutsa baino ez dakarten zehaztapen ilunak bazterturik, nor zen biktima? Nolakoa ordura arte jasan duen jazarpena? Zergatik ezin izan da gertatutakoa ekidin? Erantzunik gabeko galdera gehiegi. Hilabete edota urte batzuen bueltan epaiketak iristen direnean, gainera, hasieran hedaturiko bertsioak goitik behera aldatu direla ikusten dugu, frustrazio sentsazioa areagotuz. Bestalde, indarkeria matxistaren izurritea behingoz amaitzea gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzetik etorriko dela jakin badakigu, baina bitartean kazetaritzak egunerokoari erantzun behar dio eta tragedia bakoitzak gure ekarpena egiteko ezintasunak berpizten ditu.

Antzekoa da oso torturarekin gertatu ohi dena. Edo okerrago oraindik, bi ñabardurengatik. Batetik, eraso matxistak ez dira iragartzen, gertuko esparruan soilik suma daiteke arriskua eta abisua eman; aldiz, tortura indarkeria programatua izan da, atxiloketa gertatu den unetik nahiko erraza –eta makabroa– baitzen pertsona hori torturatua izango zela aurreikustea. Eta horrekin batera beste frustrazio iturri bat: albistea bera ukatua izan da, ez soilik erakundeen partetik, baizik eta hedabide gehienen eta gizartearen parte handi baten aldetik ere. Hamabost urte pasa dira jada baina ez zait ahaztu Unai Romanoren aurpegi desitxuratuak erredakzioan eragin zigun astindua. Azkenik torturaren proba ukaezina egon bazela sentitu genuen. Baina ukatu ezin zena ez ikustea erabaki zuten hemengo eta hango agintariek (alferrikako lana izan zen hurrengo egunetan EAJko hainbat ordezkarirengana galdezka joatea). Eta horrek bide eman zion ukazio zuzenari: Romanok ate baten kontra buruz kolpea jasango ote zuen irudikatu zuen auzitegiak, lotsagabeki.

Gauzak horrela, etsipena etsipenaren gainetik pilatzen da indarkeria matxista eta tortura batzen direnean. Bi osagai horiek ondoan jarrita, eskandalua biderkatu egin beharko litzatekeela pentsatzekoa da: izan ere, nolatan da posible ia gaurdaino (2010ean gertatu zitzaion Sandra Barrenetxeari) ustez esparru seguruena izan beharko litzatekeen polizia-etxe bat kaleko edozein “puntu beltz” bezalakoa izatea, eta eragile ezberdinek horri ez-ikusiarena egitea? Nolatan hori beste edonon gertaturiko eraso matxista bat baino oharkabeagoa izatea, adierazpen instituzionalik gabe, protesta elkarretaratzerik gabe, albiste irakurriena bilakatu gabe?

Aurrekariak badira: Nekane Txapartegi, Kristina Gete, Amaia Urizar... eta zer esanik ez Rita M. brasildarra, epai bidez frogatu zenez Indautxuko polizia-etxean bortxatu zutena, errudunik izan ez bazen ere! Azken urteotan indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazioa asko zabaldu da, kalea hartu du gaitzespenak, baina salbuespen sinesgaitz batekin: kalabozo batean gertatu ez bada. Matxismoaren aurka ari diren gehienentzat ez da indarkeria matxista gisa salatzen, eta torturaren kontra jarduten duen zenbaitentzat sexu mailakoa beste gehiegikeriekin nahasita galdurik gera liteke. Biderkatu egin beharko lirateke, bai, indarkeria matxista eta tortura, baina oraindik batu ere ez dira egiten; akaso, kenketa bihurtu. Martxoko epaiketa aukera paregabea da arazo bitxi honekin amaitzeko. •