Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

TXUBIO FERNANDEZ DE JAUREGI

Aktore arrakastatsua da, nahi zuena egiteko astia lortu zuelako, estutasunak gorabehera. Txubio Fernandez de Jauregi gasteiztarrak hiru hamarkadatik gora daramatza Euskal Herriko eta Europako agertokietan umorea eta zerbait gehiago eskaintzen, bere aktore eta sortzaile lana.

Juanan Ruiz | Argazki Press
Juanan Ruiz | Argazki Press

Antzerkiak nolabait zentzua eman dio bere bizitzari, bere pertsonalitate anitzak agertzeko aukera eman baitio. «Gero, beti pertsonaia bera egiten duzula ematen badu ere!», dio barrez. Edonola ere, oso dibertigarria iruditzen zaio «jolaserako aukera» hori Txubio Fernandez de Jauregi aktore gasteiztarrari.

Kale antzerkiarekiko grina berezia du. Oraindik ere egiten du, gogokoa baitu jendeari zerbait eramatea, doan. Antzerkia iritsi ohi ez den lekuetara eraman izan du Txubiok bere kale antzerkia urte askoan, Trapu Zaharra taldearekin batez ere. «Leku sinestezinetan izan gara», ijito auzoetatik Jugoslavia ohiko iheslari esparruetara. Kale antzerkiak lekurik xumeen eta marjinalenetara hurbiltzeko aukera ematen duela dio, eta hori gogobetegarri du.

Frankismoaren ondoren hurbildu zen Txubio antzerkira. Gogoan ditu urte haietako Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia eta Denok kooperatiba. Urtean zehar oso programazio ona eramaten zuten Gasteizko Florida antzokira, eta 18 urte eskaseko mutil hura obra haiekin katigatu zen, horregatik sartu zen La Farandula talde amateurrean. Taldeko kideak lanetik irtendakoan elkartzen ziren entseatzeko, ikasteko. Eta Txubiori «zerbait bitala» bihurtuko zitzaion.

Bere lagun bat moto istripuz hil zenean, nahi zuena egiteko astia behar zuela pentsatu zuen, honako gogoeta hau eginda: «Eta hilko zaituen istripuak lanean harrapatzen bazaitu?». Hain zuzen ere, «ahal duzun neurrian nahi duzuna egitea» da arrakasta Txubiorentzat, «gutxi gorabehera nahi duzuna egin eta horrekin bizirautea». Eta batzuetan porrot egitea ere txarra ez den uste osoa du, berak ikuskizun batekin izandako porrotetik «arrakastatik» baino gehiago ikasi izan duela baitio. Bere egiten ditu, hortaz, Becketten hitzok: «Porrot egizu berriro, porrot egizu hobeto».

Edonola ere, Txubio inoiz ez da ospe eta dirutza gisa ulertutako arrakastaren bila ibili. Jendeak telebistatik ezagutzen du gehienbat, eta bertan lanen bat egin duenean, jende askok geldiarazi izan du kalean. Hasieran horrek gainezka egiten zion; hala ere, ez omen zuen molestatzen: «Ni ere jendearen etxeetara sartzen bainintzen abisatu gabe, afaltzen ari zirela. Baina hasieran harrigarri samarra gertatzen da». Jendeak bitartekoa, kasu honetan telebista, balioesten duela dio. «Telebistan bazaude, balio duzula uste du, eta batzuetan ez da horrela», dio, gaur egun telebista gutxiago ikusten dela uste badu ere. Azkenaldian ETBn Txubiok orain dela zortzi urte egindako zenbait esketx ematen ari dira, eta zenbait lagunek «ondo doakizu, e?» esaten diote, «baina nik horretatik ez dut ezer kobratzen, halako kontratua egin genuen eta!». Bitartekoa arrakasta edo porrota neurtzeko erabiltzen dela dio, «baina hori faltsua da. Itxurakeriaren gizartean bizi gara».

Ez da nork deituko zain egoten, ezta diru laguntzak noiz ailegatuko zain, baldin badaude, oso zaila baita lortzea. Uste du ekin beharra dagoela, gauzak egin. Horregatik, Txubiorentzat inurriek bezala sasoi txarretarako zertxobait aurrezteko aukera ere bada arrakasta. Estutasunean bada ere, irauteko aukera delako. Azkenaldion, zeregin horretan urte mordoa daramala pentsatu izan du, eta beste hainbatek bezala gutxienez urte sabatikoa hartuko lukeela, baina ezinezkoa du. Berak argi du jarraitu behar duela, «suertez, gainera, jarrai dezakezulako».

Nahi zuena egitea erabaki eta, lana utzita, Hordago konpainiara sartu zen 80ko hamarkadan. Bere prestakuntza osatzen jarraitu zuen Gasteizko Antzerki Eskolan, Alfonso Sastreren dramaturgia ikastaroetan, zirku teknikak ikasten, ahots edo entrenamendu fisikoko ikastaroak egiten… Ondoren Galizian ibili zen konpainia batekin, gero Italian eta beste hainbat lekutan, antzezten eta prestakuntza hobetzen, batetik bestera, «antzerkiak zaramatzan lekuan». Duela urte batzuk berriro Gasteizen finkatu zen, noizbehinka denboralditxoren bat kanpoan ematen badu ere.

«Krisia hasi zenean, eta ez dakit noiz hasi zen, denbora luzea joan da ordutik-eta, sinesgaiztasun sentimendua izan nuen hasieran. Jendeak esaten zuen: 'ez da posible hau guri gertatzea, hau beste leku batzuetan gertatzen da, baina gu ondo geunden'. Ba, ez, izorratu gaituzte, kapitalistek ziria sartu digute, txiki-txiki egingo gaituzte. Baina ezin zara kexu hutsean geratu, horrela ikusten nuen nik». Jason Gerra, Andres Bezares eta Jon Elolarekin batera Monstrenko Kolektiboa abiatu zuen garaiaz ari da Txubio. Beren lehen ikuskizuna gazteen lonja batean egin zuten. Obra bat zuten, baina ez antzezteko lekurik, eta bazekiten teatro batean ez zituztela kontratatuko; beraz, euretako baten anaia gaztearen kuadrillak Gasteizko auzo batean lonja bat zuenez, eskatu egin zieten, pare bat egunetarako. Gabon osoak eman zituzten obra harekin, jende asko joaten baitzen emanaldietara, «gauza arraro samarra zen arren».

Ondoren lokal bat alokatu zuten, gaur egun Antepara kalean dutena, entseatzen jarraitzeko eta asmo handirik gabeko gauzak egiteko. Hainbat sentsibilitatetako jendea biltzen da lokal horretan, entseatzen, tailerrak egiten, talde batzuek publiko aurreko saioak ere egiten dituzte probatzeko, noizbait kontzerturen bat ere izaten da... «Auzoa egitea» da asmoa, inguruko jendeak gustuko badu, zerbait ikusi nahi badu, bertara joan dadin. Azken batean, pentsatu zuten garrantzitsuagoa dela zirkulu hurbilak sortzea. «Merkatuan borrokan ibili beharrean, hobe gauzak egin eta sustatzea zirkulu txikitan, horiek hobeto aprobetxatzen dituen jendea baitago». Txubiok bertan «zentzugabeko ideiak» gauza ditzake; esate baterako, ezinezko proiektuak, horrela iragarrita: «Zatoz beste inon egingo ez zenukeena egitera».

Mosntrenko Kolektibokoa ez ezik, aktore gasteiztarra L’alakran eta Zanguango taldeetako kide ere bada. L'Alakran konpainia Irungoa da berez, baina, proiektuak aurrera ateratzeko zailtasunak tarteko, Suitzara jotzea erabaki zuen, hango kultur politikak proiektuak aurrera ateratzea errazten baitio. Taularatu duten azkenengo lana “La conquista de lo inútil” da.

Gogoa, berotasuna berreskuratu beharra sumatu zuten 50 urtetik gorako hiru lagun elkartu ziren, gogoa, garra oso garrantzitsua baita, Txubiok dioenez, ezin baitira nekagarri agertu jendea, gazteak bereziki, antzerkira hurbiltzea nahi badute. Eta gogoa, garra berreskuratzeko zer behar da? «Gauzekiko, inguruarekiko jakin-mina». Eta hori ez zutela galdua ikusita, alferrikakoa konkistatzera abiatu ziren.

Normalean sorkuntza kolektiboan jardun izan du Txubiok. Ideia batetik abiatu eta ekarpen prozesu bat egiten dute, eta, ondoren, publikoarekin, azken doikuntzak egiten dituzte. Ideia batetik istorio baterainoko bidea. Edo kontatzeko moduak aurkitzen saiatzen dira.

Orain Zanguangorekin obra bat sortzen dihardu. «Nik ez nuen hau espero» esaldia hartu eta hortik abiatuta hasi dira lanean. Zenbait laguni esaldi horrek zer iradokitzen dien galdetu diete, materiala biltzen hasi dira, eta, zerbait ikusten dutenean, entseatzen hasiko dira, eszenan bildutakoa askatzen joango dira eta istorioa sortzen. Ez dute aktorearen ohiko papera egiten, testu bat jaso eta halako pertsonaia antzeztu, eraiki egiten dute pertsonaia, haren testua barne. «Zure lagunentzat lan egiten duzu, zugandik zerbait hurbilagoa da, benetakotasun handiagokoa, eta zu horren guztiaren motorra zara».

Txubio umorearekin identifikatzen den aktorea da, nonbait. Baina ez du umorea bakarrik egin. Berak ez dio umoreari uko egiten, ezta hurrik eman ere, baina umorerik gabeko lanetan zein umoretsuetan, osagarri gehiagoko istorioak kontatu izan ditu, batzuetan halako poetika duten obrak. Umorea gauzak kontatzeko modu ona dela uste du, modu astunean egitea baino hobea, baina «abusatu gabe eta umore motaren arabera», eta beste gauza batzuei uko egin gabe. Umorea ez da berarentzat premisa bat, ez da betebeharra. Sekula ez dute aldez aurretik esaten obra batek barre eragin behar duela; hala ere, askotan bururatzen zaizkien egoerak barregarriak direla konturatzen dira eta erabili beharrekoak.

Zineman ere lan batzuk egin izan ditu, normalean lagunen batek horrela eskatuta. Eta gogokoa du, baina «kontrolatzen» ez duen mundua omen da. Korapilatsua iruditzen zaio ordezkariekin-eta ibili beharra. Hala ere, errespetu handia dio zinemari. Antzerkia eta zinema lengoaia desberdinak direla uste du, «ez baita gauza bera makina bati hitz egitea edo jendeari hitz egitea». Eta zinemak ez du antzerkiaren «momentua», publikoarekiko une errepikaezina. Obra bat, askotan antzeztuta ere, «hurrengo egunean ez da berdina izango».

Txubio Fernandez de Jauregi, bera dibertituz jendea dibertitzen dakien laguna. Baita pentsatzen eta pentsarazten dakiena ere, GAUR8rekiko solas ezin atseginagoan erakutsi duenez. •