Juantxo EGAÑA

1922ko euskal futbol selekzioa, Ameriketan

1922ko ekainaren 27an euskal futbol selekzioa Ameriketarantz abiatu zen Lisboatik. Uztailaren 13an, Montevideora iritsita, Uruguai eta Argentinako euskal kolonien ordezkariek harrera egin zioten. Selekzioko partaideak honako hauek ziren: Manuel Lopez, German Etxeberria eta Jose Mari Belaustegigoitia, Athleticekoak; Careaga, Getxoko Arenasekoa; Agustin Eizagirre, Mariano eta Amador Arrate anaiak, Juan Artola, Eduardo Arbide eta Celestino Olaizola, Realekoak; Patricio Arabolaza, Elias Acosta, Jose Luis Zabala, Patxi Gamborena, Ramon Egiazabal eta Jose Etxebeste, Real Unionekoak; Julian Elosegi, Tolosa taldekoa, eta Fernandez Planas, Esperanzakoa. Walter Harris ingelesa zen entrenatzaile eta masajista, eta, taldeko delegatuak, Garcia, Dias eta Tomas Isasi. Bi partidu irabazi, bat berdindu eta bost galdu zituzten. 1922ko urriaren 9an iritsi ziren Europara, Vigoko portuan lehorreratuta. Egile ezezaguneko argazkian euskal selekzioa ageri da, Cup Colonio ontzian. Txapela jantzita, Mariano Arrate taldeko kapitaina.