Corina Tulbure
Elkarrizketa
Ahmad Al Dbis
Siriar medikua

«Assaden erregimenak zigortutakoen itxaropen bakarra borreroak auzipetuta ikustea da»

Turkian egon gara Al Dbis medikuarekin, Alepo hiriaren ebakuazioan sekulakoak bizi ondoren. «Matxinoak suntsitzeko erregimenak erabili duen estrategia izan da herritarrak azpiegitura medikurik gabe uztea», salatu du.

Ahmad Al Dbis medikua Alepo hiriaren ekialdearen ebakuazioan zaurituei laguntzen ibili zen. UOSSM erakundearekin egiten du lan oposizioaren mendean dauden eremuetan oraindik irauten duten erietxetan.

Azken hilabeteotan zenbait su-eten izan badira ere, matxinoen esku dauden ospitaleak bonbardaketen jomuga izaten jarraitzen dute. Ondorioz, osasun langileek oso baldintza penagarrietan egin behar izaten dute beraien lana.

«Setiopean dauden eremuetara ezin du inork sartu. Ezta irten ere. Horrelako egoeratan oso mediku gutxi izaten da, Aleporen ekialdean gertatu zen moduan: 26 mediku 150.000 pertsona artatzeko; pediatra bakarra eta bi anestesista besterik ez, pentsa!», azaldu dio GAUR8ri Al Dbisek.

Ez da harritzekoa herritar asko medikuen laguntzarik ez izateagatik hil izana. Gerraren erdian baliabide gutxi dira eta medikuek lehentasuna nori eman erabaki behar dute. «Bonbardaketa baten ondoren, iristen zitzaizkigun zaurituen artean salbatzeko modukoa nor zen erabaki behar genuen. Ez zegoen horrenbeste pertsona zaintzeko nahiko medikurik. Gainera, anbulantziak falta ziren. Alepo hirian setiatuta zegoen eremuan 21 anbulantzia genituen hasiera batean, baina gehienak suntsitu egin zituzten eta azkenean sei besterik ez genituen», esplikatu digu.

Baldintza horietan aritu behar dute. Gainera, kanpotik iristen zen laguntza murriztu egin zen: «2012an Siriara, oposizioaren mendean zeuden lekuetara, iritsi ziren atzerritar medikuak ia desagertu egin ziren 2014az geroztik, ISIS Estatu Islamikoaren presentziaren eraginez. Orduan hasi behar izan genuen ebakuntzak Internet bidezko laguntzarekin egiten: Ingalaterra edo Egiptoko espezialistek ebakuntza batean zer egin esaten zieten pazientearekin zeudenei. Kasu askotan esperientziarik gabeko mediku batek egin behar zuen ebakuntza, Skype softwarearen laguntzarekin, operazio-gelan zegoen kamerari esker».

Egoera bera bizi dute oraindik matxinoen mendean dauden eremuetan, Hama hirian esaterako, «leku horiek bonbardatzen jarraitzen baitute, eta medikuek bonben mehatxupean egin behar baitute beren lana. Askok ez dute egoera horretan lan egin nahi, hiltzeko arriskua ikaragarria baita. Nahiago dute oposizioak menderatzen dituen mugako tokietan lan egin».

Erregimenaren aurka altxatu diren eremuetan bizpahiru kardiologo baino ez dituzte, minbizia duten herritarrei ezin diete tratamendu egokirik eman, ez dago kimioterapia ematerik. Botikak ere falta dira. «Erietxe gehienek larrialdi erantzunak baino ez dituzte eskaintzen, ezin dute gehiago egin, ez baitakite klinika dagoen lekua bonbardatuko duten ala ez. Inolako bermerik gabe egiten dugu lan. Erietxeak sistematikoki erasotzen dituzte. Eremu matxinoak suntsitzeko erregimenak erabili duen estrategietako bat izan da herritarrak azpiegitura medikurik gabe uztea. Esaterako, Alepon hasiera batean ospitaleen ondoko eraikinak bonbardatu zituzten, eta gero ospitaleari berari egin zioten eraso. Zazpi erietxe suntsitu dituzte».

Salbatzeko modukoen heriotza

Ebakuntza asko egin dira anestesiarik gabe, argindarrik gabe, operazio gelarik gabe, oxigeno ekipamendurik gabe… Eta bonbardaketek eragindako zaurituei, noski, gaixo kronikoak erantsi behar zaizkie, horiek ere tratamendu egokirik gabe geratu izan baitira. «Alepon, salbatzeko moduko herritar asko hil zen erietxerik ez zegoelako», gogoratzen du medikuak.

Alepoko ekialdeko zaurituen ebakuazioan esku hartu zuen Al Dbisek. Nazio Batuek gaixoak hiritik ateratzeko makina bat proposamen egin zituen, baina ez Errusiak ez Assaden Gobernuak ez zuten onartzen. Azkenean argi berdea iritsi zen eta iazko abenduaren 15ean hasi ziren pazienteak oposizioaren mendean dauden inguruetako herrietara eramaten. «1.500 paziente eraman genituen, batzuk zaurituak, besteak gaixo kronikoak. Kontrolak pasa behar ziren: erregimenarena, Errusiarena, Hezbullahrena… Beldurrez ibiltzen ziren, beraien aurka norbait tiroka hasiko zelakoan. Ez zegoen ezer erabat segururik. Guztiek zekiten ez zirela inoiz Alepoko etxera itzuliko. Familia osoa negarrez, eta umeak shock egoeran. Kontroletan gizonezko batzuk atxilotu egiten zituzten. Beste batzuk desagertutzat eman genituen. Jende askok garrasika galdetzen zigun ea aurreko lau hilabeteetan zergatik inork lagundu ez zien, zergatik Nazio Batuek ez zuten ezer egin. Gu, mediku moduan, erietxetara edo iheslari kanpalekuetara eramateko geunden bertan, ez geneukan herritar haiei beste ezer ematerik».

Gerraren beste aurpegi hori ezagutu duen medikuak esan digu zauritu larrienak Turkiara eraman zituztela. Ebakuazioan komunikazio arazoak izan zituzten eta familia askok ez zuten lortu batera jarraitzea. «Zu autobus batera igotzen zinen, baina ez zenekien senarrak beste autobus bat hartzea lortu zuen ala ez eta gero ez zenekien non zegoen. Inork ez zekien kontrolak zeharkatzea lortuko zuen. Beraz, gu familia horiek erregistratzen saiatzen ginen. Gauza bera egin genuen gurasorik gabe atera ziren umeekin», erantsi du. Batzuek 48 ordu egin zituzten autobusean sartuta, ura edateko aukerarik gabe, ezer jan ezinik... Komunera joatea ere debekatuta zuten eta autobusean bertan egin behar zuten pixa, freskagarri botila batean.

Errusiarrek ibilbide bakarra onartu zuten: Alepotik Kafarnaha eta Bab al Hawa aldera, Turkiako mugara: «Norbaitek beste errepideren bat erabiliz gero, bonbardatu egingo zuten». Siriako beste probintziaren batekoa izanez gero, ez zuten bertara joaterik. Kanpalekuetan geratu behar, hotza pasatzen, argindarrik eta berogailurik gabe. Gainera, bonben amesgaiztoa ez zitzaien bukatu: «Erregimenak eta Errusiak zazpi egun baino ez zituzten egin bonbardatu gabe. Ondoren Al Atareb, Kafarnaha, Aleporen inguruak eta Idleb erasotzera itzuli ziren. Ez geneukan zibil horiei inolako bermerik eskaintzerik». Kontuan hartu behar da eremu horietan lehen ere iheslari ugari zegoela, Hama, Homs, Damasko eta Daraya bezalako lekuetakoak.

Ehunka sendagile preso

Medikuak ere errepresioaren biktima izan dira: «Ehunka sendagile atxilotu dituzte Sirian, sistematikoki, erregimenarentzat terroristak baitira matxinoen eremuetan lan egiten duten medikuak. Neroni ere terrorista naiz horientzat. Ezin dut ahaztu Hamako Ismail Abu Garoj 42 urteko neurozirujauaren kasua. Kurnaz hiriko erietxe pribatuan ari zen lanean 2012an. Halako batean, ebakuntza bat egiten ari zela, Armada ospitalera sartu eta langileak zein pazienteak atxilotu zituen. Terrorista bati ebakuntza egitea leporatu zioten Ismaili. Berak erantzun zien Assaden erregimenaren aurka zeuden zibilak baino ez zirela. Urtebete eta bost hilabete eduki zuten kartzelan».

Hamako neurozirujauak gosez hildako presoak ikusi zituen kartzelan, torturatuak, hepatitisak jotakoak, tuberkulosia edo minbizia zutenak, baina ez zuten inolako tratamendurik jasotzen eta hil egiten ziren. Bertako egoera negargarria azaldu zion Dbisi: «9 eta 12 urte bitarteko umeak alde batetik, eta 75etik gorako presoak bestetik, inolako zaintza medikurik gabe. Zerbitzu medikurik ez dutelako preso asko hiltzen da kartzeletan, baldintza penagarrien eraginez; gosearen eta, negu gorrian, hotzaren eraginez. Ismail doktoreari azkenean esan zioten askatu egingo zutela, ez zela errudun. Orain bere itxaropen bakarra bere borreroak auzitegi baten aurrean ikustea da».

Oposizioaren eremuetan egoera berean segitzen dute, larrialdi zerbitzuak baino ez dira ematen eta, esaterako, kimioterapia behar duten pazienteak Turkiara bidaltzen dituzte, Jordaniako mugak hiru urte baino gehiago baitaramatza erabat itxita.

Egoera horretan bizitzeak gaixotasun mentalak ere areagotu egiten ditu, jakina: «Sirian herritar guztiek behar dute laguntza psikologikoa, ez duzu aurkituko gerrak kaltetu ez duen inor. Dagoeneko Turkian bizitzen aste batzuk egin baditut ere, nire emaztea zerbait esplikatzen hasten zaidanean, oraindik isiltzeko esaten diot, edonork entzun dezakeela. Gero harritu egiten naiz beldur hori noraino sartuta daukadan konturatzean».