2017/02/25

Erreportajea
EUSKAL SELEKZIOA
Elkarlana abiapuntu, ilusioa birkoloreztatzeko

Euskal Selekzioaren azken neurketan 15.000 ikusle batu ziren San Mamesen. Tunez zuen arerio, Gabon giroko urteroko neurketan. Emaitzak baino aldarrikapenak jartzen du hizpidea futbol partida horretan, selekzio propioa izatearen nahiak. Azken partidan, baina, hutsik zeuden aulkiek eman zuten zeresan handiena.

Ane Urkiri Ansola
Pd12_euskalselekzioa

Europa eta Latinoamerikan barrena 1937. urtean ibili zen Euskal Selekzioak onarpen oparoa izan zuen, bai etxean eta baita munduan zehar ere, gerra zibila tartean zegoela. 80 urte geroago, baina, helburuak eta indarra erabat aldatu dira. Agirre lehendakariak bultzatutako taldea, euskal jokalari onenek osaturikoa, ongietorri izugarriak jasotzera ohitu zen, batez ere Sobietar Batasunean jokaturiko partiden ondoren. Orain, ordea, Euskal Herrian bertan eszeptizismo handiz ikusten da Euskal Selekzioaren auzia.

2016ko abenduaren 30ean, jaia baino atsekabea izan zen nagusi San Mamesen. 38.289 eserleku hutsik, estadioko kolore gorria nagusi eta kezka non-nahi. Urteek eragina izan dute, eta herritarrek xedea garbi ikusten dutela dirudien arren –ofizialtasuna–, mugimendu gehiegirik sumatze ezak, galderez bete du Euskal Selekzioa eta jokatzen dituen lagunartekoak.

Tristura izan zen sentimendu zabalduena, hain neurketa garrantzitsua izan behar zuenak indarra galdu duela ikustean. «Aurreikus zitekeen zerbait zen. Besteek norbera seriotzat hartzeko, aurrena norberak bere burua serio hartu behar du», dio Beñat Zarrabeitiak, Jauzia erakundeko kideak.

«Guztiek ikusten zuten gerta zitekeela. Ez da ezer egin, ez da aldeko indarrekin edo ekimen berriekin kontatu, eta, giro horrek, zoritxarrez eta tristuraz, eraman du eraman behar zuen tokira», azaldu du Kike Zurutuzak, Euskal Herria Kirola ekimenaren kideak. «Kirolariek ere, orain bederatzi urte edo gehiago, oso borroka gogorra egin zuten egoera hau aurreikusiz; beraien jarduera profesionala ere arriskatu zuten», jakinarazi du atsekabez, orduan ere ikusten baitzen ezer ez zela egiten. «Eta ezer ez egite horrek zapuztu du dena», dio Zurutuzak.

«Selekzioaren aldeko jendea aspertuta dago, desilusionatuta, eta, neurri handi batean, baita nazkatuta ere», aipatu du Martxel Toledo ESAIT erakundea zenaren bozeramaileak. Zergatik? «Agintean dauden horiek ofizialtasuna lortze bidean ez dutelako urrats finko zein sinesgarririk ematen», azpimarratu du.

Aho bizarrik gabe hitz egiten du Toledok, hainbat urtean ESAITen partaide izanda gertutik ezagutzen baitu errealitatea. Berarentzat ez da kasualitatea Gabonetako partida folklore gisa ikustea, edota “turroiaren neurketa” bezala: «Gainera, ofizialtasuna lortze bidean bitarteko baino, Euskadiko Futbol Federazioak dirua lortzeko antolatzen du partida, jakinda orain arte jendearen erantzuna ia beti ona edo oso ona izan dela».

Ideia beretik jarraitu du Zarrabeitiak bere iritzia edo ikuspuntua plazaratzen: «Federazioaren kontuak egonkortzeko partida izan da, potentzial mobilizatzailea indargabetuz».

Helburua zehaztu

«Nazio bat garela sinesten dugun guztiontzat, eta Euskadiko selekzioa maite dugunontzat Gabonetako irudia oso tristea izan zen». Horrela mintzo da Jon Redondo, Lakuako Gobernuko Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria. «2014an, Kataluniaren aurkako neurketaren aurretik, Jaurlaritzaren ikuspegitik aurrerapauso bat eman beharra zegoela plazaratu genuen, eta Gabonetako neurketak bere ibilbidea egina zuela», azaldu du segidan.

«Plan eta herri proiektu bat behar da. Akordio bat behar du herri honek kirolaren esparruan, 2040an zer nahiko genukeen irudikatzea?», bota du airera Zarrabeitiak, helbururik ezean aurrerapausorik ematea zailtzat jotzen duela adieraziz. Guztiak bat datoz Gabonetako neurketak, bere horretan, egin duela egin beharreko bidea esatean. Urteroko kontua, neurketa anekdotikoa bihurtu dela eta itzalean lan gehiegirik egin ez izana leporatzen du herriak. Sare sozialak bero-bero egon ziren neurketan zehar eta hurrengo asteetan. «Urratsak behar dira, folklorismoa alde batera utzi eta ke salmenta alboratuz», azpimarratu du Jauziako kideak.

«Badirudi herri honetan autokritika egitea oso zaila egiten zaiela gure agintariei», mintzo da Toledo, «eta oraingoan ere antzeko zerbait pasatu zaie, gertatutakoaren errua beste batzuengan jarri beraien ardura tapatzeagatik». Aitzakiak erabili direla azaldu du, data kontuak, arerioaren izena edo oihartzuna, zikloaren amaiera, eta abar. Eta bere ustetan, nahiz eta Federazioak kontrakoa adierazi, «egiten dena baino gehiago egitea posible da, baldin eta borondatea egonez gero».

Erantzuleak bilatu beharrean, etorkizunaz eta baikortasunez mintzatzea nahiago du Euskal Herria Kirolaren izenean hitz egiten duen Kike Zurutuzak: «Gaizki egin dela argi edukiz, erantzuleak eta kontu horiek ez zaizkit gehiegirik inporta; gertatu denaz baino, aurrerantzean egin behar denaz eztabaidatzea axola zaigu».

Jada desagertuta dagoen ESAIT alde batetik, Jauzia bestetik, Euskal Herria Kirolaren ideiak eta Jaurlaritzaren planak aipatu zituzten lau protagonistek. Bada, lantaldea osatzea izan beharko litzateke premisa nagusiena. Hau da, eragileak, erakundeak, federazioak eta herria norabide berdinean joatea, betiere xede jakin bat zehaztuz. Hori horrela, Euskal Herria Kirola eta Jaurlaritza jada elkarlanean hasita daude, eta Jauziak Euskadiko Futbol Federazioaren deia espero du kooperatzen hasteko: «Prest egon beharko litzateke elkarrekin lana egiteko, inplikatutako agente guztiek zeresana dute ofizialtasunaren alde aurrera egiteko-eta».

Federazioarekin ere adiskidetu da Euskal Herria Kirola, orain arteko diferentziak ahazten saiatu ostean. «Esan dezakegu orain arte izan ez dugun elkarlanerako jarrera adierazi digula», aipatu du, izan ere, 2012an ESAITekin batera antolatu zuten emakumezkoen selekzioaren lagunartekorako, Federazioak ez zuen eskurik bota. Gainera, Anoetan 10.000 ikusle batu ostean Euskal Herriko selekzioaren eta Eslovakiaren arteko norgehiagoka ikusteko, Euskal Futbol Federakundeak beregain hartu zuen emakumeen selekzioaren lagunartekoaren antolakuntza, ESAIT eta Euskal Herria Kirolarekin erabat ahazturik. «Ez zigun biderik eman laguntzeko, dena den, garrantzitsuena egiten dabiltzala eta urratsak ematen ari direla da», gaineratu du Zurutuzak.

FIFA data

Emakumeekin ematen ari diren aurrerapausoekin jarraituz, iazko azaroaren 26an jokaturiko neurketa azaleratu du Jon Redondok. FIFA datetan jokatu zen. Hau da, espainiar selekzioak, frantsesak, ingelesak eta beste hainbatek lagunartekoak zituzten bitartean, gehienbat aurten Herbeheretan jokatuko den Eurokopara prestatzeko. Asteburu horretan, bada, Euskal Selekzioak bere lekua izan zuen nazioartean, Irlandan hain justu, eta, ETB1 kateak eskainitako emankizunak audientzia kaskarra izan bazuen ere, Redondo harro da emandako urrats horrekin: «Emakumezko futbol selekzioarekin egin da, zergatik ez dugu egingo gizonezkoekin?»

Gasteizko Gobernua Euskadiko Futbol Federazioarekin harremanetan jarri dela jakinarazi du Redondok, eta helburuetako bat FIFA datetan jokatzea dela azpimarratzen du behin eta berriz. Baina hori ote konponbidea?Bada, gainerako hiru iritziak batuko ditugu segidan. Beñat Zarrabeitiarekin hasiz, bilbotarrak dio jendeari egia esan behar zaiola: «FIFA datetan jokatzeak aurrerapausoa suposatuko luke, baina, urteko FIFA data guztietan jokatzen bada, gizon zein emakume eta baita 21 urtez azpiko selekzioarekin ere». Horrekin, ordea, arazoak ez lirateke desagertuko, Zarrabeitiak dioen moduan, Espainiak edo Frantziak beraien deialdietan euskaldunen bat sartuz gero, jokalari horiek estatu horietako selekzioarekin jokatu beharko lukete-eta. Eta jada errealitateak eskaini digu adibiderik, Irene Paredes kasu. Euskal Selekzioak FIFA datetan jokatzeagatik legazpiarra deitzea ezinezkoa izan zen, aldi berean Espainiak deitu baitzuen Frantziaren aurka jokatzeko.

Kike Zurutuzaren iritziz ere, urrats bat suposatuko luke baina txikia, konponbidetik oso urrun. «Data ofizialetan jokatuko litzateke eta arerio hobea lortzeko bidea emango luke, baina ezinezkoa da horren baitan proiektu bat eustea», azaldu du.

«Gabonetako partidaren porrota ez dago lotuta dataren arazoarekin, hainbat faktore izan dira eragileak», uste du Martxel Toledok. «Zentzu horretan, FIFA datak aipatzea arazo horren konponbide modura, soluzio baino, aitzakia gisa ikusten dut, jendea beste hainbat urtez engainatuta edukitzeko», salatu du. Izan ere, data horietan jokatuta ere, lagunartekoez hitz egingo genuke eta ofizialtasunaren arazoak berdin-berdin jarraituko luke. «Edo zer egon behar dugu, beste 40 urtez ‘turroiaren partidaren’ ordez ‘laranjaren partida’ jokatzen FIFAren datak direlako?», galdetzen du Toledo berak. «Izan gaitezen serio eta zintzoak eta ekin diezaiogun behingoz arazoaren muinari», dio sendo.

Galdera batetik bestera. Hau da, Euskal Selekzioaren egungo errealitatera. Zein da benetan arazoaren muina? Jokalariek beraien konpromisoa erakusten dutela guztiak bat datoz. Beharbada adostasun puntu bakarra da gainera. «Jokalarien inplikaziorik gabe Korsika edo Kataluniako neurketak ez lirateke posible izango», baieztatu du Zarrabeitiak, adibide moduan.

Martxel Toledok, bere aldetik, gogora ekarri du 2007an pankarta egiteko lana jokalariek beraiek hartu zutela, ordura arte ESAITen kideek egin eta zelairatzen baitzuten. 2007ko ekainean Venezuelan bertan, aurreneko aldiz, “Ofizialtasuna nahi dugu” pankartarekin zapaldu zuten berdegunea. Horrez gain, urte berean, jokalariek beraiek manifestu bat argitaratu zuten Euskal Futbol Federazioari konpromiso serio bat eskatuz. “Euskal Herriko Kirolariak” titulupean helarazi zuten beraien sentipena, Federazioak Gabonetako partida dirua lortzeko neurketa soil gisa ikusten zuela zabalduz. Hori horrela, ESAITek babesa eskaini zien kirolariei.

Kirolarien inplikazio maila gorenera heldu zen 2007an eta urte bukaeran Bilbon sortu zen giroa, Euskal Selekzioa eta Kataluniaren arteko neurketa hasi baino ordu batzuk lehenago, izugarritzat jotzen du Toledok: «Egun osoko jaia ESAITen eskutik, Bilboko kaleak jendez lepo, 30.000 pertsona inguruk osatutako manifestazioa, San Mames beterik… Kristoren giroa egon zen eta neurri handi batean, jokalariei ere zor diogu hori guztia, garai bateko elkarlanaren ondorio ederra izan zen».

Proiektua indartzeko politika

Elkarlanerako asmoa desagertzen zihoala, ESAITek bere ibilbidea amaitzea erabaki zuen 2015ean, beste eragile batzuei lekukoa emateko, «baina zoritxarrez badirudi saiakera izan dela, inork ez baitu seriotasunez hartu lekukoa», dio Toledok, ESAITeko bozeramailea zenak. Hemezortzi urtean akuilu lanak egin zituen ESAITek ofizialtasunari begira arlo instituzional, politiko eta federatiboan; eta, bestetik, euskal gizartean sortu behar zen ilusioa eta itxaropena hauspotzen saiatu zen. Desagerpenak, kasualitatez, Euskal Selekzioaren egoera kaskarra ekarri digu: «Gelditu den egoera ikusita pena ere ematen dit, azken finean aldarrikapena desagertu da, eta, kaltetua, neurri handi batean, ofizialtasuna nahi duen herria bera izan da».

ESAITen agurrarekin, 2015ean Jauziak eginiko pankarta atera zuten San Mameseko zelaira, “One nation, one team” lelopean. Euskal Selekzioaren azken neurketan, ordea, giro ilunaren seinale gisa ez zen pankartarik zelairatu. «Egungo egoeraren isla da», gehitu du Toledok.

Eusko Jaurlaritzak ere euskal selekzioen gaur eguneko egoera hobetzeko erantzukizuna hartu du, eta, hala, Redondok esandakoaren arabera, aurreko legealdian txosten juridiko bat eskatu eta plazaratu zuen, nazioarteko federazio ezberdinen egoera aztertuz. «Euskadiko federazio bat nazioarteko kirol federazio batean sar daiteke, estatu ez diren beste herrialde batzuk sartu diren bezala. Horretarako, gainontzekoek onartu egin behar dute eta euskal federazioak nazioartekoaren arauak bete behar ditu», jakinarazi du, Eusko Jaurlaritzak federazioei bide hori aurrera eraman eta ofizialtasunerantz pausoak emateko lankidetza eskaini ziela gehituz.

Badira estatu izan gabe selekzio ofizialak dituzten nazioak. Redondo horren jabe da eta badaki posible dela, «estatu independente bat izateak gauzak erraztuko lituzkeen arren». Hortaz, Espainiako federazioek, zuzenki edo zeharka, paper garrantzitsua jokatzen dute euskal selekzioen ibilbidean. Futbolaren kasuan, aurrez aurre topo egiten dute bi federazioek, Euskadikoan dauden batzuk, aldi berean, Espainiakoaren kide ere badirelako, eta «nola egingo dute Espainiako Federazioaren aurka, ondoren bertako kargudun izateagatik irabaziak jasotzen badituzte?», izan da Toledoren hausnarketa.

«Garbi dago Estatuak gai honetan ez duela laguntzen, ez baitago Estatuaren nazio aniztasunaren ikuspegi hori. Eta estatuko federazioetan ere garbi ikusten da. Alabaina, hori gure esku ez dagoen gai bat da, gure esku dagoena da Euskadiko federazioek nazioarteko ofizialtasunean sinestea eta aurrerapausoak ematea», argitu nahi izan du Jon Redondok, gogoraraziz Sokatirako Euskal Selekzioak Munduko Txapelketan parte hartu zuela (Espainiako Sokatira Federaziorik ezean, oztopo askoz gutxiago aurkitu ditu bidean, noski).

Martxel Toledoren aburuz, aurrerapauso serioa emateko, ofizialtasunaren auzia agenda politikoko gai nagusietako bat izan beharko litzateke, eztabaidatzeko eta negoziaketarako: «Arazo politikoa da, eta horrela den heinean Eusko Jaurlaritza eta euskal erakundeen babesa ezinbestekoa da, zintzoki jokatuz; eman behar diren urratsek, batik bat Madril eta nazioartera begira, ausardia eta konpromisoa eskatzen dutelako». «EAJk askotan erabili du selekzioaren gaia hauteskunde garaian, baina, gero, Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko Madrilera eramaten dituzten gaien zerrendan, euskal selekzioen auzia ez da inoiz ere jorratzen», jarri nahi izan du adibide modura oiartzuarrak.

Euskal Selekzioa kolokan dagoelarik, 2020an espainiar selekzioak San Mamesen jokatuko ditu Eurokopako neurketak eta horrek giroa erabat astindu du. Hiriburuarentzat eta «Euskadirentzat», turismo aldetik zein ekonomia arloan, onuragarria izango dela uste du Redondok: «Guri gustatuko litzaigukeena Euskadik ofizialki Eurokopa batean jokatzea da, eta horretan lan egin behar dugu. Baina hori lortzen ez dugun bitartean geldirik geratzeak edota txapelketa eta nazioarteko ikuskizunei bizkarra emateak ez du zentzurik».

Hitzordu hori heldu bitartean, Martxel Toledoren esanetan, Euskal Futbol Federazioak pilak jarri eta datozen urteetan zenbait urrats emango ditu agian, 2020ko txapelketa eta espainiar selekzioaren presentzia zertxobait disimulatzeko. ESAITeko bozeramaile ohiaren beldurra, baina, Euskal Selekzioaren egoerak atzera egingo ote ez duen da, behin espainiar selekzioak Bilbo bisitatu ostean.

Historiari begirada

Euskal Selekzioaren historian, benetan garrantzitsua izan zen 1937a. Agirre lehendakariak Euzkadi izenarekin ezagutu zen futbol selekzioa bultzatu zuen eta neurketa gehienak Latinoamerikan, Sobietar Batasunean eta Europa iparraldean jokatu zituen taldeak. Lagunartekoak guztiak ere, baina xede finko batekin: gerra betean zen Euskal Herriarentzako dirua biltzea herritarrek, batez ere haurrek, goserik pasa ez zezaten, eta, bide batez, Euskal Herriaren egoera bisitatzen zituzten lekuetan ezagutaraztea. Europan ibili ostean, Atlantikoa zeharkatu eta Amerikan egin zuen bira txiki bat selekzioak. Txikia hasieran –Argentinaren debekua barne– baina luzea gerora: 1938an Mexikoko Ligan parte hartzen amaitu zuen Euzkadi izeneko selekzioak. Hurrengo urtean, gerra zibila amaitzean, ezerezean geratu zen taldea.

Egungo egoera eta etorkizuneko urratsak emateko garrantzitsutzat jo daiteke selekzioaren hasiera. Martxel Toledo berak, lagunartekoetatik harago joatea eskatzen du, txapelketa moduko bat sortzea, jendea ilusioz betetzeko. «Torneo txiki bat, hiruzpalau selekziorekin, ‘Lehendakariaren Txapelketa’ izena jarri eta emaitzen arabera txapeldun bat izendatu», gomendatu du. Zerbait egin beharraren beharra, urteroko lagunarteko xumetik urrunduz eta Euskal Herria munduan zabaldu eta ezagutarazteko.

Azterketa, analisi, iritzi pilaketa honetan emaitza bigarren, hirugarren, laugarren edo azken planora pasa da. Irabazi, galdu edo berdindu, auzi garrantzitsuena ofizialtasuna dela azpimarratu nahi izan baitute guztiek. Bakoitzak bere aburuarekin baina nahi berdinarekin. Toledoren esanetan, azken neurketako etsipenak, tristurak, porrotak zerbait aldatuko badu, ongi etorria izan dadila: «Otsoa etxe barruan ikusi genuen; gaitz erdi egungo egoeratik beste hobeago batera pasatzeko balio badu».

Guztiak bat datoz Gabonetako neurketak, bere horretan, egin duela egin beharreko bidea esatean. Urterokoa, anekdotikoa bihurtu da eta askok itzalean lan egin ez izana salatzen dute

Lakua Euskadiko Futbol Federazioarekin harremanetan jarri dela eta erronketako bat partida FIFA datetan jokatzea dela nabarmendu du Jon Redondok. Baina hori ote konponbidea?

Badira estatu izan gabe selekzio ofizialak dituzten nazioak. Redondo horren jabe da eta badaki posible dela, «estatu independente bat izateak gauzak erraztuko lituzkeen arren»

Espainiako Federazioak paper garrantzitsua jokatzen du. Aurrez aurre topo egiten dute bi federazioek, Euskadikoan dauden batzuk Espainiakoaren kide ere badirelako aldi berean

Euskal Selekzioa kolokan dagoelarik, 2020an espainiar selekzioak San Mamesen jokatuko ditu Eurokopako neurketak eta horrek giroa erabat astindu du

Bitartean, Martxel Toledoren esanetan, agian Euskadiko Federazioak pilak jarri eta datozen urteetan zenbait urrats emango ditu, espainiar selekzioaren presentzia disimulatzeko

Jon Redondo: «2014an, Kataluniaren aurkako neurketaren aurretik, Jaurlaritzaren ikuspegitik aurrerapauso bat eman beharra zegoela plazaratu genuen, eta Gabonetako neurketak bere ibilbidea egina zuela»

Kike Zurutuza: «Gaizki egin dela argi edukiz, erantzuleak eta kontu horiek ez zaizkit gehiegirik inporta; gertatu denaz baino, aurrerantzean egin behar denaz eztabaidatzea axola zaigu»

Beñat Zarrabeitia: «Aurreikus zitekeen. Besteek norbera seriotzat hartzeko, aurrena norberak bere burua serio hartu behar du. Plan eta herri proiektu bat behar da. Herri honek akordio bat behar du kirolaren esparruan»

Martxel Toledo: «Gelditu den egoera ikusita pena ere ematen dit ESAIT gelditu izana. Finean aldarrikapena desagertu da, eta, kaltetua, neurri handi batean, ofizialtasuna nahi duen herria bera izan da»