Antton Izagirre

Gure Herria

Martxoaren 19rako Gure Esku Dago elkarteak bultzatuta Tolosaldean egin asmo den galdeketaren harira, besteren artean Bernardo Atxagak hartu zuen parte mahai inguruan, galdeketa mota hauekiko bere ezkortasunaren funtsa eman zuen aditzera eta, besteak beste, “gu” eta “herri” kontzeptuen gaineko eztabaida jarri zuen mahai gainean.

Atxagaren ustez, “gu” eta “herri” horiek ez daude definituta eta funtsezkoa deritzo zehaztasun horri. Ez da hori beharbada galdeketa honek duen eztabaida gairik larriena, baina, tira, eztabaida politikoan ageri diren jarrera desberdinak islatzen eta argitzen hasteko balio lezake.

“Gu” eta “herri” kontzeptuak gizabanakoak zein gizatalde batek eraikitzen dituen adimen irudiak dira. “Gu” kontzeptua “ni” eta “besteak” kontzeptuei aurrejarririk eraikitzen dugu. “Herri” kontzeptua, aldiz, “gizarte” kontzeptutik aldentzen da; hala, bere konplexutasunean, komunitate baten kultura eta ikusmolde mankomunatua dituen gizatalde jakin bati egiten dio erreferentzia. Gure eguneroko dialektika politikoan ere, kontzeptu desberdin horiek, beren baitan baino, aurkaritza dinamikan eraikitzen dira.

Batetik, “gure esku dago” esaten dugunean, batzuek diogu, “gu” horrek, euskal herritar ororen borondate libreari egiten diola erreferentzia, euskal lurraldeetan bizi eta lan egiten duten guztioi aitortzen zaigula erabakitzeko eskubidea. Nolako herria izan, nola antolatu eta gainerako herriekin nolako interdependentzian bizi nahi dugun erabakitzeko gaitasunaren aitortza egiten dugula. Beste batzuek, aldiz, “gu” horren baitan Estatu espainiarreko eta Estatu frantseseko herritarren edota aginte politikoaren borondatea barneratzen dute eta erabakitzeko eskubidea haiek ezarriko duten muga eta eredura baldintzatu eta makurrarazten dute.

Hitz eta kontzeptuen gaineko hausnarketak, ideien arteko eztabaidak eta dialektikak duen garrantzia eta betebeharra baztertu gabe, pentsamendu hutsetik ekintzetara salto egiteak duen garrantziari balioa eman behar diogu. Martxoaren 19an, estatu burujabe bateko kide izan nahi dugun galdeketan parte hartze hutsa, “gu” eta “herri” kontzeptuen esanahia zehazteko ekimen aproposena izan daiteke. •