Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Nora

Nora egiten du ihes munduan egon nahi ez duenak? Ordulariak behar baino azkarrago doazenean, semaforoek gorriz agurtzen gaituztenean, kale ertzera itzal bat agertzen zaigunean nora joan denboraz kanpo dagoen leku honetara ez bada, lekuz kanpo dagoen denbora honetara ez bada: hondartza bat otsailean edo otsail bat hondartzan, norberak nahi duenaren arabera. Berokiarekin kokotsa estali eta toallarik azpian jarri gabe galtza bakeroak hareatan jarri dituzu. Mundua atzean dago: kamisetek argi egiten dute galtzamotzen gainean lasterka doazenen soinetan. Autobusek jendea botatzen dute beren metalezko ahoetatik aspaldiko igande batean zuk komun-zuloan sabelak husten zenituen antsia berarekin, mundua ere ajeak jota dago zure bizkarrean eta zuk ere ajea duzu, galbana, biharamuna edo biharamun bat baino gehiago, eta bezperaren bat ere bai akaso: mundua aldatuko den egunaren bezpera, hipoteka ordaintzez bukatzeko egunaren bezpera, lanpostu finko baten bezpera, guraso izatearen bezpera, bikotearekin hasteko bezpera, bezpera batetik bestera: ordulari bat ikusten duzu Antiguako tunelaren ondoko autobus geltokian eta beste bat daramazu eskumuturrari lotuta, eta ez dakizu orratzak aurrera doazen edo atzera kontaketa bat ote den bizitzen ari zarena: iristear dagoen une horretara iritsi arteko absentzia hori ote den eztarria lehortzen dizuna. Iparra sartu da Santa Klararen atzetik. Sudurzuloetatik sartu zaizu gatza eta galtzarbeetatik haize firfirak, metalezko inurriak balira bezala.

Olatu bat lehertu da zure parean. Hondar aleak imajinatu dituzu aparrezko hortza zuriek irensten dituztela. Birikak ez zaizkizu haragipean kabitzen; umetan olatu batek azpian harrapatu eta galtzerdi bat garbigailuan bezala bueltaka ibili zintuen arratsalde hartaz oroitu zara. Sekula ez zaizu igeri egitea gustatu izan. Zure lagunekin ere gogoratu zara: nola joaten ziren Gabarroira hasieran eta Santa Klarara ondoren. “Irlandara ere bai, nahiko balute” pentsatzen zenuen zurekiko, zure beso fin eta gorputz hezurtsu harekin alderatuz. Inoiz ez zenuen estilorik izan igeri egiteko. Akaso horregatik gustatuko zitzaizun hainbeste urpean ibiltzea, inork ikusi gabe. Lotsatan kentzen zenuen kamiseta Ondarretako uda haietako eguzkipean, inork zure zilborra ikusterik nahiko ez bazenu bezala. Ederki aldatu dira garaiak. Zure zilborra ez da kanporantz soilik hazi: medikuek umetan ez zuten korapiloa ondo egin nonbait, eta zenbat hitz sartu zaizkizun, zenbat nabarmendu behar. Umetan murgil egitea gustatzen zitzaion hura azaleratu eta azaldu, biak egin zen, eta nabarmendu beharrez zabiltza orain, urpean duzunak kezkatuko ez bazintu bezala. Baina korapilo demonioa da zilborrarena: zu ere lotu egiten zaitu batzuetan. Horregatik etorri zara gaur hona, ihesi. Ihes egitea joko-arauak onartzea ere baden arren. Ordulariko orratzak pasa daitezela azkar. Azkar joateak arin joango direnik esan nahi ez badu ere. “Mundua ala norbera”, Ruperrek kantatzen duen gisan.

Itsasora begiratu eta egunkariko albiste bitxi harekin oroitu zara. Kontinente berri bat agertu omen da. Hor bazegoen berria ere ez dela izango pentsatu duzu zure artean. Zeelanda Berria ez omen da kontinente horretako mendilerro bat besterik; urpean omen dago lur gehiena. Icebergetan bezala. Eta hiztegiekin ere ez ote den gauza bera gertatzen pentsatu duzu: hitzek ere ez ote dituzten beren geruza gehienak ezkutuan gordetzen, gu bezain aurreiritziz beteak direla disimulatzeko. Zuk ere gauza bera egiten duzula ohartu zara: erakutsi nahi duzuna soilik jartzen duzula besteren bistan. Beste lagun harekin ere akordatu zara: mundua jada ez dela aldatuko esan zizun harekin, gauzek dauden bezala segituko dutela beti, onena dena utzi eta ihes egitea dela. Baina nora egingo du ihes mundua zilborrera lotuta daramanak? •