amagoia.mujika@gaur8.info
infraganti

NEREA ARRIOLA

Idoia Txoperena «Supertxope» youtuber euskalduna; 69 urte dituela armairutik atera eta Info7 irratian bere bizi abentura berria kontatzen duen Dolox; eta telebistaren pantailatik sofan eserita daudenak zirikatzen dituen Katixa. Denak abiatzen dira Nerea Arriolatik. Donostiarra da, lanbidez erizaina eta umorea ez du ia inoiz eranzten.

Nerea Arriola donostiarra da, 28 urte ditu eta erizaina da lanbidez. Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean lan egiten du. Baditu, baina, azken hilabeteotan oso ezagun egin diren beste aurpegi batzuk; Supertxope, Katixa eta Dolox, kasu.

«Nik betidanik izan dut antzerkiarekin harremana. Zurriola ikastolako ikaslea naiz eta bertan dagoen Antzerki Eskolan hasi nintzen 8 urte nituela. Eta berehala harrapatu ninduen antzerkiak». Beti ibili da antzerkiaren saltsan, baina azken hilabeteetan sare sozialetara, irratira eta telebistara egin du salto berezkoa duen graziarekin eta horregatik egin da ezagun.

«Azken sei urteotan Donostiako Piraten inguruan ibili izan naiz, Irrikitaldian parte hartzen eta bideoak-eta egiten. Engraxi pirata izan nintzen lehenengo eta iaz Dolores Mujika izan nintzen, Dolox, 69 urterekin lesbiana dela konturatu eta armairutik atera den donostiarra».

Hiru Damatxo faktoriakoek bazuten, beraz, Nerea Arriolaren berri eta iazko hauteskundeetan bideo bat egin zuten elkarrekin, EH Bildurentzat botoa eskatuz. «Hori kasualitatea ere izan zen. Lehenago nire lagun bati deitu zioten eta hark esan zien niri esateko», gogoratu da Arriola. Hor hasi zen guztia. Handik gutxira freskotasuna eta hitz-jarioa zituen norbaiten bila zebiltzanean, berriz hurbildu ziren beregana.

«EH Bildurentzat botoa eskatzen zuena Idoia Txoperena zen. Oso harrera ona izan zuen pertsonaiak eta erabaki zen Sorturen youtuberraren proiektu berrira ere bera ekartzea». Hor sortu zen Supertxope, bere buruaz eta ezker abertzaleaz barre egiten duen youtuberra. Guztira zazpi bideo izan ziren eta sekulako arrakasta izan zuten; 100.000 ikustaldi inguru izan dituzte Supertxoperen ateraldiek.

«Umore freskoa da, jende asko identifikatuta sentitzen da, euskalduntasunarekin sartzen da... askok erabat sinetsi zuen Idoia Txoperenaren pertsonaia eta askori sekulako grazia egin zien. Egia esan hasiera batean ez nuen halako arrakastarik espero eta erotuta ibili nintzen nire bizitza bikoitzarekin. Berehala komunikabide desberdinak hasi zitzaizkidan deika eta gaindituta sentitu nintzen. Idoiaren mundua Youtube zen, ez zeukan bizitza errealik. Komunikabideetatik Idoiari buruzko gauzak jakin nahi zituzten, eta nik ez nekien Idoia Txoperenaren gurasoek nola izena zuten ere! Sekulakoa izan zen». Azkenean, baina, asmatu zuten olatuari txukun eusten.

Youtubeko zirrikituen berri duten adituek berehala nabarmendu zuten Supertxoperen bideoen kalitatea. «Bideoak oso onak dira; gidoia, argiztapena.... bistakoa da aurreprodukzio lan on bat dagoela eta edizioa ere primerakoa da». Gidoiei begiratuta, «kuadrilla guztietan noizbait aipatutako gaiak» direla uste du Arriolak.

Supertxopek, bere buruaz ez ezik, ezker abertzaleaz ere barre egiten zuen bideo horietan. Ez omen zaio kritika garratzik iritsi horregatik. «Orokorrean kritika onak jaso ditugu. Egongo da umore klase hori gustatzen ez zaionik, baina kritika txarrik ez dut jaso. Badut lagun bat, ezker abertzalekoa dena, bideo bat igotzen genuen aldiro haserre samar deitzen zidana. Baina azkenerako ulertu zuen proiektua. Orokorrean, baina, jendeak ondo hartu ditu bideoak. Ikusten da ez dagoela intentzio txarrik, dagoena bihurrikeria da, eta, nire ustez, bihurrikeria sanoa».

Supertxopek badu Nerea Arriolatik zeozer. «Nik ez daukat umore estilo hori, nahiz eta asko gustatzen zaidan. Eta egia esan asko ikasi dut Supertxoperekin. Nik eman diot gorputza, alaitasuna... eta lepoko mugimendua ere nire-nirea. Batzuetan gehiegi esajeratzen dut eta kontrolatu egin behar dut, baina ez dago muntaiarik, lepoko mugimendua benetakoa da».

Info7 irratiko Dolox

Supertxoperen garai bertsukoa da Dolores Mujika, Dolox, Info7 irratian txoko propioa duena. «Donostiako Piratekin sortutako pertsonaia da Dolox. Emakume heldua da, 69 urtekoa, donostiarra da eta pipertuta bizi da. Nazkatuta dago piratekin eta zorrotz kritikatzen ditu emakume eredu zenbait; homosexualak, tatuaiaz beteta daudenak, eredu hegemoniko femenino horretatik ateratzen direnak... Horregatik erabaki genuen une batean Dolox homosexuala zela konturatzea eta bere aurreiritzi guztiak hankaz gora jartzea. Bat-batean konturatu zen bere betiko lagun Karmenekin maiteminduta zegoela. Horregatik Info7 irratitik deitu zidatenean, irratira Dolox eramatea erabaki nuen. Ni, berez, Nerea bezala, nahiko motela naiz, grazi gutxikoa, eta beti behar izaten dut ausardia emango didan pertsonaia bat. Errazago hitz egiten dut beste pertsona baten ahotik nire ahotik baino, oso lotsatia naizelako».

Doloxek, armairutik atera denetik, dena desberdin ikusten du, bere hiria eta bertako hiritarrak desberdin ikusten ditu eta aldaketa horien berri ematen du Info7 irratian. «Transformazio zoragarria izaten ari da», dio Arriolak.

Telebistara, Katixarekin

Supertxoperen eta Doloxen ondoren etorri zen Katixa, Euskal Telebistako “Euskalduna naiz eta zu?” saioko pertsonaia. «Hasiera batean zalantza handiak izan nituen, ulertu bainuen Supertxope telebistara eraman nahi zutela eta ez nintzen horren aldekoa. Uste dut Supertxopek sare sozialetan geratu behar duela. Gero, baina, aipatu zidaten formatua gustatzen zitzaiela eta pertsonaia aldatzeko prest zeudela. Hiru Damatxokoak ere programa horretan zeuden eta azkenerako animatu egin nintzen. Ezpainak eta begiak margotu nituen –sekula egiten ez dudana–, kamerari zuzenean begiratu nion eta Katixa agertu zen», kontatu du.

Eta telebistaren bidez, Youtubera iristen ez diren eta Supertxope ezagutzen ez zuten jende askorengana iritsi zen Katixa. «Telebistan agertzea aldaketa handia izan zen. Bat-batean ezagun askok esan zidaten ‘telebistan ikusi zaitut’. Egia esan azken sei-zazpi hilabeteotan asko aldatu da nire bizitza. Asko ikasi dut, erronka askori aurre egin behar izan diet eta bizitza errealean dudan segurtasun-gabezia gainditu behar izan dut. Erronka polita izan da».

Hala ere, dena oso azkar joan den sentsazioa dauka Arriolak. «Proiektuak bata bestearen atzetik etorri dira eta oso azkarra izan da dena. Ni beste era batera lan egiten ohituta nengoen, askoz ere lasaiago, hilabete luzeak entseatzen... Akaso, denbora gehiago izango banu, gauza batzuk aldatuko nituzke. Supertxoperen kasuan ez, gustatzen zait egin duen bidea. Baina Katixaren kasuan pertsonaia gehiago garatzeko gogoz geratu naiz egia esan. Dolox, berriz, garatzen ari da pixkanaka-pixkanaka».

Umorea, tresna eraginkorra

Umoregilearen iritziz, «gure buruaz barre egiten ikasi behar dugu», eta euskaldunak horretan ari garela iruditzen zaio. «‘Vaya semanita’ hasi zen bide horretan, nire ustez gauza batzuetan asmatuz eta beste batzuetan ez hainbeste. Ondoren etorri dira beste saio batzuk. Norbere buruaz barre egitea garrantzitsua da. Umorea, ondo erabiliz gero, tresna oso eraginkorra eta indartsua izan daiteke. Dena ez da zilegi umorean, baina gaitasun kritikoarekin egiten den umoreak botere handia eduki dezake».

Izan ere, umorea aise lotzen da burlarekin edo gauza hutsalekin, eta maiz ez zaio ematen daukan garrantzia. «Umoreak balio du jendarte bat eraikitzeko eta baita deseraikitzeko ere. Ez zaio ematen merezi duen arreta eta garrantzia. Umorea gauza oso serioa da». Horregatik aldarrikatzen du herri honek duen barre egiteko beharra eta barre egiteko eskubidea. «Gure historia oso latza izan da. Akaso iritsi da gure historiaz ere barre egiteko garaia. Kontuz eta neurriz egin behar da, baina, zergatik ez?».

Umorea, beraz, ez da tontakeria bat Arriolaren begietara eta zorrotz aztertu beharko genuke egiten dugun umoreak edo jasotzen dugunak zer-nolako balioak transmititzen dituen. «Feminismoak, adibidez, erabiltzen du umorea jendartea eraldatzeko tresna modura. Nire ustez, gainera, oso modu kritikoan eta eraginkorrean egiten du».

Arriolak erraz barre egiten du, «asko gustatzen zait barre egitea», eta umoreak pisu handia dauka bere bizitzan, edo saiatzen da behintzat hala izan dadin. «Erizain lanean ere ezinbestekoa da umorea. Zainketa Intentsiboetako Unitatean oso muturreko egoerak bizi ditu jendeak eta eskertzen da irribarre gozo bat, hitz polit bat eta tarteka, zergatik ez, tonu egokiko umorezko aipamenen bat». Eta lankideen artean bereziki garrantzitsua omen da umorea. «Egunero bizi ditugun egoerei umorez buelta ematea behar-beharrezkoa dugu lankideok», esan du.

Orain buru-belarri ari da antzerkia ikasten, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean hiru urteko aktore formakuntza egiten ari baita. «Egunero lau ordu inguru eskaintzen dizkiot antzerkiari eta oso pozik nago. Lehenengo aldia da serio samar aritzen naizena aktore formakuntzan eta asko ikasten ari naiz. Gozatzen ari naiz».

Seguru formakuntza horretatik beste pertsonaia mordoa sortuko direla, guztiak ere Nerea Arriolatik abiatuta. •