Izaga, Xabier
IKUSMIRA

DISKRIMINAZIOA DEFENDITZEA, LOTSAGARRI. ERRAZTEA, AREAGO

Hori izan da aldarrikapen nagusia aste honetan Euskal Herriko kaleetan. Beharko zorroztu –feminismoak egindako bidea gutxietsi gabe, ezta hurrik eman ere–, lekutan baitago oraindik berdintasuna, joan den astean Janus Korwin-Mikke eurodiputatuak gogorarazi zuen bezala. «Emakumeek gizonek baino gutxiago irabazi behar dute, ahulagoak, txikiagoak eta kamutsagoak direlako», esan zuen. (Des)arrazoibide horren arabera, Korwin-Mikkek ez luke zentimorik kobratu behar, nonbait. Europako Parlamentuak, asaldatuta, haren kontrako ikerketa zabaldu du. Edonola ere, ez dirudi parlamentari horien asaldurak Korwin-Mikkek defendatzen duen egoera aldatuko duenik, ez behinik behin Parlamentu horretako alderdi gehienek hitzez ez baina bai egitez emakumeek lan munduan diskriminazio nabarmena jasatea errazten eta are sustatzen duten bitartean. Esatea, lotsagarri. Batez ere egiten duenarentzat. Xabier Izaga Gonzalez