Iñaki Soto

Errepublikanismoa eta bulkada komunitarioa

Ikusgarriak. Ipar Irlandako hauteskundeetako emaitzak ikusgarriak dira, edonondik begiratuta ere. Orokorrean, hauteskundeak une politiko jakin baten isla diren arren, kasu honetan sakoneko joeren adierazle ere badirela uste dut. Irlanda batu baten proiektuarentzat mugarri ere izan daitezke, asmatuz gero. Sinn Fein izan da, zalantzarik gabe, irabazle nagusia. Alderdi errepublikanoak behartu zituen hauteskundeak eta emaitzok arrazoia eman diote. Aurrera begira, Michelle O’Neill lider berriak kanpainan zehar behin eta berriz esan duenez, «ez dago statu quo-ra bueltatzeko aukerarik».

Datu esanguratsuenak: demografia, metodoa eta lidergoa

Lehenik eta behin, parte hartzea nabarmendu behar da, %65, inoizko altuena. Parte hartze handienarekin unionismoaren gehiengoa bertan behera geratu da eta horrek aurrerantzean dinamika politikoa zeharo aldatuko du. Jarlath Kearneyk “Irish News”-en azpimarratzen zuenez, aldaketa demografikoa gauzatu da [goo.gl/uSsSug]. Horren ondorioak oso sakonak dira.

Lehendabiziko ondorioa, ordea, zuzena da: gehiengoa galtzeak eta Sinn Feinekiko aldea txikitzeak unionismoaren krisia areagotuko du. Izan ere, Sinn Feinen 224.245 bozak (bozen %27,99), alderdi abertzale batek sekula lortutako emaitza onena dira. 200.000 bozen muga mentala birrindu dute eta DUPetik 1.168 bozetara geratu dira, unionisten alderdi nagusiaren eserleku batera (27/28). Blokeei buruzko Chris Donnellyren irakurketa orokorra interesgarria da [goo.gl/Aqxygx].

Jario errepublikano horren iturria bikoitza da. Alde batetik, errepublikanoek bidean galdutako bozkatzaileak mobilizatu dituzte. DUPen nagusikeriaren aurrean planto egin izanak eta unionisten jarrera erasokorrak asko lagundu du horretan. Beste alde batetik, boz berriak lortu dituzte, batez ere gazteen artean. Sinn Feinen hauteskunde-aparatuak funtzionatu egin du. Metodoa oso findua dute: ondo antolatutako eta komunitatean oinarritutako sarea; helburu eta estrategia argien arabera, xede errealisten arabera lan egiten duena; gainera, lan gaitasun itzela dute, eta, agitprop-az gain, atez ate auzoak goitik behera ibiltzen dituzte.

O’Neill bera, alderdian ematen ari den belaunaldi aldaketaren erakusgarri da. Berdintasuna da errepublikanoen lelo nagusia eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean azken hamarkadan egin duten ibilbidea azpimarragarria da. Oraingo hautetsien %41 emakumeak dira. Alderdian horrek suposatu duen barne eta kanpo iraultzaz gain, ardurak hartu dituztenen maila politikoa nabarmenduko nuke.

SDLPren emaitzak ere azpimarratu behar dira, unionismoaren barne zatiketaren onuradun nagusia izan baita. UUPk bigarren bozerako aukera gisa iradoki zuen, hauteskunde-sisteman garrantzi handia duen neurria, transferentziaren bitartez alderdi abertzale tradizionalari espero zituztenak baino bizpahiru eserleku gehiago eman diona. Gaur egun, klase ertain unionistak nahiago du ordezkatzen ez dituen bere komunitateko DUP alderdi sektarioaren alde egitea baino bere interesak defendatuko dituen alderdi bat babestea, abertzalea izan arren. Hori guztia, gehi Brexita. Partziala izan arren, D. Bradleyen azterketan kontuan hartzeko agertokiak iradokitzen dira [goo.gl/GP9PEi].

Unionismoaren krisia ez da emaitzena soilik, alegia, ez da demografikoa, metodoarena edota lidergoarena soilik, baizik eta estrategikoa, politikoa ere bada bere adierarik sakonenean. Orain negoziatzea tokatzen zaie, eta, Sinn Feinekoak zerbaitetan maisu badira, horretantxe dira maisu.

Herritartasunaren eta komunitarismoaren konbinazioa

Aipatutako Jarlath Kearneyren artikulu benetan interesgarrian –hauteskundeez harago une historikoa eta Irlanda bere osotasunean kontuan hartzen du–, herritartasuna gako gisa planteatzen da –agenda berritu, sozialago bihurtu, giza eskubideak indartu eta maila politikoa igotzearekin batera… ia ezer ere ez!–. Sinn Fein oso ondo posizionatua dago eraldaketa hori bultzatzeko, aurrekoaz gain, bere kode genetikoan errepublikanismo anti-segregazionista eta komunitarismo anti-sektarioa daudelako. •