Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Eskerrik asko, aita!

Badakigu Martxoaren 8a emakumeen eguna dela eta milaka arrazoi ditugula egun horretan aurretiko emakume guztiek eman dituzten borrokak miretsi eta borrokatzen jarraitzeko. Guk, baina, gaurkoan, Sexologiatik maskulinitatea ekarri nahi dugu gurera, ikustarazi nahi dugulako badaudela gizon izateko modu asko eta modu osasuntsu horiek gure jendartean behar ditugula.

Horren harira, nire aitaren figura datorkit burura, bera izan baita nire bizitzako une zailenetan argia eman didan pertsona. Amorrua eta ezina sentitzen nituenean ulertu eta aurrera joateko esaten zidana. Nire bizitza, emozionala eta ekonomikoa, sostengatzeko gai izan den pertsona.

Gure harremana urteen poderioz aldatzen joan da. Hasieran, umetan, miresmena; nerabezaroan, aldiz, amorrua eta distantzia. Gaztaroan, babesa eta laguntza, eta, helduaroan, bidelagun.

Batzuetan bera niri lagunduz eta besteetan ni berari lagunduz. Batzuetan bera ni sendatuz eta hurrengoan ni berarentzat kozinatuz. Bata bestearen txandan.

Lanean, Harremanak Elkarteko Osasun Zentroan eta Hezkuntzako proiektuetan, ohartzen gara, gero eta haurrekin terapia gehiago egin, ikastetxeetan hezkidetzaren inguruan gero eta saio gehiago eman… bikote heterosexual zein homosexualetan aitaren paperak duen garrantziaz, argia eta sostengua ematen duelako.

Gutxi izaten dira gure solasaldietan parte hartzen duten aitak, baina zoriontzen ditugu. Beraiek beste balio erantsi bat ematen diotelako gure lanari: haur terapian, solasaldietan, maskulinitate hegemonikoak trafiko istripuekin duen loturaz gogoeta egiten duen “Bizitzaz blai” izenarekin abian jarri dugun egitasmoan…

Zoriondu nahi ditugu ere, beren haurrez arduratzen diren aitak, aitatasunaz goxatu nahi dutenak, haurren heziketan interesatuak dauden guztiak. Jendarteari aurre egin eta etxeko gizon bihurtzen diren gizon guztiak. Egunerokotasunean, herri txiki zein handietan, auzokidearen mespretxu hitzak egunero entzun behar dituztenak: «Hik ez duk ezer egiten, hori duk hori bizitza…».

Beraien egunerokotasunean pauso txikiak emanez lagunak isildu eta gelditzen dituzten gazteak, emakume eta homofobiaren aurkako irainak salatzen dituzten gizonak. Aitatasunaz goxatzen duten guztiak, beraien lekua betetzeko beldurrik ez daukatenak. Beraien bikoteak ondo tratatzen dituztenak, elkar goxatuz bizitza asko errazten delako…

Eskerrik asko, aita! •