Mikel Zubimendi

Min emateko borondate soziopata baten apoteosia

Sare sozialak aldaketa leherrarazteko detonagailutzat erabil zitezkeela ez oso aspaldikoa irakurketa da. Internet erabiliz gobernu autoritarioak hankaz gora bota zitezkeela. Ziber-utopia bat zirudien denak: jendearen arteko konexioak, parte hartze demokratikoa, herri mugimenduen efizientziaren azkartzea... Laster etorri da, baina, iritzi pendularra kontrakorrontean eta agerian geratu du ziber-distopia, iraultza ez dela tuit bidez etorriko; eragin ona baino fama hobea zutela sare sozialek, alegia. Eskala handian begiratuta, Trumpen garaipenak jorratu nahi dudan fenomenoaren apoteosia ekarri duela uste dut. Orokorrean, troll kultura deitu zaio, eta adituek orain astroturfing deitzen diote: iritziaren simulazioa da, oinarri sozial jakin baten mobilizazioa bilatzen duena, gezurrak, berri faltsuak, “gu zuen kontra” eraikitako nortasun tribal batek bultzaturiko narratiba sinplista. Eta, noski, dena du zilegi.

Zapaltzen dugun lurra lokaztu dute, hain da mugikorra orain! Internetek definitzen du bizi dugun aroa, gure bizitzak irauli egin ditu, zer erosi, bikotekidea nola bilatu, elkarrekikotasun soziala, dena baldintzatzen du. Eta, jakina, oso bereziki, politika.

Troll kultura, joera globala den heinean, Euskal Herrian ere indartzen ari da. Aldaketa kultural eta politiko ilun eta arriskutsu bat martxan dago eta horren aurrean ez dira aski “ez irakurri trollen iruzkinak”, “alde batera utzi euren pozoi toxikoa”, “ez elikatu munstroa” bezalako errezetak. Satorrak bezala begiak buztanaren truke saldu eta joera horren aurrean itsu egoterik ez dago.

Trollak Interneten dabiltzan pertsona higuingarriak dira, aspermena astintzeko edo beren dibertimendurako haserrea, sumina, probokazioa bilatzen dutenak. Anonimotasunean gotortuta, zintzotasuna tolestuz, faltsukeriaz armatuta dihardute: ez direna izaten saiatuz, gai batez kezkatzen diren plantak eginez benetan kezkatzen direnak aztoratzeko. Politikaren uretan barreiatzen ari dira petrolio-ontzi bateko isuri kutsakor legez. Trollen munduan egiak eta errespetuak ez dute eroslerik, nihilismoaren eta abusuaren kultura preziatu egiten da.

Kultura horretan dena da posible, dena da doako eta deus ez da egia. Ispiluen basamortu hutsa da. Sentsibilitateak astintzen dituen hizkuntza burlati eta gorrotagarria saritzen da, batere ironikoa ez dena, gero eta fanatikoagoak diren formetaraino eramanez.

Zintzotasun ezaren pantomimak egiten du hain maltzurra kultura hori. Gorrotoa umorez mozorrotzen da, gauza bat esan eta kontrakoa sinets daiteke, arropa bezala ikuspegiak eta iritziak jantziz eta erantziz. Sarri taldean aritzen dira eta matoi hordek bezala erasotzen dute, trauma emozionalak eragiteraino. Aro zibernetikoaren matoiak dira. Beren portaerak harrotzen ditu, ohore bereizgarri bezala hartzera iritsi dira. Taldea, tribua markatzen duen portaera da, nortasun kultural bat ematen duena.

Mertzenarioak ere badaude. Ongi harrapatuak eta ederto ordainduak. Ez da soilik, nazioarteko prentsan irakurri den bezala, Errusiaren espioitzaren kontua. AEBek, Israel, Txina, Indiak… denek antolatua dute trollen armada partikular bat. Eta hemen, gure txikian, ezkerreko abertzalez mozorrotuta espainiar estatu aparatuen zerbitzura jardunez egon badirela ez egin dudarik.

Aurreikusterik ez zen abiadura harrigarrian eboluzionatu du fenomenoak. Plista-plasta aztarrika, ur lohi horiek astinduz, giza jende arruntarentzat zer sinetsi behar den jakitea zailtzen dute, egiaren eta fikzioaren arteko banaketa egiteko ahalmenak gainkargatzen ditu. Ez dela hainbesterainokoa esango didate agian, oso pertsona gutxi eta gaixoak direla, pantomima hutsa, karikatura desolatuak. Baina ez. Ni, zu irakurle, denon baitan dago troll nazkante baten portaera potentziala. Hein batean, denok izan gaitezkeelako troll. Ez da, baina, trollen arazo hutsa. Ezta Interneteko arazoa bakarrik. Arazo kultural latza da. Globala eta geurea. Arazo politiko serioa. Garaiz gaude, serio har dezagun. •