2017/03/18

ERRENTAN BIZI DIRENEN SINDIKATUA BARTZELONAN
Maider Iantzi Goienetxe
Alokairuak_bartzelona1

Bartzelonako Observatori DESC plataformak eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak defendatzen ditu pertsona guztientzat. Irene Escorihuela da plataformako zuzendaria. Alokairuan bizi den jendearen sindikatu bat sortzekotan dira eta proiektuaren berri eman digu. «Nazioartean lan egin izan dugunean, beste talde batzuekin, sarri ikusi izan dugu alokairuan dauden pertsonak antolatuta daudela eta beren elkarte eta sindikatuak dituztela. Garrantzitsua da hori, alde batetik etxejabeekin negoziatzeko boterea dutelako eta Administrazioarekin mintzatzen direlako, eta, bestetik, beren eskubideak babestu eta prezioen igoerak eta abusuak salatzen dituztelako».

Katalanei ere interesgarria iruditu zitzaien eragile sozial bat izatea, diskurtso bat eta salaketak zabaltzeko ez ezik, baita errentan bizi direnak antolatu eta eguneroko kontuei erantzuteko ere: aholkularitza juridikoa egiteko, alokairuan direnen eta etxejabeen arteko bitartekaritza... Zer-nolako sindikatua eratu eztabaidatzen ari dira orain. Printzipioz hiri mailakoa izanen litzateke.

Prezioak bikoizteraino

Escorihuelak agertu duenez, Bartzelonan alokairuan bizi diren pertsonak gehien kezkatzen dituena prezioa da, 2013ko legearen azken moldaketaren ondorioz, kontratuak bost urtetik hiru urtera pasatu zirelako eta aunitz amaitzen ari direlako. «Momentu honetan etxejabeek prezioak bikoiztu ere egin ditzakete, ez baitago inongo mugarik. Azken urteetan izugarri igo dira prezioak, eta, ondorioz, pisua utzi behar izan du lagun ugarik, auzoa ere bai, egoera nahiko zabaldua dagoelako. Hain zuzen, hedapen horren ondorioz, jabeek pentsatzen dute: ‘Zergatik ez dut igoko nik ere?’».

Bartzelonan batez beste 800 euroan dago alokairua. Observatori DESC plataformako zuzendariak familien errenta eta erosteko ahalmena kontuan hartu behar direla erran du, soldata berarekin 300-400 euroko igoerei aurre egitea guztiz ezinezkoa baita. Jakinarazi duenez, 2015etik aunitz goititu dira prezioak. «Higiezinen atariei ideia hori zabaltzea interesatzen zaie, jendeari proposatutako prezioak onartu behar dituela errateko, nahiz eta altuak izan. Baina datu ofizialek ere gauza bera diote. Jende ugariri eragiten dio, ez soilik Bartzelonan, gainerako metropoli eremuan ere bai, itxura batean turismoaren eraginik ez den lekuetan. Jendea hiriaren kanpoaldera joaten da bizitzera, eskaera igotzen da eta horrekin prezioak».

La Borda etxe kooperatiba

Kontatu digu hirian hainbat proiektu daudela martxan eta La Borda etxe kooperatiba dela garrantzitsuena, espazio bat uztetik datorrelako, Sants auzoko bizilagunen urte luzeko borroka batetik.

Bertze era batera bizitzea eta harremanak nola izan aukeratzea proposatu dute Sants auzoan. «Erabilera lagatze sistema bat diseinatu dute. Irizpide sozialak ere badituzte. Lurra 75 urterako utzi du Administrazioak. Jabea kooperatiba da, ez pertsonak. Higiezinen burbuila sortu duen salerosketatik harago, etxebizitza izateko beste modu bat da».

Proiektu autonomoa da, hori bai, auzoko ekimen sozialekin harreman estua du. Bizitzera sartzen denak sarrera bat ordaintzen du eta gero hilero kuota bat. Etxea bertan bizi diren pertsonei egokitzen saiatzen dira eta espazio komunitarioak ere badira. Normalean alokairuan bizi den lagun bakoitzak bere garbigailua izaten du; etxe kooperatiba honetan, aldiz, parte kolektiboak ere badira, etxeko lanak eta zaintzakoak partekatzeko.

Bartzelonaz solas egitean ezinbertzean agertzen da turismoaren gaia. Observatori DESC plataformako zuzendariak dioenez, egoera ez da jasangarria. «Hiria modan jarri da. Hondartzak beteta daude martxoan eta ez dut pentsatu nahi nola egonen den abuztuan!».

Jende ugari etortzen da hiria bisitatzera eta hori eragin handia izaten ari da etxebizitzan. «Etxegabetze aunitz gertatzen ari da kontratuak bukatzen direlako eta familia bati alokatzen segitu beharrean, lehen aipatutako 800 euroko batez bestekoarekin, etxe hori eguneko edo asteko alokatzen dietelako turistei askoz garestiago».

Egoera horren aurrean erresistentzia artikulatzen ari dira herritarrak. Turismo jasangarriaren aldeko auzoetako asanblada sortu da eta hainbat proiektu daude, batez ere turismoak eragin handiena duen hiriaren zentroan.

Egoera larria da. Bereziki sumatu dute hori azken bi urteetan. Adibidez, eraikin aunitz erosten ari dira, barrenean jendea bizi dela, eta higiezinen jazarpena egiten ari dira, bizilagun horiek joateko eta luxuzko pisuak egiteko eta luxuzko eta urtarokako alokairuak martxan jartzeko. Urteko gainontzeko egunetan hutsik egoten dira etxeak.

«Ondorioz, bizileku gutxiago dago ohiko alokairurako eta egoera kritikoa da jada. Alokairuen eskaintza txikitzen ari da eta dauden eskaintzek prezio izugarriak dituzte. Zail dute hemen bizi eta lan egiten duten herritarrek».

15.000 pisu turistiko inguru daude. Horietatik 9.606 legezkoak dira eta 6.275 legez kanpokoak, lizentziarik gabekoak. «Alojamendu turistikoa eskaintzen duten B&B eta on line plataformen datuak eta lizentzia kopurua konparatuta, agerian gelditu da jende ugari bere pisua eskaintzen ari dela lizentziarik izan gabe», esplikatu du Irene Escorihuelak.

Erresistentzia ekintzak

Turismo jasangarriaren aldeko auzoetako asanbladak ekintza bat egin zuen autobus turistikoetan, Bartzelona erakusleiho-hiri bihurtzen ari dela eta bertan bizi den jendea gero eta egoera zailagoan dagoela ohartarazteko.

Bertze erresistentzia ekintza bat etxebizitza bloke bat ordezkatzen zuen hotel entzutetsu bat okupatzea izan zen.

Urtarrilaren bukaeran mobilizazio handi bat egin zen, bizilagun elkarte, giza eskubideen aldeko talde, sindikatu eta antolakunde ugarik babestu duten kanpaina bat. «Manifestazio bat egin genuen Les Rambles pasealeku ospetsua okupatuz. Herritarrek espazio hau berreskuratzeko modu bat izan zen. ‘Bartzelona ez dago salgai. Hau gure hiria da’ aldarrikatu genuen Les Ramblesen, dagoeneko Bartzelonako inor joaten ez den kalean, turistak besterik ez daudelako eta ez delako erakargarria hemen bizi garen jendearentzat. Lagun ugari bildu ginen. Nazioarteko prentsa dezente ere etorri zen. Bartzelona negozio turistiko bihurtzen ari dela deitoratu genuen, zeinetan hotelen industria aunitzez gehiago irabazten ari den baina herritarrak galtzen ari garen», kontatu du Observatori DESC- plataformako zuzendariak.

Ekimen interesgarria iruditu zitzaion hainbat elkarte eta auzotako jendea elkartu zelako, aldarrikapen desberdinekin, auzo jakin batean hotelik egitea nahi ez duten bizilagunetatik hasi eta turistek etxe atarietan pixa egiten dutela-eta nazka-nazka eginda daudenetaraino.

Turismoarekin lotutako lan prekarietatea ere gogor gaitzetsi zuten, «hotelek sekulako irabaziak izaten dituztelako langileen erabateko lan baldintza eskasen bizkar». Hala zein ekonomia mota sortzen ari den gaitzetsi zuten.

Hiritarren ongizatea zainduko duen turismo jasangarria lortzea ez da erraza. Turismoa gutxiagotzea da egiten den eskaera bat eta Irene Escorihuelak uste du turismoa gutxiago mugatuko litzatekeela herritarren mobilizaziorik eta presiorik egon ez balitz.

«Ez da bilatzen zen ideala, baina izan zitekeena baino hobea da. Turismoaren hazkundea txikiagoa izan da erabat librea izan balitz gertatuko litzatekeena baino. Garrantzitsua da pisu turistikoen gaia, hiria nola saltzen den, eta nola inbertitzen den hain turistikoak ez diren auzoetan», adierazi du plataformako zuzendariak.

 

Aurrena ongi jan, gero, akaso, errenta ordaindu

Aldarrikatu beharreko borrokaren eredu bat da Observatori DESC plataformako zuzendari Irene Escorihuelarentzat 1931n Bartzelonan egin zen alokairuen greba, 83 urte geroago antzeko egoerak errepikatzen direlako: langabe pila, etxegabetzeak, abusuzko alokairuak... Gaur egun, gainera, paradoxa triste bat gertatzen da: jendea etxe beharrean eta bizileku hutsak barra-barra.

Manel Aisa Pampolsek “La huelga de alquileres y el comité de defensa económica” liburuan berreskuratu du CNT sindikatuaren babesean sortutako ekimena, emakumeak protagonista izan zituena. 100.000 etxetan alokairua ordaintzeari utzi zioten. Prezioak %40 jaistea eskatzen hasi eta etxebizitzaren ordainketaren legitimitatea bera zalantzan jartzera ailegatu ziren. Zer den justua eta zer ez herri xeheak erabakitzeko pausoa eman zuten. Honako aholkua ematen zuten: «Lehenengo ongi jan, eta, dirurik ez baduzu, ez ezazu alokairurik ordaindu».

15.000 pisu turistiko inguru daude Bartzelonan. Horietatik 9.606 legezkoak dira eta 6.275 legez kanpokoak. Jende ugari bere etxea eskaintzen ari da lizentziarik gabe

«Manifestazio bat egin genuen Les Rambles pasealeku ospetsua okupatuz. Espazio hori berreskuratzeko modu bat izan zen. Bartzelona ez dagoela salgai aldarrikatu genuen»