2017/03/18

Gorka Elejabarrieta
Eskozia eta Norvegia

Eskozia, Quebec eta Faroe uharteetako independentistek Norvegia, Finlandia edo Suitza bezalako herrialdeak dituzte eredu. Zergatik? Jada estatu independenteak direlako eta gizarte eredu «hobeago» bat lortzen ari direla proiektatzen dutelako

Guk Eskozia, Quebec edota Faroe uharteen bezalakoak izan nahi genuke. Gure izaera eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea aitortua izan nahiko genuke, alegia. Horretarako, baina, espainiar eta frantziar estatuek Erresuma Batuaren, Kanadaren edo Danimarkaren antza izan beharko lukete. Kontua da Eskoziako, Quebeceko eta Faro uharteetako independentistek duten arazo garrantzitsu bat hori bera dela, hau da, Erresuma Batuaren, Kanadaren eta Danimarkaren izaera eta jarrera, eta bereziki estaturik gabeko herrioi eskaintzen dietena. Izan ere, herri horietako abertzaleek independentziaren alde egingo dute beti, baina abertzale ez diren independentistak ere behar dira gehiengoak eskuratu ahal izateko. Horien iritzia independentziaren aldekoa edo kontrakoa izango da baldin eta batzuek zein besteek eskaintzeko daukatena hobea edo txarragoa dela pentsatzen badute.

Eskoziako, Quebeceko eta Faro uharteetako independentistek Norvegia, Finlandia edo Suitza bezalako herrialdeak dituzte eredu. Zergatik? Batetik, jada estatu independenteak direlako, eta, bestetik, estatuok gizarte eredu “hobeago” bat, justuago bat, berdintsuago bat lortzen ari direla proiektatzea lortu dutelako, hori egia izan edo ez. Hau da, estatu izateko nahia eta proiektua eredu hobe batera lotu nahi dute. Erresuma Batua, Danimarka eta Kanada baino hobea, alegia. Eredu borroka horretan estatu bakoitzak berarekin dakarrena ere sartzen da, eta toki batean indargunea dena bestean ahuldadea izan daiteke. Har ditzagun Eskozia eta Faroe uharteak adibidez. Erresuma Batua eta Danimarka Europar Batasunean daude. Nola eragiten du horrek Eskozia eta Faro uharteetako independentzia prozesuetan? 2014ko eskoziar erreferendumean Europar Batasunaren jarrerak eragin handia izan zuen emaitzan, eta, zentzu berean, badirudi Brexita izango dela Eskoziara bigarren erreferenduma eramango duena. Faroe uharteetan, aldiz, alderantziz gertatzen ari da, Danimarka Europar Batasunean egotea independentisten argudio nagusietakoa bilakatu baita.

Nicola Sturgeonek bigarren erreferenduma 2018ko udazkena eta 2019ko udaberria bitartean kokatu du, eta datorren astean Eskoziako Parlamentuari babesa eskatuko dio bigarren erreferendum hori egiteko negoziazioak hasi ahal izateko. Zergatik ez du data zehatzik eman? Bere ustez erreferenduma egiteko unerik aproposena Brexitaren baldintza zehatzak negoziatu eta ezagutu eta Brexita bera gauzatu artean baitago. Eta, noski, hori noiz gertatuko den ezin da momentuz jakin. Bi arrazoi nagusi daude horretarako. Batetik, ustezko Eskozia independente baten abiapuntua ezberdina delako Europar Batasunaren barruan edo kanpoan izan. Brexita gauzatu aurretik edo ondoren alegia, eta, Sturgeonen ustez, eskoziar estatu berriak errazago eta hobeto negoziatuko luke Europar Batasunarekiko harremana Batasun horretako kide izateari utzi aurretik. Bestetik, Sturgeonek badaki Erresuma Batuak Brexitaren ondoren eskoziarrei eskaintzeko daukan proiektu berri eta zehatza ezagutu gabe oso zaila duela erreferendum berria justifikatu eta negoziatu ahal izatea. Eta datozen aste eta hilabeteetan Westminsterren eta Holyrooden arteko eztabaida nagusietako bat hori bera izango da, erreferendum berria egiteko arrazoi nahikorik dagoen, noiz egin beharko litzatekeen eta zer galdetu eta erantzun ahalko den.

Ondo dago estaturik gabeko herriei eta haien prozesuei begiratzea, haietatik ikasi eta gurean izan dezaketen eragina erabiltzea. Edozein konparaziok, gainera, Estatu espainiarraren jarrera ez demokratikoa agerian uzten du. Kataluniako prozesuak, partekatzen dugun guztiagatik, berebiziko garrantzia du guretzat, dudarik gabe, eta haien borroka gure borroka ere badela ulertzen ez badugu nekez lortuko dugu gure gizartea ere behar den neurrian haien (gure) alde mobilizatzea.

Baina, nire ustez, Eskoziari, Quebeci eta Faroe uharteei begiratzearekin batera, Norvegiari eta beste estatu batzuei ere gehiago begiratzen hasi beharko genuke. •