Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Haur eta nerabeen parte hartzea: eremu zabala arakatzeke

Bihar, martxoak 19, Bizkaian Larrabetzuko eta Gipuzkoan Astigarragako, Hernaniko, Oarsoaldeko eta Tolosaldeko 35 udalerrietako herritarrei galdetuko zaie nolako Euskal Herrian bizi nahi duten, nola nahiko luketen Euskal Herria antolatzea. Guztira, 150.000 bat laguni galdetuko zaie, hain zuzen.

Galderak bi eskubide barne biltzen ditu. Lehenik, erabakitzeko eskubidea: dena demokratikoki erabakitzeko aukera, baita komunitate baten antolaketa instituzionala eta muga politiko-juridikoak ere, komunitate bat burujabea den froga litzatekeena; eta, bigarrenik, antolaketa aukera horien artean dagoen autodeterminazio eskubidea.

Pedagogia handiagoaren beharra genuke, akaso, galdeketan erreferentzia egiten zaien bi eskubideak bereizteko. Izan ere, hautu independentista gailentzearen beldurrak edo susmoak ez luke, inolaz ere, zikiratu behar erabakitzeko eskubidea. Parte hartze eskubidea giza eskubide gisa dago jasoa nazioarteko hainbat gutunetan, pertsonok dugun eskubide zibil eta politikoa da eta eremu sozial eta politikoan gauzatzen dugu.

Parte hartzeko eskubideari tiraka, haurrengana eta nerabeengana luzatu dugu begirada. Haiek eskubidearen subjektutzat hartuko bagenitu, eskubide-berdintasuna duten pertsona gisa tratatzera behartuta aurkituko ginateke eta ezingo genituzke adinagatik baztertu, ohituraz hala izan bada ere. Haurren eta nerabeen eskubideen onarpenak ikuspuntua aldatu egiten du: jada ez dira isiltzen helduek hitz egiten dutenean, baizik eta haiekin batera ari dira eta beren iritzia azaltzen dute. Berek esandakoak eta erabakitakoak, bestalde, kontuan hartzen dira.

Galdera 16 urtez gorako herritarrei luzatuko zaie, ordea. Zer pentsa eman du horrek Oarsoaldeko Errenterian. Hausnarketa xumea baina bide horretan sakontzen jarraitzeko ekimen interesgarria egin dute han, haurrek eta nerabeek komunitatean izan beharko luketen lekua abiapuntu erabakitzeko kultura zabaltzeko bidean. Eremu zabala arakatzeke, ezbairik gabe.

Haurrak eta nerabeak parte hartzeko eta iritzia emateko hezten ditugunean, jendarte demokratikoagoak sortzen laguntzen ari gara. Gatazkei elkarrizketaren bidez eta kontrajarritako iritzien arteko errespetuan oinarritutako konponbideak bilatzen dizkietenak, hain justu.

Komunitate baketsu baten funtsezko balioak dira parte hartzea eta adierazpena. Hortaz, denona behar luke belaunaldi berriei balio horiek erakusteko konpromisoa. Bestalde, haurren eta nerabeen parte hartzearen gauzatzea, haiek eskubide-subjektu gisa onartzeko ariketa onena da. Beraz, helduen gisan, familiaren, eskolaren eta komunitatearen eremuetan dagozkien gaien gainean beren iritzia emateko eskubidea dute.

Sinetsi egin behar dugu haurrek eta nerabeek badutela erabakiak hartu eta beren iritzia adierazteko gaitasuna. Konfiantza izan behar dugu haiengan. Konfiantza izan beharko genuke, era berean, haien begietatik ikusiko dugun jendartea eta mundua justuagoa izango dela, botere harreman orekatuagoak dituena. Jendarte parte hartzailea nahi badugu, eta behar dugu gainera, haurrek eta nerabeek erabakitzeko kultura zabaldu eta sustatu beharko genuke, beraiek ere galdetuak izateko eskubidea baitute. Nola, bestela, lortuko dugu belaunaldi berriek gutxieneko interesa izatea erabakiak hartzeko edo denon intereserako diren gaien gainean iritzia emateko? Uzta jasotzeko lehenik soroa erein behar!

Gure Esku Dago ekimenak argitaratu zuen testu batean hauxe irakurri genuen behin: «Luzaroan gaude hemen. Duela 2.000 urte gutariko batek idatzi zuen ‘neskato’ hitza Akitaniako hilerri batean. Gero, XI. mendean idatzi genuen ‘gu’ hitza. XIV. mendean ‘lur’. XVI. mendean ‘euskara’ eta XVII. mendean ‘Euskal Herria’. Baina zer idatzi behar dugu XXI. mendean? Ba, adibidez, idatzi behar dugu ‘etorkizun’, idatzi behar dugu ‘elkarrekin’ eta idatzi behar dugu ‘erabaki’».

Parte har dezagun igandean. Oraingoan ez diegu haurrei eta nerabeei galdetuko zein eratako Euskal Herrian bizi nahiko luketen, baina erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ari garen hau abagune interesgarria da gure komunitatean duten lekuaz hausnartzeko.

Elkarrekin erabaki dezagun etorkizuna, herri independente batean, ahal bada! •