2017/03/18

Neguko altxorrak
ORTUTIK AHORA ELKARTEA
Pd26_f01

Hotzarekin batera tenperaturek behera egin heinean, ortuan neguko barazkiak agertuz joan dira aurreko hilabeteetan, gure sukaldeen altxor bihurtuz. Orain jada udaberriaren atarian gaude, baina berau bete-betean etorri aurretik, oraindik ere badugu neguko barazki ederrez gozatzeko aukera. Eta, zeintzuk dira bada neguko barazkiak? Ezberdinak zerrendatu daitezke, baina bada familia bat gure ohituretan negu-negukoa dena: kruziferoak (argibide aldera, esan kruziferoak ia urte osoan zehar ekoitz daitezkeela gure kliman, eta hori ez gertatzearen arrazoi nagusia euskal herritarrok, nekazari zein kontsumitzaile, ez daukagula aza udaran jateko ia ohiturarik dela).

Izendapen zientifikoari erreparatuz, Brassicaceae familiakoak dira kruziferoak. Haien artean barazki oso desberdinak topa ditzakegu, besteak beste: ziapea (mostaza), brokolia, azak, errukula, azalorea edota txikoria…. Denak onak, denak gozoak.

Zergatik diogu altxorrak direla? Osasuna eta elikadura eskutik doaz, eta kruziferoak osasun iturri oso garrantzitsuak dira, bai gaitzak ekiditeko eta baita gure osasunean egiten dituzten ekarpen interesgarriengatik ere. Ezaguna da neguko barazkien ezaugarri garrantzitsuenetariko bat haien ahalmen ontzailea dela. Hala, kruziferoek zenbait minbiziren prebentziorako konposatuak (antioxidatzaileak nabarmenki) dituztela argitara eman dute hainbat ikerketek.

Barazki familia honetako barietateek A probitamina, karotenoa, K eta C bitaminak, zuntz eta mineral antioxidatzaileen (kaltzio, zink, selenio) iturri bikainak dira. Gure organismoa osasuntsu mantentzen laguntzen duten fitokimikoetan ere oso aberatsak dira kruziferoak. Gainera, antioxidatzaile potenteez osaturik daudenez, gure organismoaren zelulak birsortzeko ere oso lagungarriak dira.

Probetxu handia atera ahal diogu urtean zehar Ama Lurrak eskaintzen dizkigun fruituei. Sukaldera sartu eta gure osasuna zaintzera goaz, barazkiak derrigorrezko osagarria baitira osasuna mantentzeko. Amaitu baino lehen, aipamen berezia egin nahi diegu gure ekoizle ekologikoei, haiek baitira errezeta hau kalitatezkoa, osasungarria eta gozoa izatea ahalbidetzen dutenak. Eskerrik asko, ekoizle! Behin hori esanda, jar gaitezke lanean...

Azalore eta shitake sasirisottoa

OSAGAIAK (aukeran guztiak bertokoak eta ekologikoak, noski!)

Azalore bat

Kipula bat

Bizpahiru berakatz ale

Ardi-gazta ondua

Shiitake perretxikoak

Perrexila

Ardo zuria edo txakolin basotxo bat

Mizuna loreak

Añanako gatza

Piperbeltza

Oliba olioa

PRESTAKETA

Risottoa Italiatik jaso dugun arroz-prestaketa bat da gurin, esne-gain eta gaztarekin egiten dena. Guk gure bertsioa egingo dugu, azalorearen sasirisottoa eginez. Azalorea neguko barazkietatik haurrentzat jateko zailenetariko bat da, eta arrazoi horixe bera izan da azalorea aukeratzera bultzatu gaituena. Aditzera eman nahi duguna zera da: prestaketaren arabera, barazkiek hainbat aukera zaporetsu eta ñabardura gozo izan ditzakete!Lehenik eta behin, azalorearen gaineko partea (lorea bera) arroz-ale tamainako zatitxoetan moztu. Kozinatzeko robota izanez gero, abiadura motelean txikitu 5-10 minutuz. Momentuz, oihal busti batean erreserbatu, lehortu ez dadin. Gainontzeko azalorearekin krema bat prestatuko dugu. Lapiko batean jarri, urez bete, gatza gehitu, tapa jarri eta 12-15 minutuz egosi.Xukatu, gurina gehitu eta txikitu. Piperbeltza gehitu eta berotan gorde. Ondoren, kipula eta berakatza “brunois” eran moztu (lauki txikitxotan), zartagin batean oliba olioa gehitu eta sueztitu motel-motel. Behin eginda, shiitake perretxikoak gehitu eta su bizian salteatu minutu batzuez. Ardo zuria gehitu eta sutan mantendu loditu arte. Behin hori eginda, azalorearen loreak gehitu eta laburki kozinatu. Orain, berotan daukagun krema gehitzeko momentua da. Ez dugu askorik behar, izan ere, gure arroza minutu gutxi batzuetan prest egongo da. Prestatu dugun krema honek gure sasirisottoari krematsutasuna emango dio.Prest dagoela, sutik atera eta gurin intxaurtxo batzuk gehitu. Bueltak eman gurina nahastu arte. Gure platera aurkezteko, gure risottoaren koilarakada bat jarriko dugu plater batean, ardi gazta ondu ekologikoaren xafla batzuk gehituz eta perrexil txikituarekin eta mizuna loretxoekin apainduz, kolorea emateko.