Ion Salgado
EMAKUMEAK LANEAN

Araban emakumeen lanbideek izandako bilakaera jasotzen duen erakusketa

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean ikus daiteke «Arabako emakumeak lanean. 1890-2000» erakusketa. Emakumeek herrialdearen garapen ekonomikoan eta sozialean izandako garrantzia azpimarratu nahi du erakusketak. Guztira 44 argazki daude ikusgai, lau aldi nagusitan banatuta.

Nekazariak, abeltzainak, kazetariak, politikariak, dendariak, industriako langileak... Emakumeak langileak dira, eta Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean argi ikus daiteke, “Arabako emakumeak lanean. 1890-2000” argazki erakusketari esker. XX. mendean emakumeen lanbideetan izandako bilakaera islatzen du erakusketak.

«Emakumeen lanbideek izan duten bilakaera islatu eta emakumeek Arabako garapen ekonomikoan eta sozialean izan duten papera nabarmendu nahi izan dugu erakusketarekin», azaldu du Iker Duranak, Oihaneder Euskararen Etxeko teknikariak, argazki erakusketa Aritza Saenz del Castillo ikerlariaren jatorrizko idei batean oinarrituta dagoela ohartarazten duenak.

Iker Duranak gogoratu duenez, proiektua orain dela urtebete inguru hasi zen: «Oihanederreko lantaldetik Saenz del Castillori bere tesia hemen aurkezteko proposamena egin genion. ‘Las damas de hierro’ da tesiaren izenburua eta 50eko eta 70eko hamarkaden bitartean emakumeek egindako lanbideak jorratzen ditu, Gasteizen gehienbat».

«Baina berak beste gauza bat egin nahi zuela esan zigun eta argazki erakusketa bat egitea proposatu zigun», gaineratu du. Horrela hasi ziren elkarlanean ikerlaria eta Oihanederreko teknikariak, eta, behin erakusketaren helburuak zehaztu ondoren, Gasteizen dauden hiru artxiboetako arduradunekin jarri ziren harremanetan; hau da, Arabako Foru Aldundiko artxiboko, Gasteizko Udaleko artxiboko eta Santxo Jakitunaren Fundazioko artxiboko nagusiekin.

Guztiei interesgarria iruditu zitzaien ideia, eta kolaboratzeko prest zirela iragarri zuten. Ondoren, erakusketa aurrera eraman duten lagunek Gasteizko Udaleko Berdintasun Saileko ordezkariekin hitz egin zuten, eta hauek ere parte hartzeko prest zirela azpimarratu zuten. «Begi onez ikusi zuten proiektua eta laguntzaile bezala parte hartu dute», azaldu du Duranak.

Erakundeen laguntza lortu ostean, artxiboko lanak egiten eta erakusketaren edukia lantzen hasi ziren. «Guztira 400 argazki inguru topatu genituen, baina askotan zaila zen emakumeak lanean nola ari ziren ikustea», ohartarazi du. Azkenean 44 argazki hautatu zituzten, 11 multzotan eta honako lau aldi nagusiotan banatuta: Borboien Berrezarkuntza, II. Errepublika, Frankismoa eta 1978. urtetik aurrera ezarritako sistema.

Bi norabideko borroka

«Sektore ekonomiko bakoitzean emakumeek izandako presentzia islatzen saiatu gara», azaldu du teknikariak. Hala, XIX. mende amaierako argazkietan agertzen diren emakumeek lehen sektorearekin lotutako lanak egiten dituzte nagusiki, eta zerbitzuekin zerikusia duten lanbideak ere ikusten dira, dendariak, irakasleak eta zerbitzariak, besteak beste.

XX. mendeko hasierako argazkietan Gasteizen ospetsu izandako hainbat denda ikus daitezke: Junguitu oihal denda, gaur egun Errementari kalean dagoena, Aldama, Goya gozotegia, Linacero... Ez dira agertzen, ordea, bigarren sektorearekin lotutako lanbideen argazkiak. Arabako emakumeak lantegietan lan egiten ikusteko 1920ko hamarkadako argazkiak bilatu behar dira, San Cristobal azukre lantegiko argazkiak zehazki. Dena den, nahiz eta argazkirik egon ez, jakina da garai hartako emakumeek Fournier enpresan eta oihal lantegietan ere lan egiten zutela. Azken horietan, gainera, «emakume askok lan egin zuten», Iker Duranaren esanetan.

1930eko hamarkadan, Errepublikari esker, eskubide gehiago lortu zituzten emakumeek, eta haien presentzia handitu egin zen lan munduan. Erakusketan erizain lanetan ikus daitezke, eta Maria Leorza Uribarri Jauregiko geltokiko buruaren argazki bat ere badago. Hala ere, hamarkada horretako lehen erdialdean emandako urratsak bortizki eten ziren 1936tik aurrera gerrarekin eta ondorengo diktadura faxistarekin.

Frankismoaren lehen urteetan emakumeen lanak irakaskuntzarekin lotuta zeuden. Patriarkatua sustatzen zuen hezkuntza sisteman lan egiten zuten emakume askok. Argazki batean ikus daiteke irakasle bat neska bati gurasoekin harremanak nolakoak izan behar diren irakastean. Erreportaje honetan jasotako argazki batean irakur daitekeen bezala, aita eta ama «ohoratu» behar zituztela irakasten zieten neskei.

Emakumeak gizonen mende gelditu ziren gizarte esparru askotan. 60ko hamarkadan eraldaketa sozial, ekonomiko eta kulturala hasi zen. Argazki erakusketan Cil eta Torrot edota Areitio enpresetako emakume langileak ikus daitezke. Halaber, Gesaltza Añanan emakumeak gatza jasotzen ere ikus daitezke. Izan ere, herrialdeko udalerri txikietan emakumeak nekazariak ziren. Lurra lantzen zuten.

1978. urtetik aurrera, egoera asko aldatu zen. Mugimendu feminista indartu egin zen eta emakumeek euren eskubideak aldarrikatu zituzten kaleetan, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean sakonduz. «Aldatu egin ziren gauzak, eta, adibidez, emakumeak kazetari eta politikari bezala hasi ziren lanean. Hori aurrerapauso handia izan zen, horrelako lanbideak izateko ikasi beharra baitzegoen eta emakume ugari hasi baitziren goi mailako formakuntza jasotzen», dio Duranek. Micaela Portilla historialaria eta Mercedes Villacian EAJko politikari eta Gasteizko Udal Aurrezki Kutxako presidente ohia azaltzen dira erakusketan. «Kutxa bateko lehen presidentea izan omen zen Estatuan», nabarmendu du.

Erakusketa 2000. urtean amaitzen da. XXI. mendeko argazkiak falta dira, eta etorkizuneko argazkiak ere atera beharko dira. «Oraindik lan handia dago egiteko. Azken hamarkadetan aurrerapausoak eman dira, baina soldatari dagokionez ez da berdintasuna lortu, eta emakumeek zailtasunak dituzte», azaldu du Duranek. Etorkizunari begira, espero du hurrengo urteetan horrelako erakusketak egiten badira, benetako parekotasunaren isla izatea.

«Zergatik ez hemen?»

Parekotasuna lortzeko, Arabako Foru Aldundiak “Zergatik ez hemen?” lema daraman kanpaina jarri du martxan. Kanpaina horrekin, helburu zehatza du Aldundiak: emakumeak datozen hilabeteetan foru suhiltzaileen erakunde autonomo sortu berria langilez hornitzeko egingo den enplegu eskaintza publikoan izena ematera animatzea.

Pasa den asteartean egindako ekitaldian Pilar Garcia de Salazar Ekonomia Garapen eta Lurralde Orekako diputatuak azaldu zuenez, kanpaina martxan jarri dute «emakumeak kontzientzia daitezen helburutzat hartzen dutena lortzeko gai direla». Gaineratu zuenez, «kanpainak bereziki nabarmendu nahi du berdintasuneranzko bidean lortutakoa. Mailarik gorenetara heldu gara ezin konta ahala arlotan, baina gehienbat gizonek egiten dituzten lanbideak badaude oraindik. Eta aldatu nahi dugun errealitatea da hori, kristalezko sabaia hautsi nahi dugu suhiltzaileen kasuan».

Uneotan, foru suhiltzaileen kidegoak bi emakume soilik ditu eta Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren asmoa da kopuru hori 2018ko urtarriletik aurrera handitzea, orduan aurreikusten baita Iruña Okako Parke Zentrala funtzionamenduan hastea. «Ez dugu helburu finkorik ezarri: gure itxaropena deialdian ahalik eta emakume gehienek parte hartzea da. Benetan pozgarria izango litzateke egungo egoera hobetzea», nabarmendu zuen diputatuak.

Zentzu horretan, Araban bakarrik bi emakume suhiltzaile daudela ohartarazi zuen. «Hemendik dei egin nahi diet Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomo berrian sartzeko interesa duten emakume guztiei, erakundearen lehen pauso itxaropentsuotan parte har dezaten. Izena emandako 225 pertsona ditugu jada eta horietatik 16 emakumeak. Izena emateko epea datorren apirilaren 25era arte egongo da zabalik».

Bestetik, EAEko enpresek erantzukizun handiko lanpostuetan emakume gehiago jarri beharko lituzketela nabarmendu zuen asteazkenean Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak. «Enpresa modernoen ia analisi guztiek gomendatzen dute emakumeak jartzea zuzendaritza egituretan, enpresak normaltasuna irabazten duelako eta ekoizpena eta kalitatea hobetu egiten direlako», nabarmendu zuen.