Antton Izagirre

Etorkizuna amets

Ez dira oharkabean pasa Tolosaldea, Hernani, Oiartzun...eta beste zenbait herritan Gure Esku Dago elkartearen eskutik egin berri diren galdeketak eta herritarren parte hartzeari buruzko emaitzak eta erantzunak. Gehienek kopuruen esangura aintzat hartzearen alde egin badute ere, ez dira falta izan erdi hutsik dagoen botilaren aldea erreparatu eta azpimarratu dutenak.

Egia da orain arte lortutako parte hartze kopuruak ez direla nahikoa balizko Euskal Estatu burujabearen aldeko edo aurkako galdeketa loteslea bermatzeko eskatu beharko liratekeenen aldean, baina, antolatzaileen hitzetan erreparatuz gero, balioa onartu behar diegu gizartea ahalduntzeko ariketa modura oso eraginkorrak eta esanguratsuak izan direlako.

Baina haratago joaz, gai izango ote gara ariketa hutsa izatetik, galdeketak etorkizunean izan beharko luketen karga eta eduki politikoaz janzteko? Nola bilakatu festa giroan ondoriorik gabeko hautatze ariketa izan dena, aldarri kolektibo erabakitzaile?

Ziur naiz seriotasun osoz lan egin duen gizarte zibilaren zati handi hori berme izango dela egindako ahalegina etorkizunean ezerezean gera ez dadin. Baina mesfidati naiz orain artean lagundu edo egiten utzi duen zenbait talde politikok ez ote duen irekitako bidean sakondu eta erabakigarri izateko orduan muzin egingo. Hortaz, nire uste apalean, herri mugimenduak egingo duen bidea babestu eta oztopoak ez jartzetik harantzago jo beharko litzateke.

Batzuek, ekimen politikoa instituzioetara mugatu nahiko dute; herri borondatearen bermea eta ordezkaritza zilegi bakarra han dagoela argudiatuz. Okerreko bidea litzateke, ordea, egiteko guztia herri mugimenduaren bizkar uztea edota egungo esku hartze instituzionalera mugatzea.

Etorkizunean behar-beharrezkoa izango da Euskal Estatuaren aldeko alderdi politiko, sindikatu eta eragile guztiak egituratzea eta herri ekimenarekin osagarritasunean jardutea. Beharrezkoa, noski, etorkizun hobe eta oparoagoa eraikitzeko zer eredu politiko, ekonomiko, sozial... burujabe nahi eta behar dugun eztabaidatu, adostu eta jardun instituzionaletik eratorritako traba eta blokeoei aurre egiteko. •