joseangel.oria@gaur8.info
ETIOPIA

Gobernuari egotzi diote 113 hildako eragin dituen zabortegi-irristatzea

Hazkunde ekonomiko aipagarria izan du azken urteotan Etiopiak, baina populazioaren zati handi batek pobreziaren erdian bizitzen jarraitzen du, Addis Abeba hiriburuko zabortegi handi eta zaharrenean izan berri den tragediak agerian utzi duenez. Gobernuari berari egotzi diote 113 hildako utzi dituen zabortegi-irristatzea.

Sekulako hazkunde demografikoa erregistratzen ari den Addis Abeba Etiopiako hiriburuak Gobernua bera zipriztintzen ari den tragedia jasan zuen joan den martxoaren 11n: 113 hildako. Agintariak lekuko ezerosoak izutzen saiatu dira, baina gero eta garbiago dago Exekutiboak ez dituela gauzak behar bezala egin, «tragedia saihesteko modukoa baitzen», Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez.

Zemed Derib poz-pozik zen zabortegi-irristatzea hasi baino pixka bat lehenago. Jolasteko irrikatan, bere ahizpak konbentzitu nahian ari zen etxolatik irten zitezen. Berehala, baina, poza izu bihurtu zen. Auzokoen garrasiak entzunda, korrika hasi beste aukerarik ez zuen izan neska gazteak. Etxe barruan utzi zituen ahizpak, eta, une honetan, tragediak utzitako biktima zerrendan ageri dira. «Ihes egin nuen eta berriz atzera begiratzeko aukera izan nuenean, ez zegoen ezer, gauza guztiak belztuta zeuden», esan die kazetariei beltzez jantzitako herritarrak, eskuetan Yeshi Beyene amaren erretratua duela.

Mulate Debebe izeneko emakumea bere bi seme-alabak bainatzen ari zen larunbat gau hartan hondamendia gertatu zenean, The Associated Press nazioarteko berri agentziari erietxe batean etzanda zegoela kontatu zionez: «Hasiera batean sekulako hotsa entzun nuen, beldurtzeko modukoa. Kanpotik zetorren. Beraz, senarrari esan nion kanpora atera eta zer gertatzen ari zen begiratzeko. Zarata gero eta handiagoa zela iruditu zitzaidan eta etxetik korrika ateratzen saiatu nintzen, baina bazter guztietan zegoen zaborren artean harrapatuta geratu nintzen. Hortik aurrera gertatutakoa ahaztuta daukat. Ospitaleko ohe honetan esnatu nintzela dut gogoan, besterik ez. Nire senarra eta seme-alabak non diren ere ez dakit oraindik».

Suntsitutako etxolak

Solomon Bussa Alert erietxeko zerbitzu medikuen buruak jakinarazi du Zemed Deribek eta Mulate Debebek kontatu dutena beste askori ere gertatu zitzaiela, eta etxola ugari erabat suntsitu zituela irristatzeak. Zaurituak hartu zituen ospitaleko medikuak erantsi du biktima gehienak emakumeak eta haurrak izan zirela.

Koshe izeneko zabortegiko zati handi bat eraitsi egin zen, eta inguruetan eraikitako etxola batzuk hondakinen azpian zapalduta geratu ziren. Zazpi senide galdu zituen Deribek, horien artean hiru ahizpa txiki eta oraindik izenik ere ez zuen jaioberri bat. Biktima gehienak zabortegian bertan bizi ziren herritarrak ziren. Bertan ematen dute eguna, zaborren artean saltzeko moduko zerbait topatu nahian. Koshe hitzak “zikinkeria” edo “hautsa” esan nahi du amhareraz, Etiopiako hizkuntza nagusian. Izen hori jarri zioten herritarrek ia lau milioi biztanle dituen hiriburuko zabortegi zaharrenari.

Astebete baino gehiago egin zuten lanean erreskate taldeek hondakinen artetik herritarrak ateratzeko. Alfer-alferrik ordea. Ilargi erdiaren itxura duen pitzadura utzi du hilaren 11ko istripuak. Ez daude urruti biktimen lagunak eta senideak, Gobernuak bidalitako polizien begiradapean.

Kazetariak izutu nahian, ahal duten guztia egiten dute agenteek. AFP agentziako kazetari bat, hildakoen etxekoak elkarrizketatzen ari zela, bideoak eta argazkiak ezabatzera behartu zuten poliziek.

Gobernua eta Kosheko biztanleak ez datoz bat. Exekutiboak iaz zabortegia beste puntu batera eramateko asmoa agertu zuen, baina eremu berriaren ondoan bizi direnek beren haserrea adierazi zuten eta azkenean agintariek atzera egin zuten, Koshekoen kalterako.

Diriba Kuma Addis Abebako alkateak emandako datuen arabera, garai batean 300.000 tona hondakin eramaten ziren Kosheko eremura. Ofizialki Repi deitzen dioten zabortegia hiriburuko zaharrena da, orain 50 urte hasi baitziren hondakinak bertara eramaten.

Zabortegia beste leku batera eramateko plana zapuztuta ikusi zuenean, Hailemariam Desalegn lehen ministroak Kosheko hondakin mendiaren tontorra berdintzeko agindu zuen, gainean biogas zentral berria eraikitzeko asmoarekin. Tankerako azpiegitura proiektu asko jarri ditu abian Gobernuak, erabateko pobrezian bizi den herrialde bat garatzeko gauza dela erakutsi nahian, azken urteotako hazkunde ekonomiko handiak ez baitu lortu etiopiar gehienak egoera negargarri horretatik ateratzea. Baina agintarien jauregitik begiratuta oso ideia ona zirudien proiektua beste era batera ikusten dute orain Koshekoek: konbentzituta daude tontorra lautzeko lanek presio gehiegi egin zutela hondakin pilaren saihetsean, eta horrek eragin zuela tragedia.

Gobernuak ezetz erantzun die, biogas zentrala eraikitzeko lanek ez zutela istripuarekin zerikusirik izan alegia, baina ikerketa bat abian jartzeko agindu du. Etiopiako bertako eta AEBetako adituei eskatu zaie lana.

Edonola ere, begirale guztiek nabarmendu dute pobrezia dagoela hilaren 11ko tragediaren atzean, bizirik jarraitu ahal izateko hondakinen artean saltzeko moduko gaiak eta objektuak topatu beharra izatea, eta egoera hori herrialde askotan dute, baita industrializatuetan ere.

Etxerik gabe geratu ziren biktimen sufrimendua arindu nahian, Exekutiboak esan du horientzako lekuren bat prestatuko duela. Baina Zemed Deribek ez du horrelako laguntzarik oraindik ikusi eta kazetariei esplikatu die bizirik atera diren senideek nora joan jakin gabe jarraitzen dutela. Ideia bera errepikatzen du etengabe, bere onera itzuli ezinik dabilela aditzera emanez: «Lokatz bihurtu zen, dena lokatz bihurtu zen».

«Axolagabekeria larria»

«Etiopiar agintarien axolagabekeria larriaren begi bistako kasu baten aurrean gaude», adierazi du Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak. Muthoni Wanyeki erakundeko eledunak oso gogor salatu du Gobernuaren jarduera: «Hondamendia saihesteko modukoa zen eta Etiopiako Gobernua da erantzulea. Gobernuak bazekien zabortegiak ezin zuela hondakin gehiago hartu eta hala ere leku hori erabiltzen jarraitu zuen. Gainera, ehunka lagunek ondoan bizitzen jarraitu zezaten baimendu zuen».

Ekintzailearen iritziz, Gobernuak ez du babestu «etxebizitza duina eta itxurazko lanpostu bat izateko herritarren eskubidea, eta, ondorioz, pertsona horiek, emakumeak eta ume txikiak kasu askotan, hain leku arriskutsuan lan egin eta bizi beste erremediorik ez zuten».