Izaga, Xabier

MINTZALAGUNAK MINTZO

Asteartero, 18:30ean, Gasteizko Alde Zaharreko Querida Maria tabernara biltzen dira Anuntzi, Mariasun, Martin, Mari Jose, Maite eta Mari Karmen. Azken honek gaur ez dela etorriko idatzi die, gaixorik dago eta. 42 eta 53 urte bitarte dituzte. Berehala hasi dira taldearen nondik norakoak, zer eta nola egiten duten kontatzen. Talde honek ordubeteko saioa ia beste ordu batez luzatu ohi du.

«Berri samarrak» dira. Martin mintzalaguntzaileak bezala, lehen urtea dute denek. Ondo moldatzen direla ematen du. Saioak ez omen dira denbora-pasa hutsa, ikaskuntzaren osagarri baizik, baina oso gustura joaten dira, betebehartzat hartu gabe. Mariasunek dio ez dela ebaluazio batean bezala sentitzen, askeago baizik, eta Maitek «taldea jatorra» dela gehitu du. Bat datoz denak. Maitek jende «desberdina» ezagutu duela dio, eta Anuntzik gai desberdinez hitz egiteko aukera ere topatu dutela. Taldekideekin «txipa» aldatzen omen dute, hizkuntzaren bidezko identifikazioa eginda, «hauei euskaraz egitea baino ez zait ateratzen», dio Anuntzik.

Taldetik kanpo ez dute ia inorekin euskaraz egiteko aukera; gainera, lotsagatik edo beldurragatik, gehiago kostatzen zaie euskaraz egitea, taldean hartu duten konfiantzaren faltan.

Gehienek euskaltegian jakin zuten Mintzalaguna programaren berri, edo Hizkuntza Eskolan. Mari Joseri ahizpak esan zion talde batean zegoela, eta oso pozik zegoela. Berak euskaraz hitz egin nahi zuen eta programan hastea erabaki zuen. Eurek ere lagunei eta lankideei esaten omen diete mintzalagun taldean daudela.

Martinek dioenez, taldeetan batzuek asko hitz egin eta beste batzuek isilik egoteko joera izaten dute. Horregatik bera hori orekatzen saiatzen da, gutxien egiten duenari bide emanez. Pozik ageri da: «Denbora gutxi daramate eta nire ustez asko askatu dira, konfiantza hartzen joan diren neurrian». Denek nabaritu omen dute aurrera egin dutela.

Beren euskaltegietako hainbat lagun hizkuntz eskakizunak lortu beharrean omen dabiltza, eta denetariko iritziak agertu dira horren inguruan, esate baterako, helburu bakarra hori izatea penagarria dela, irakaskuntza horretara soilik bideratzea. Ondo dago hori ere, baina ez hori bakarrik.

Martin lanbidez itzultzailea da administrazioan. Euskaltzale sentitzen da –«edo hizkuntzaren kontzientzia bizia daukat, nahiago baduzu»–, eta aspalditik pentsatzen omen zuen zerbait gehiago egin zezakeela euskararen alde.

Mintzalagunek bezala, berak ere asko jasotzen duela dio. «Euskararen mundua, tamalez, oso endogamikoa da oraindik eta Mintzalagunak aukera ematen dit beste euskaldun mota batzuk ezagutzeko, ni bezain errealak direnak. Eta, jakina, jendeari laguntzeko aukera izatea eta jendearen esker ona jasotzea opari bat da, bai arlo honetan bai beste edozeinetan».

Gustuko konpromisoa

Beste hainbat talde bezala, Iñaki, Marga, Pili, Mertxe, Karmele, Mari Mar, Manu eta Maite ere Gasteizko alde zaharreko taberna batean elkartzen dira, Txistu tabernan, hain zuzen, ostiralero 19:00etan. 36 eta 50 urte bitarteko mintzalagunak dira guztiak. Gehienak probatzera joan ziren, konpromisorik gabe. Eta gustatu zitzaiela ukatzerik ez dago, «berrienek», taldeko azkenak diren Pili eta Mari Marrek, zazpigarren urtea baitute bertan.

Karmele da taldeko mintzalaguntzailea. IKAko irakaslea da, eta bera ere proba moduan dagoela dio taldekideen barreen artean, dagoeneko «zazpi urtez proban». Oso argi du berea gidari papera dela eta ez irakaslearena. Baina mintzalaguntzailea beharrezkoa dela diote denek. Karmelek dioenez, oso noizbehinka akats nabarmenen bat zuzentzen badu ere, hau «bere kabuz funtzionatzen duen taldea da. Ez duzu tiraka ibili behar». Hasieran zerbait prestatzen zuen saioetarako, baina berehala ikusi zuen taldeak ez zuela horren beharrik. Taldekideek diote Karmelek konfiantza ematen diela, eta hari entzunez asko ikasten dutela. Zalantza gutxi mahaigaineratzen omen dituzte, solasaldiak ez mozteko. «Irakaslea, euskaltegian», dio Karmelek. Baietz diote denek: «hemen, laguna».

Manuk txikitatik egiten du euskaraz, baina Bilbotik Gasteizera joan zenetik ez zuen egiten, ez zuen norekin hitz egin, eta konturatu zen gero eta gehiago kostatzen zitzaiola egitea. Pozik ageri da orain: «Banoa, banoa». Irratitik jakin zuen Mintzalaguna programaren berri. Mertxek egunkari batean irakurri zuen, Iñakik euskaltegian jakin zuen, Maiteri lagun batek esan zion eta berak Piliri. Mari Mar ez da jada gogoratu ere egiten nola ezagutu zuen Mintzalaguna egitasmoa.

Hasieran zaila omen da horrelako talde batera joatea, inor ezagutu gabe, eskuarki kontrolatzen ez den hizkuntza batean hitz egitera… Hala ere, ez dago zalantzarik zailtasun horrek merezi duela lagun talde hau ikusita. «Hau poteoa bezalakoa da», «hona asteko gauzak kontatzera etortzen gara, lagun artean», diote. Iñakik dio berarentzat konpromisoa txikiagoa dela, parean bizi da eta. Izan ere, konpromisorik gabe probatzen hasi baziren ere, konpromisoa hartu zuten behin geratzea erabakita. «Konpromiso txiki bat, gustura betetzen duguna baina beharrezkoa».

Pili duela 25 urte hasi zen euskara ikasten eta erdi mailaraino iritsi zen, hizkuntz eskakizuna lortuta. Ondoren, alaba izatean, ez zekien nola adierazi bere maitasuna, nola transmititu emozioak euskaraz, eta egiteari utzi zion. Orain bilobekin euskaraz egiten du –«eta edonorekin»–, baina eurek ez dute nahi izaten, «beraiek euskara nik gaztelania bezala dutelako, lehen hizkuntza».

Aspaldi ezagutzen zuen Karmelek Mintzalaguna proiektua, baina ez zuen astirik parte hartzeko. Ahal izan zuenean, ordea, izena eman zuen. «Buruan beharrik edo azterketarik ez izateak laguntzen du bestelako giro bat sortzen, positiboagoa, hurbilagoa euskararekiko». Eta gogoz joaten dela dio, «ilusioz, ikusten dudalako hitz egin nahi dutela hitz egin nahi dutelako, azterketa edota eskakizun batetik haratago, badutela euskaraz mintzatzeko gogoa helarazten didate; nolabait, ikasten inbertitu duten denbora eta egin duten ahalegina baloratu egiten dute eta euskarari bere garrantzia ematen diote. Gainera, gustura eta lasai aritzeko gune bat sortu dugu denon artean eta horrek jarraitzera animatzen nau. Eta taldeak duen jarrerak ere anima dezake parte hartzera».