Xabier Izaga Gonzalez
IKUSMIRA

INOIZ BAINO BIZIAGO ETA PAUSO SENDOZ

Monica del Valle eta Idoia Zabaleta |Argazki Press
Monica del Valle eta Idoia Zabaleta |Argazki Press

Badira laurogeita bat urte herri bat desagerrarazi nahi izan zuten lehen bonbak jausi zirela bertan. Hilda nahi zituzten otxandiarrak, ezabatuta euskalduntasunaren edozein aztarna. Eta asteon, zortzi hamarkada igarota, hurrengo belaunaldiek, sarraskiaren lekuko bakanekin batera, erakutsi dute herri hura, herri hau, bizirik dagoela, inoiz baino biziago. Ez dagoela isilik, urte askoan debekatuta izan zuten hizkuntzan berba eginez. Otxandioko Andikonatik abiatu ziren lasterka, antxintxika, arineketan. Behialako begirada uzkurrak txalo bihurtuz; Euskal Herriko bazter nabarrak, nabarrago. Hogeigarrenez, Euskal Herriko herriak galaz janzten dira egunotan, bihotzeko hizkuntza gero eta aho gehiagotan entzun dadin. Otxandion sortu eta Iruñean hilko da, euskara bizi dadin. Ongietorri bero eta jendetsua topatuko du han, aurrekoetan bezala; baita, aurrekoetan ez bezala, orduko eragozpenak barik, Udalaren harrera abegitsua ere. Lasterka, antxintxika, arineketan... korrika, baina pauso sendoz.