Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

KEPA MENDIA

Madrilen heldu zion aitaren tradizioari, euskaltzaletasunari, alegia. Han ikasketak bukatutakoan, euskalgintzari ekin zion buru belarri. Kepa Mendiaren aitak euskaraz egiten zuen bere optikaren publizitatea, eta Kepak, bere «patua» baitzen, ohiturari eutsi zion, merkataritza estrategia izan gabe. Baina, gerora ikusi duenez, onuragarri gertatu zaio.

Ostegun arratsaldean arineketan ibili zen. Arineketan baina ez presaka. Lehenengo, Otxandion; ordu batzuk geroago, Gasteizen. Euskarari bultzada emateko, milaka lagun bezala, duela 40 urtetik bezala. Izan ere, urte askoan AEK-ko kide gisa eta ondoren ere harreman estua izan du Kepa Mendiak Euskal Herriko lasterketarik luzeen eta jendetsuenarekin. Hasieratik Korrikari eskaini dion laguntza ez da oharkabean geratu, ordea. 1999an, 11. edizioan, hain zuzen, Korrikak omendutako pertsonetako bat izan zen Kepa, Mendia Optikako ordezkari gisa, beste 11 erakunderekin batera. Harrotasunez baina apal gogoratzen du ilusio handia egin ziola omenaldi hark. Huraxe da haren sari kutuna. «Baina nik jaso ditudan omenaldiak eta sariak ez dira niri bakarrik eskainiak, jende askori baizik», dio. Eta baten batzuk jaso ditu: 2010ean, Lazarraga saria; 2014an, Bai Euskarari saria; iaz, Durangoko Azokaren Argizaiola, «urte askoan inurri lana egin duten beste askorekin batera». Aitorpenok balio handia dute berarentzat. Poz handia eman izan diote, «baina baita urduritasuna eta ardura ere». Eta berriro, meritua arindu nahi izango balu bezala, optikari esker euskalgintzan ezaguna dela dio. Baliteke. Edonola ere, ezin uka Mendia Optikak duen prestigioa Kepari eta bere aurrekoei zor diela.

Lanari tartea kendu behar izan zion euskararen lasterketan parte hartzeko, baita GAUR8ren bisitari harrera abegitsua egiteko ere, Gasteizko Olagibel kaleko dendan, betaurreko artean eta Korrikaren karietara atondutako sarreran.

Gaur arratsaldean Printzipal antzokian Arabako Bertsolaritza Txapelketaren finala jokatuko da. Txapelketa hori ere babestu du Mendia Optikak. Horrelako mugimendu, ekimen eta pertsona guztiek merezi dute laguntza, «baina ezin guztietara iritsi», eta ahal duen moduan laguntzen die Korrika eta AEKri, GEU elkarteari, “Alea” Arabako aldizkariari, Bertsozale Elkarteari… «Aurten, gainera, Serapio sailkatu da finalerako! Bertsolariek dena merezi dute, denak dira jatorrak, baina beteranoenak irabaztea nahi nuke, aurrerantzean aukera gutxi izango du eta». Serapio Lopez baranbiarra Aiarako bertso eskolako fundatzaileetakoa da, eta, beraz, Arabako bertsolaritzaren historia bizia.

Optika euskaltzalea

«Maiz zeharkatzen zuen plaza. Gogokoak zituen haren itxura eta giroa. Leku atsegina zen, ez oso nabarmena. Arkupeetan barrena ibiltzen zen. Bazeuden nekazaritza-lanabesak zituzten dendak, optikari bat, Mendia (...)». Horrela deskribatu zituen Pio Barojak “El cura de Monleón” eleberriko pertsonaia nagusiak Gasteizko Plaza Berrian egiten zituen txangoak, joan den mendeko 30eko hamarraldian. Eleberria 1936an argitaratu zuten, eta ordurako Mendia Optikak 80 urte pasa zituen. Kepa Mendiaren herenaitona Romanek zabaldu zuen Argantzunen (Trebiñu). 1898an birraitona Kintin Gasteizera joan zen familia guztiarekin eta hara aldatu zuen denda, Plaza Berriaren eta Andre Maria Zuriaren Plazaren arteko lokala alokatuta. Keparen aita optikaria zen, eta saltokia berriztatu zuen. Bertan, betaurrekoak ez ezik, Fournierren kartak eta musika tresnak ere salgai zituzten, besteak beste: txistuak, gitarrak… Baita diskoak ere. Euskal musika hain erraz topatzen ez zen garaian, Mendia Optikan ez zen euskal disko edo kaseterik faltako. 60ko hamarraldian, Alfredo Donnay poeta eta konpositore famatuak bertara eramaten zuen bere gitarra konpontzera. 1986an, Keparen ardurapean, optika huts gisa gelditu zen azkenean denda, espezializatuta. Ondoren beste denda bat ere zabalduko zuen Olagibel kalean.

Optika gisa ez ezik, euskalgintzari lotutako saltoki gisa ere ezaguna da, oso, Mendia aspaldi luzetik. 1970ean, Radio Vitoria irratia “Euskal Jaia” izeneko programa egiten hasi zen. Igandero Gasteizko familia ugarik entzuten zuten bazkalorduan ordu erdiko programa «bitxia»; bitxia, Radio Vitorian euskara entzuteko aukera bakarra zelako, jaietan edo erromeriaren batean izan ezik euskal musika ere nekez entzun zitekeen garaian. Keparen aitak ez zekien euskaraz, baina oso euskaltzalea zen eta hasieratik izan zen programaren babeslea. Eta semeak jarraituko zion tradizioari, euskarazko publizitatea eginez. 90eko hamarraldiaren hasierara arte iraun zuen “Euskal Jaia” saioak. Kepa irratira joan ohi zen maiz, eta Jose Mari Sedano esatariak euskarazko testuak gainbegiratu eta moldatzeko eskatzen zion. Saioen ostean ea ondo ulertu zitzaion galdetzen omen zion. Gaur egun harriduraz gogoratzen du frankismoan ez zutela arazo handirik izan programa hura zela eta. Behin baino ez zien Gobernu Zibilak saioa ez zezatela egin «aholkatu», Aberri Egun batean.

Ordurako Kepa optikari ikasketak egiten hasia zen, Madrilen, Euskal Herrian ez baitzegoen halakorik. Bukatutakoan, «lan egiteko gogo handirik gabe», Ekonomiako ikasketak hasi zituen. Lan egiteko gogorik gabe, dioenez; hala ere, gogotik egingo zuen lan, karrera ez ezik, euskara ere ikasi baitzuen, baita amorrazioraino euskaltzaletu ere Madrilgo La Sallen zebilen euskaldun mordoarekin. 1976tik aurrera, Gasteizen, euskalgintzari ekingo zion buru belarri, lehenengo Olabide ikastolan eta berehala AEKn, alfabetatze koordinakundeak izen hori hartu eta indartzen hasi zenean, besteak beste, ondoren emaztea izango zuen Maiterekin. 1978an, aitaren optikan lan egiten bazuen ere, Euskal Filologia ikasten hasi zen Gasteizko fakultate abiatu berrian, bertako lehenengo promozioan. Eta karrera bukatu baino lehen, optikaren ardura hartu eta berriztatu egin zuen, konpetentzia gero eta handiagoa baitzen. Optika handiak, ondo prestatuak, iritsi ziren eta ezin atzean gelditu, ezin antzinako prestigiotik soilik bizi; bezeroei kalitatezko produktuak eta arreta eskaini beharra zegoen. Hori bai, «patua» horixe baitzen, aitaren tradizioari jarraituta publizitatea euskaraz eta erdaraz jartzen zuen. «Etxean eta lagun artean euskaraz egiten nuenez, zergatik ez lanean ere?». Eta euskarazko publizitatea errentagarria al den galdetzeko tarterik utzi gabe, jarraitu du: «Euskararen aldeko erabaki hartan ez zegoen merkataritza estrategiarik, baina gerora ikusi dut guztiz onuragarria izan zela». Hasieran lagun eta ezagun batzuek esaten zioten publizitatea euskaraz egiteak ez ziola onik ekarriko, eta berak erantzuten zuen bizitzeko ez zuela %51rik behar, «ni %10arekin oso ondo biziko naiz, horregatik zaindu nahi dut arlo hori». Eta denbora batez, erabakia ez zen negozioarentzat ez onuragarria ez kaltegarria izan. Gaur egun, ordea, ez du zalantzarik egiten negozioarentzat onuragarria izan dela luzera. Areago, gaur egun gero eta garrantzitsuagoa dela uste du, bezeroek berek eskatzen baitute euskara, «eta bezeroak fidelizatzeko modu bat ere bada». Bere bezeroen bi bostenekin euskaraz egiten du. Enpresa handiak eta multinazionalak ere euskarazko publizitatearen balioaz konturatzen hasi direla dio.

Bide horretan laguntzaile onak izan ditu, eta bi ditu gogoan bereziki, bere emazte Maitez gainera. Xabier Kintana euskaltzainari hainbat zalantza eta optika terminoen zerrenda bat bidali zizkion, eta hark «oso lan polita» egin zuen. Eta Txipi Ormaetxea EHUko irakasle eta lagun minak ere «laguntza paregabea» eskaini zion urte askoan.

Gaur egun, euskalgintzari dagokionez, argiak eta itzalak daudela dio. Argiak nabaritzeko, 30 urte atzera begiratu besterik ez dagoela dio. Hala ere, hemendik aurrera «lehia gogorra» ikusten du, erdara zein hegemonikoa den ikusita. Gasteizko euskalgintzari dagokionez, orain Keparen kezkarik handiena Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia dira. Euskararen Etxea abian da Oihaneder jauregian, arrakasta handiz, eta espero du bere kezka uxatuta ikustea luze gabe Kafe Antzokia aurrera ateratzen denean, borroka alderdikoiek alferrik galdu gabe. Jarrera ona ikusten du bai herritarren aldetik bai erakundeen aldetik elkarrekin norabide zuzenean aurrera egiteko. Baina ez du ahaztu «lan militanteari esker iritsi garela hona, erakundeak ez baititugu alde izan». Oro har, pozik dago Gasteizko egoerarekin, «euskaldun berrien hiriarekin», eta Lourdes Oñederra idazle eta irakaslearen esaldi bat datorkio gogora: «Hemen ez dago euskaldun berri eta zaharrik, guztiok gara euskaldun berriak, guztiok ari gara euskara ikasten, lantzen, sendotzen, indartzen». Eta segituan, euskara batuaren ezinbestekotasunaz, oraindik orain Jean Louis Davant euskaltzainak esandakoa gogorarazi du: «Hizkuntza nazional bat behar zen, nazio bat garenez geroztik».

Kepa Mendia, optikaria. Euskaltzalea. Optikari euskaltzalea. •