Jose Angel Oria

RACHID, 45 ZENBAKIA

Gizonezko izena jarri zioten torturatzaileek Fatna El Bouih idazleari, ezin baitzuten onartu Marokoko emakume batzuk politikan sartuta egotea, are gutxiago mugimendu iraultzaile bateko kide izatea. Bere esperientzia liburu batean azaldu zuen, estereotipo horren aurka.

Garai bateko Euskal Herrian esaten zen emakumeak ez duela lekurik plaza publikoan, baina gaur egun badirudi estereotipo hura atzean utzi dugula. Hala, erabat normala iruditzen zaigu emakumezkoak enpresa handien buru, parlamentari edo iraultzaile izatea. Hala ere, zutik dirau arabiar munduko emakumeak politikan ez direla sartzen dioen aurreiritziak, San Telmo Museoak antolatu duen “Lur suntsituak” erakusketaren harira egin diren hitzaldietan hankaz gora botatzen saiatu direna. Fatna El Bouih ekintzaile eta idazle marokoarrak berrogei urtetik gora daramatza uste hori ere ustela dela frogatzen eta Donostian egin berri den ekitaldi batean Amina Benbouchta artistaren eta Piedad Solans erakusketaren komisarioaren laguntza izan zuen bere ahaleginean.

El Bouih Casablancatik gertu dagoen Ben Ahmed herrian sortu zen, 1956an. Gaztaroan mugimendu komunistarekin egin zuen bat eta Hassan II.aren erregimenak atxilotu eta espetxeratu egin zuen 1977an. Beste atxilotuak bezala torturatu egin zuten, baina bere kasuan oso modu berezian, izena bera ere kendu eta beste bat jarri baitzioten, zenbaki bat erantsita: «Rachid, 45 zenbakia». Gizonezko izena da erregearen torturatzaileek Fatna El Bouihri ezarritakoa, beraientzat ez baitzen onartzeko modukoa emakume bat politikan sartzea, are gutxiago talde iraultzaile batean sartuta egotea. Horregatik aldatu zioten izena, bere nortasun femeninoa ezabatzeko. Gainera, Marokoko Berunezko Urteak deitzen zaion garaian erregimenak iraultzaile haiek atxilotu zituenik ere ez zuen onartzen, eta desagertutzat eman zituen. Horixe gertatu zitzaion Fatnari.

Abraham Serfaty iraultzaile handi eta ezaguna izan zen garai hartako Marokoko gazteen erreferentzia nagusietako bat. Espetxean urte gehien egin dituen afrikar herritarra izan zen, Nelson Mandela hegoafrikarrak bere marka hori hautsi zuen arte. Ila al Amam (Aurrera) taldea sortu zuen beste ekintzaile batzuekin batera, Marokoko Alderdi Komunista «epelegia» zelako utzi ondoren. 1974an atxilotu zuten eta biziarteko kartzela-zigorra ezarri.

Sionismoaren aurkako marokoar judua

Nazioarteko presioek lortu zuten erregimenak Serfaty 1991n kartzelatik ateratzea, baina oso era xelebrean: herrialdetik kanporatu egin zuten, bere aitak «Brasilgo herritartasuna» izan zuela argudiatuta. Hassan II.ak ez zion ezer «barkatu» nahi, batez ere Mendebaldeko Saharako herriarekiko zuen jarreraren eraginez, eta horregatik ez zuen ez indultatu ez amnistiatu. Baina, aldi berean, nazioartean bere irudia horrenbeste kaltetzen zuen kanpainari amaiera ematea nahi zuen, eta horregatik erabili zuten Brasilgo kontu hori (egia da aitak urte batzuk egin zituela lanean Hego Amerikako herrialde erraldoian).

Nabarmentzekoa da Abraham Serfaty marokoar judua zela, Errege Katolikoek XV. mendean Gaztelatik kanporatutakoen ondorengoa, eta kartzelan eduki zuten bitartean palestinar herriaren aldeko eta sionismoaren aurkako makina bat artikulu idatzi zituela.

Ezkerrak Marokon bizi zuen giro horretan hazi zen politikoki Fatna El Bouih, eta bere kasuan bertako erregimenak ezohiko gauzak egiteko duen gaitasuna erakutsi zuen, emakume bati gizon baten izena ezarrita, beste inon ez baita horrelakorik egin, ekintzaileak berak egunotan esplikatu duenez.

Mahoma feminista zela zioen irakaslea

Serfatyrekin batera, El Bouihren ibilbidean garrantzia handia izan zuen Fatima Mernissi irakasleak, Mahoma profeta bere garairako «feminista» zela eta beste gizon batzuek erabaki zutela ondoren emakumeak bigarren mailako pertsona moduan hartzea esan zuena: «Garaiko Arabia injustua eta basatia zen. Emakumeak bahitu, saldu eta oinordetzan ematen ziren. Berak gauza horiek guztiak debekatu egin zituen eta beduino haien poligamia basatiari mugak jarri zizkion. Emakumeek otoitzean eta gerran esku har zezaten ahalbidetu zuen, orduan izaten ziren jarduera garrantzitsuenetan». Mernissik 1992an argitaratu zuen “Harem politikoa: profeta eta emakumeak” izenburuko liburuan (Marokon debekatu egin zuten, baina Sirian arrakastatsua izan zen) idatzi zuen misoginia ezin zaiola Mahomari leporatu, eta emakumeen eta nesken aurkako gorrotoa eta mespretxua ondoren beste batzuek ezarri zutela.

Korana islamaren liburu sakratua goitik behera aztertu zuen Mernissik, gaur egun ere hain kaltegarriak diren estereotipoen oinarria topatu nahian, eta berak ondorioztatu zituen ideiak ez ziren Marokoko erregearen gustuko izan. Aipatzekoa da gaur egun ere tankerako ariketa ideologikoa egiten dutela Kurdistango ezkertiarrek, indar islamistak nagusi diren herrialdeetan ideia atzerakoiei aurre egiteko tresnarik onena delakoan.

“Rachid izeneko emakume bat” izenburuko liburua argitaratu zuen El Bouihk 2001ean, askotan saritutako lana. Hogeita hamar urte lehenago bizitako kontuak ekarri zituen gogora, gaztaroan hasita zuen egunkarian oinarrituta.

Aldi berean, gizarte musulmanetan oso indartsu dauden aurreiritzi batzuk ahultzen hasteko ezinbesteko tresna jarri zuen mahaiaren gainean. Donostian eskaini zuen hitzaldiari, liburuko azken orrialdetako zati batzuk irakurriz eman zion hasiera: «Denbora? Denborarik ez zegoen han. Eguna eta gaua ezin ziren bereizi, dena berdina zen, baita tortura bera ere, eta horretarako ez zegoen momentu zehatzik, edozein ordutan torturatzen zuten-eta».

Ikaslearen beldurra

Irakurle askorentzat oso ohikoak izango diren torturen deskribapenekin batera, egileak hain era basatian tratatutako ikasle gaztearen hausnarketak eta kezkak, beldurrak eta itxaropenak, margotzen ditu bere liburuan. Haurtzaroan bere aitak (irakaslea eta islamaren oinarriak hedatzeko ardura zuen gizona) kontatzen zizkion ipuinetan esaten zen neskak bahitzea «beste garai bateko kontu zaharrak» baino ez zirela, baina Derb Mouley Cherifeko ziegatan sartu zutenean gauzak ez zirela beti horrela izaten ikasi behar izan zuen.

«Zergatik idatzi zenuen liburua?», galdetu zioten El Bouihri. Ekintzaileak esplikatu zuen 1990eko hamarkadan erregimenak irekitasun itxura eman nahi izan zuela eta garai hartan berak ere irudia berritzea erabaki zuela: ilea moztu, janzkera aldatu… nortasun femeninoa kendu nahi izan zietenei emakume izaten jarraitzen zuela frogatu nahiko balu bezala. Bere belaunaldikoak ziren bere burua militantetzat zuten Marokoko lehen emakumeak, eta horrek merezi zuen orrialde batzuk idaztea. Tangerren zuen lagun bat herritar espainolen semea zen eta hark preso politiko bihurtutako emakume espainolei buruzko liburuak eman zizkion. Dolores Ibarruri Pasionaria Gallartako buruzagi komunistari buruzko liburu bat ere eman zion. Mernissi irakasleak ere animatu zuen.

Mugimendu iraultzaileetan aritutako beste emakumeei buruz ere idatzi zuen geroztik. Solans komisarioak azpimarratu zuen talde iraultzaileetan ere askotan emakumeak bigarren mailakoak izan direla: gizonei laguntzen zieten, baina inork ez zuen beraiez hitz egiten. «Ekintza politikorako gai izango ez balitz bezala emakumea ez baztertzeko terminologia bera ere berraztertu behar da», adierazi zuen. Bat dator Amina Benbouchta. Berak bere lanetan, emakumearekin lotzen dugun elementu bat gizonarekin lotzen dugun beste baten ondoan aurkezten ditu, bien artean izaten den «botere harremana» agerian utzi nahian, «biktimaren eta zapaltzailearen arteko indarkeriazko harremana».

Esanguratsua da Fatnak Estatu espainola lehen aldiz bisitatu zuenean gertatu zitzaiona. Asko kostatu zitzaien agintariei Fatna El Bouihri pasaportea ematea, urtebete baino gehiago. Azkenean eman zioten eta Mernissik eskatu zion Toledora joateko, bera ordezkatzera. Marokoko feministen inguruko hitzaldia eskaini behar zuen aretora iristean adineko emakumeak ikusteak hunkitu egin zuen, «Marokon adin horretako emakumeen artean analfabetoak baino ez baitzeuden garai hartan».

Maroko, giza eskubideei dagokienez, aurrera ala atzera egiten ari da? Gizon batek esan zion Fatnari Marokon «liberalagoak» zirela «amonak bilobak baino». Ekintzaileak erantzun zion bi dinamika ezberdin hartu behar direla kontuan, eta erantzuna ematea ez dela hain erraza. «Amonak esaten zidan etxean gizonei ez niela begiratu behar. Nik begiratzen jarraitzen nuenez, zazpi hilabetez eduki ninduten begiak estalita. Gaur okerrago gaude? Lehen baino belodun gehiago ikusten da kalean, baina egoera hori onartu egin behar dugu, demokrazia batean bizitzea nahi baikenuen, eta islamistek irabazi zuten». El Bouihren ustez, belo kopuruaren arabera Marokon nola dauden esatea ez da bidezkoa, «zure erabakia baita beloa jantzi ala ez». Bere ustez garrantzitsuagoa da emakumeak arlo publikoan aritzea, militatzea, elkarteak sortzea, lortu nahi dituen helburuetara iristeko. Eta emakume batek beloa eramateak ez du derrigorrez esan nahi pertsona hori bigarren mailakoa denik, gizonak esaten dionaren zain egon behar duenik. Adibide argigarri bat jarri zuen: Irakeko emakume bat ezagutu zuen, beti beloarekin ibiltzen dena, eta agindutakoaren kontra ezer egiteko gai ez dena dirudiena. Horrela hurbiltzen da bere herriko beste emakumeengana, nabarmendu gabe, eta pertsona horiek alfabetatzen hasten da. Baina gero emakume bera Nazio Batuek antolatutako nazioarteko konferentzia batean ikus dezakezu, beste guztien pare.

Fatna El Bouih Marokoko Kartzelen Behatokiaren eta Egiaren eta Justiziaren Forumaren sortzaileetako bat ere izan zen. Espetxeetako egoera ondo ezagutzen du, beraz. «Lehen preso zeuden emakume gehienak drogekin edo prostituzioarekin lotura duten delituengatik zeuden bertan. Gaur hezkuntzak gora egin du, baina arazoak antzekoak dira eta preso daudenen %2 emakumezkoak dira. Tresna eta erakundeak sortu dira, baino oso baliabide gutxi dute. Sekulako sentsibilizazio lana egin beharra dugu, baita epaile diren emakumeekin ere, askotan gizonezkoen estereotipo berberak dituzte-eta».

Beste iraultza baterako prestatzen

Orain sei urte arabiar herriek mugimendu demokratizatzaile ikaragarria zutitu zuten, baina beste herrietako ezkerreko mugimenduek beste aldera begiratu zuten, ez baitzuten ulertzen zer gertatzen ari zen. Marcelo Marchese idazle uruguaitarrak idatzi berri duenez, «haserretuen mugimendu demokratikoa berriz sortuko da, lehenago edo beranduago. Arabiar munduan horrelako tsunamia eragin zuten arrazoiak ez dira aldatu, baina orain herriok badakite herri moduan jarduteko gauza direla. Iraultza demokratikoak itzuliko dira, baina ez diegu gure babesik emango ulertzen ez baditugu. Ulertzeko, gure gorputzari itsatsita bezala eduki ditugun dogma zaharrak hankaz gora bota behar ditugu». Marchesek arabiar mugimendu demokratikoak ezagutzeko ahalegina egitea ezinbestekotzat jotzen du, eta San Telmo Museoak antolatutako erakusketa eta hitzaldiek sekulako laguntza ematen dute bide horretan.

Emakume artista arabiarren garrasi ozena

Gema Martin Muñoz arabiar eta islamiar munduan adituari otu zitzaion «Waste Lands» (Lur suntsituak) San Telmoko museoak hartzen duen erakusketa aurkeztea. Aurkeztea baino testuinguruan jartzea, hobeto esanda.

«Erakusketa hau, kasu honetan emakume artista arabiar eta oro har islamdarren garrasi ozena da, gertatzen ari denari buruz ohartarazten gaituzte, prozesu sortzailearen bitartez», azaldu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan soziologiako eta politikako irakaslea den Martin Muñozek.

Eta badute oihu egiteko arrazoirik. «Erakusketa honetan ikusten eta atzematen dena zera da: Ekialde Hurbila pairatzen ari den etengabeko suntsitze prozesuak bertako herrien desjabetze esperientzian du oinarria. XIX. mendetik ez zaio bertako jendeari euren nahiez, errealitateaz, identitateaz... galdetu. Kolonizazioaren mendeko estatu-nazioak ere horrela sortu ziren». Desjabetze prozesu horrek «ez du aurrekaririk ez eta parekorik ere mundu osoan; izugarria da», salatu zuen arabiar munduari eta islamari buruz hainbat liburu idatzi dituen adituak. «Eta egun herrialdeotan gertatzen ari diren gerrek eta krisiek hor dute oinarria», gaineratu zuen.

Mundu osoko hainbat unibertsitateren aitortza duen Martin Muñoz irakasleak Ekialde Hurbilaren historia liskartsua laburbildu zuen, Palestinaren «tragedia ekidinezina» ahaztu gabe. Libanoko gerra eta Irakek 1980ko hamarkadatik bizi izan duen drama luze eta odoltsua ere aipatu zituen, besteak beste. Izan ere, AEBen inbasioak Irani Bagdadeko ateak ireki zizkionean, Saudi Arabiak 2006tik aurrera eratutako fronte suniten barnetik sortu zen egungo Estatu Islamikoa (ISIS), Siriako presidente Baxar al-Assadek baliatu zuena «hasieratik sakabanatuta zegoen oposizioa gutxietsi eta deslegitimatzeko». Egoera horretan, «munduko errefuxiatuen %60k Ekialde Hurbiletik egin dute ihes. Iraken eta Siriaren artean, etxetik ihes egin behar izan duten 20 milioi pertsona daude. Estaturik edota hiritartasunik gabeko jendea da», salatu zuen. «Hildakoak? Bost axola, zaborrerako material bihurtu dira eta inork ez ditu gogoan, senitartekoek salbu».

Gauzak horrela, «salaketa sentimendu hori oso presente dago &dcThree;sortzaileengan, umiliazio hori barne-barnetik bizi dute-eta». Zentzu horretan, Mendebaldean nagusi diren aurreiritziak salatu eta mundu arabiarreko errealitate guztiz desberdin bat deskribatu zuen: «Modernizazio prozesua sakona izan da, hezkuntza eta formakuntza gizartean hedatu dira eta urbanizazioa nagusitu egin da. Gazteak, batez ere emakumeak, formatuta daude, politizazio maila handia da eta espazio publikoa hartu dute, baita artetik ere».

Horren aurrean, «2011ko iraultzetan gazteek euren herrien desjabetze prozesuarekin amaituko zutela uste zutenean, duintasuna exijitzen zutenean, Mendebaldeak ez zien lagundu. Hala, egun antzinako diktaduren menpe daude, gaztetutako diktaduren menpe gainera», salatu zuen Martin Muñozek. Nola ez ba erabat hustu arte garrasi egin, artea edota beste edozein baliabide erabilita?

Dabid Lazkanoiturburu