2017/04/08

Erreportajea
 
1920. urteko zamaketarien greba Pasaian
Juantxo EGAÑA
Pd31_behatxuu

1920. urteko urtarrilaren 15a. Estatuko zenbait egunkariren azalean Pasaiako portuko zamaketariak lanera bueltatu zirela agertzen zen. Zamaketariek aste pare bat zeramatzaten greban, %10eko soldata igoera eta beren lan baldintzak hobetzea eskatuz. Pasaiako zamaketarien grebarekin denboran bat eginez, Bilboko portuan ikatza deskargatzen jarduten zuten emakumeek ere protesta betean ziren. Pasaiako Portuko batzorde patronalak langileak kontratatu zituen greba hausteko asmotan. Patronalak, gobernadore zibilak, Guardia Zibilak eta Madrilgo komunikabide batzuek “langile askeak” zirela zioten; grebalarien hitzetan, baina, eskirolak ziren. Zamaketariek manifestazioa egin zuten Pasaiako portuan eskirolen kontratazioa salatzeko eta Guardia Zibilak, zaldietan igota, tiroka sakabanatu zituen 400 manifestariak. Patronalak eskirolak kontratatu zituen “Ollargan” izeneko baporea deskargatzeko eta egun horretan bertan Guardia Zibilak portua erabat hartu zuen. Bitartean, negoziazio mahaia eserita zegoen, gobernadore zibilak eta Gipuzkoako Aldundiak zuzenduta. Goiko irudia 1920. urteko urtarrilaren 14an jaso zuen Ricardo Martinek. Guardia Zibila ikusten da grebalariak kontrolatzen.