2017/04/08

Julen Zelaieta Iriarte
 
«Aitzineko finala ez zela kasualitatea izan berresteko ardura dugu»
Amagoia Mujika eta Maider Iantzi
Pd12_julen

«Ongi, ongi nago. Finalerdien ondorengo astea tentsioa gainetik kentzen pasatu nuen, bestondo gisako batekin, baina bestondo ona, eta orain hankak lurrean jartzen ari naiz», adierazi digu ahots alaiz Julen Zelaietak (Bera, 1980) Anaitasunan emandako prentsaurrekotik bueltan. «Argazkiak atera ditugu, finalista guztiak elkarrekin egon gara, eta orain berriz ere zentratzea eta finalari esperatzea tokatzen da».

Denak elkartzeak lagunduko du, ezta?

Bai, badira lau bat final aitzinetik elkartzen garena. Batera egon, otordu bat egin... Aurten ezin izan naiz bazkaltzen gelditu lana nuelako eta han utzi ditut denak. Polita da. Piña pixka bat egin, elkarri animoak eman...

Nola ikusten duzu zortzikotea?

Aldaketa bakarra dago orain dela bi urtetik. Oskar Estanga falta zaigu eta Xabi Maia sartu da. Estangaren falta sumatuko ote den umoreari begira, saio atsegina izateari begira... Baina Xabik ere ongi eginen du eta bertzeok, duela bi urte bezala, bakoitzak gurea ematen badugu, saio oso bat eginen dugu.

Ez dakit konturatu zaren finaleko beteranoena zarela.

Bai, bai, bai, konturatu nintzen [dio irriz]. Gainera, banekien aurten pasatzea lortzen baldin banuen hamargarrena izanen zela. Berez ez dut presiorik izaten azkeneko urteetan, lehen bezainbertze ez. Baina aurten banuen, bereziki horregatik. ‘Ez duzu deus galtzeko’ erraten nuen. Baina barrenetik pentsatzen nuen: ‘Hamargarrena nahi dut’. Eta beteranoena naiz, bai. Ez dakit hori ona edo txarra ote den. Beterano hitza ez zait buruan sartu orain arte. Txapelketan uste dut bigarren edo hirugarren beteranoena naizela eta finalean lehenengoa. Duela bi urte ere hala nintzen. Ez nuen espero hain agudo izatea, lehen txapelketa atzo egin nuen-eta. 99a zen, baina, atzo. Orduan Manolo Arozena, Bittor Elizagoien, Jean Louis Laka, eta Fermin Mihura zena ziren beteranoak. Horien beterania urruti ikusten duzu, baina urteak pasatzen direla, hori da kontua.

Zenbat urte zenituen lehendabiziko finalean?

22 urte nituen. Ordutik bertsolaritza lantzen joan gara. Landu behar izan dugu, finalean sartzea ez delako batere gauza erraza azkeneko urteetan.

Aurkezpenean nabarmendu duzuenez, inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan ditu aurtengo txapelketak. Nafarroako bertsolaritzaren sasoiaren erakusle?

Bai. Inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan dira aurten. Halere, azken txapelketarekin konparatuta lehendabiziko hamarrak, Estanga eta Xabi Maiaren aldaketa hori kenduta, berdinak gara. Orduan, kopurua handitu da baina ea hor gabiltzanak, batzuk behinik behin, bidaltzen gaituzten! Falta dena da kantitateari kalitate pixka bat eranstea.

Ze jarrera eta helbururekin joanen zara Anaitasunara?

Finala ze plaza polita den ikusita –Anaitasunan kantatzea ez da egunero duzun aukera bat– aprobetxatzea eta nire saioa egitea dut helburu. Zortzi bertsolari gara, bakoitzak gure bertsokera dugu. Bakoitzak bere lana egin behar du eta ni nirea egitera joanen naiz. Badakit zer den nik finalean egin beharrekoa. Bertze finaletan ere hala egin dut. Irakurketa bat egin eta galdetzea ea zer egiten ahal dudan, zer aportatzen ahal diodan finalari, eta horren arabera saio oso bat egitea, jendeak gogoan hartzeko moduko saio atsegin bat.

Nola joan da zuretzat orain arte txapelketa? Nola sentitu zara egindako saioetan?

Txapelketa berandu samar zenez aurten, prestaketa ere berandu hasi nuen, nahi baino beranduago, eta Iruritako final laurdenera joan nintzen pentsatuz: ‘Ikusiko dugu zer egiten dugun’. Proban jarri nuen neure burua. Finalaurrekoetara bitartean hiru aste nituen prestaketak sakontzeko, ez nuen gauza handirik egin eta Iruritara bezala joan nintzen: ‘Botako ditugu hamahiru bertsoak, atera dadila atera behar duena’. Iruritan ongi sentitu nintzen; Agoitzen, berriz, gaizki. Bosgarren bertsoan ustez hanka sartze bat egin nuen. Erraten digute bertso bat txarra botata ere segitzeko, hurrengoak inporta duela, baina puntuak jokoan daudenean zaila da eta kosta zitzaidan buelta ematea. Nolabait eman nion eta bukaeran puntuak adituta, gustura. Baina saioan sufritu nuen. Ez dut uste finalaurreko batean hainbertze sufritu dudanik. Ez saioan bertan eta ez aitzineko egunetan. Tentsioan egon nintzen eta ez dakit zergatik. Neure buruari erraten nion: ‘Ez bazara pasatzen, astelehenean lanera joan behar duzu berdin-berdin. Lehen ere egon zara finaletik kanpo’. Baina halere bazegoen hor pasatu beharra.

Ez da gehiago presionatzeagatik, baina Euskal Herriko txapelketarako bost txartel ere jokoan daude.

Sailkatuz gero ilusioa eginen lidake. Behin kantatu dut, 2005ean, eta ez nuen gustura harrapatu neure burua, nahiz eta kanpotik erran saio polita egin nuela. Pasatuz gero aukera izanen nuke arantza ttiki hori kentzeko. Baina ez dut horretan pentsatu behar. Lehentasuna Nafarroako final polit bat egitea da, entzuleak asetzea, nire saioa egitea. Gero bertze bost joaten badira, doazela, seinale ona izanen litzateke. Ea saio polita ateratzen den. Duela bi urte aipatu ziguten denok eman genuela gurea. Jendea sentsazio onarekin gelditu zen eta hura ez zela kasualitatea izan berresteko ardura dugu. Bertze pauso bat eman eta errateko: ‘Bai, bertsoak goiti egin du Nafarroan’.

«Banekien pasatzea lortzen banuen hamargarrena izanen zela. Manolo Arozena, Bittor Elizagoien... Horien beterania urruti ikusten duzu, baina urteak pasatzen direla, hori da kontua»