2017/04/08

Eneko Fernandez Maritxalar
 
«Bertsolari osoagoa ikusten naiz eta garapen hori azaldu nahi dut»
Amagoia Mujika eta Maider Iantzi
Pd12_enekofernandez

Eneko Fernandezek (Lesaka, 1977) sentsazio onak ditu. Lasai eta gogotsu sentitzen da. Inoiz ez zitzaion pasatu lehendabiziko fasean pasatu zitzaiona. Uharten abestu zuen lehenengo eta hagitz-hagitz disgustura gelditu zen. «Sentsazio eskasekin, urduri, lotua, indarrik gabe...». Agoitzen kontent zen horri buelta eman ziolako. «Aldarte hagitz txar batetik heldu nintzen eta horri buelta eman nion. Nahiko lasai eta txukun aritu nintzen. Bertsotan badakit gauza batzuk hobetu behar ditudala, baina sentsazio orokorra ona izan zen». Sentipen on horiekin goitituko da, hortaz, Anaitasunako oholtzara. «Inork ez dizu deus ziurtatzen horrekin, baina konfiantzarekin joatea garrantzitsua da».

Hirugarren txapelketa eta hirugarren finala duzu. Zu zara berriena kantuan, 2011n hasi baitzinen bertso eskolan.

Bai, eta adinean denetan zaharrena naiz. Hagitz berezia da konbinazioa. Bertze gehienak haurretan hasiak dira kantatzen. Xabi Maia nirekin batera hasitakoa da.

Kuriositatea dut: nolatan hasi zinen helduaroan?

Beti izan dut gustuko, baina inoiz ez nuen pausoa eman bertze gauza batzuk nituelako buruan. Lagun batekin solasean elkarrekin hasiko ginela erabaki genuen. Apustu gisa jarri genuen: hurrengo ostiralean! Ni apuntatu nintzen, bera ez.

Hasi eta bi urtera finalera salto egin zenuen.

Egia erran, nire kasua berezia da zentzu horretan. Justu hasi nintzen garaian helduen bertso eskolei indarra eman zitzaien, Bardoak txapelketarekin, eta gaztetan hasi ez zen jende dexente hasi zen bertsotan. Baina nire kasua da paradigmatikoena zentzu horretan txapelketan emaitzak atera zirelako. Bertze kasu guztietan ez da pasatu. Xabi orain ailegatu da finalera. Nire kasuan lehendabiziko Bardoetan irabazi nuen, gero txapelketan finalera iritsi nintzen. Deigarria da sailkapenetan goian azaldu naizelako.

Emaitza onak eman dituzu eta aipatu duzu garapena erakustera zoazela finalera.

Bertsotan hagitz espazio egokia harrapatu dut momentuan bilatzen nuenerako eta pila bat disfrutatzen ari naiz, baina ikusten ari naiz egindako lanarekin garapena nabarmena dela. Nahi dudana hori da, orain bi urte nintzena baino bertsolari osoagoa ikusten naiz eta nire garapen hori azaldu nahi dut. Denei gustatzen zaigu sailkapenean ahalik eta goien egotea, baina niretzat dena ondorio bat da. Hori dena ematen badut nire mailan kokatuko naiz. Ez dakit zein izanen den, baina dagokidana. Hori bilatzen dut, urteotan izandako garapena erakustea.

Garapena zein zentzutan, bertsoen kalitatean ala gaiei heltzeko moduan?

Bietan. Bai teknikoki bertsoa nola egin, errimen aberastasuna, bai gaiak nola hartu, elkarrizketak nola garatu... Alor guztietan. Gauza denetan bezala, lantzen duzun heinean garapena ikusten duzu.

Zein ariketatan disfrutatzen duzu gehien?

Hasieratik normalean bakarka gehiago disfrutatu dut. Kostatzen zitzaidan ofiziotan elkarrizketa bat gauzatzea. Berandu hasita, nire bertsoa egiten nuen eta horretan kontzentratu behar nuen, kasik bertzeari entzun gabe. Orain ahalegin horretan ari naiz pausorik handienak ematen. Bertzeari entzun, hortik elkarrizketa bat egiten saiatu, erantzuten... Orduan, parekatzen joan direla uste dut bakarkakoa eta ofizioetakoa. Orain bietan aritzen naiz gustura. Ofizioetan gusturago, agian.

Nola ikusten dituzu zure kideak eta orokorrean Nafarroako bertsolaritza? Zein indargune eta hutsune ikusten dizkiozu?

Indarguneei dagokienez, mailak orokorrean goiti egin du azken urteetan, nabarmen. Nafarroako bertsolarien lanaren ordaina da. Zein hutsune ikusten ditudan? Kostatzen ari da pixka bat gazte berriak irtetea. Emakumeen aldetik afera konplikatuagoa da, baina bertsolaritzan ere eragiten du eta finaleko oholtza da horren adierazgarri. Pena bat da, baina arazo horren erroak ez dira bakarrik bertsolaritzakoak eta ez daude bakarrik orain. Landu beharreko gauza bat da. Hor ikusten ditut gabeziarik handienak. Bestela Nafarroako bertsolaritza nahiko osasuntsu ikusten dut eta indartzeko intentzioz.

Asteburu biribila izanen da Iruñekoa. Finala eta Korrika ongi etorriak izanen dira, eta ETAren armagabetzea ere izanen da Baionan. Zein gogoeta egiten duzu horren inguruan?

Asteburu hagitz inportantea da. Baionakoa, dudarik ez, ekintza nabarmena da. Iruñeari dagokionez, euskaran zentratutako asteburu hagitz potentea izanen da. Nafarroan beharrezkoak dira oraindik halako ekintzak, euskara indartuko dutenak. Asteburu honetan elkartuko dira euskararekin lotutako ekintza potenteenak izan daitezkeenak. Udalaren eta nafar Gobernuaren babesarekin. Besta handi bat da, baina abagune garrantzitsua ere bai, aldarrikatzeko eta euskarari bultzada handi bat emateko. Zer garen azaltzeko, ze indar dugun, bagarela norbait Nafarroan errateko eta euskaraz bizi nahi dugula adierazteko. Jendea animatu nahiko nuke saiora etortzera.

«Nafarroako bertsolaritzaren mailak orokorrean goiti egin du azken urteetan, niretzat nabarmen. Bertsolarien lanaren ordaina da. Zein hutsune ikusten ditudan? Kostatzen ari da pixka bat gazte berriak irtetea»