2017/04/08

Gaizka Amondarain
Irakaslea
Emak Bakia

Oskar Alegria zuzendari iruindarraren «Emak bakia baita» filmaren bukaeran, erbi batek bere eguneroko joan-etorrietan egindako ibilbidea ageri zaigu mapa baten gainean marrazturik, filmaren nolabaiteko «making of»-a.

Horrela azaltzen du zuzendariak elkarrizketa batean erbienganako duen debozioa: «Erbia, bistan da, untxiaren familian dago, baina untxia etxekotzen ahal da; erbia, ez. Ber gauza gertatzen da oreinarekin eta orkatzarekin: oreina domestikatzen ahal da; orkatza, nehoiz. Orkatza edo erbia harrapatu eta kaiolan sartzen baduzu, kolpeka hasiko da sarearen kontra, hil arte. Erbia, beraz, oso salbaia da, eta nik maite dut hori. Gero, untxiak lurpean jaiotzen dira, eta begi itxiekin. Erbiak, aldiz, begiak zabalik eta lurrazalean jaio ohi dira, erne beti. Erbiek ez dute nehoiz leku berean lo egiten, eta beren eguneroko ibilbidea kaos bat da, ez da lerro zuzena».

1926. urtean, Man Ray artista dadaista estatubatuarrak “Emak Bakia” izeneko film laburra errodatu zuen oporraldia pasatzeko Lapurdiko kostaldean zeukan izen bereko jauregian [https://goo.gl/T43g4X]. Jauregia Bidarten dago, “parlamentia” izeneko muino batean, eta joan den mende hasieran eraiki zuen errumaniar aristokrata batek. Handik ehun urtera ia, etxearen bila ari zela, bidera agertutako istorioei tiraka osatu zuen bere pelikula Alegriak [https://goo.gl/mmluCd].

Bilaketa baten kontakizuna da Alegriarena, eta ezustekoz beteta dago. Etxearen jabea izandako errumaniar noblearen bilobarena da horietako bat: Maria Despina zu Sayn-Wittgenstein printzesa errumaniarrarena. Inurrien usaimenari buruzko tesia egin zuen biologoa eta Nabokov idazlearen lehengusina izateaz gain, gaztetan Errumaniako ping-pong txapelduna ere izan zen pelikulan agertzen den 94 urteko emakumea. Adibide bat baino ez da beste guztien artean. Filma, erbi baten antzera, alde batetik bestera saltoka baitabil etengabe. Hemendik hara garabiltza sinestezinak diruditen gertaera eta bizipenen atzetik.

Inguru hartako etxe bakoitzak istorio harrigarri bat gordetzen du bere baitan zuzendariaren arabera. Bizitza osoa hango etxeei buruzko filmak egiten pasata ere, ez lioke kontatu beharreko guztiak kontatzeko astirik emango. Abadia jauregitik hasita; 1992an, Bartzelonako Olinpiar Jokoak hasi baino hilabete batzuk lehenago, ETAren garai hartako zuzendaritzaren atxiloketaren lekuko izan zen etxeraino; bada non arakatu Lapurdiko kostaldean.

Zer diren gauzak. 60 urteren buruan, ETAk bere armak entregatzeko eguna ailegatu den honetan, «Emak bakia baita» filma etorri zait akordura tupustean. Erbiaren joan-etorriak irudikatzen dituen maparekin gogoratu naiz. Eta nire bizitza zedarritu duten une eta gertaera asko eta askorekin ere bai. Kontzientzia politikoa dudanetik, ez baitut ezagutu gaurdaino, hiltzea gaizki dagoela eta ETAk armak entregatu behar dituela entzun ez dudan egunik. Eta orain, bitxia bada ere, inork ez du arma horiei buruz ezer jakin nahi.

Hala da, bakea asko predikatu baina bakea egiteko artisauak behar dituen herri batean bizi naiz. Errepikatzearen errepikatzez, hitzak desegiten diren leku batean zahartzen jarraituko dut. Ez nintzen heroi jaio. Ez nintzen biktima jaio. Egin nuena ez zen izan beti egin behar genuena. Superfizie irregular batean marra zuzen bat marraztea ezinezkoa dela jakitun izateko beste bizi izan dut. Ez dut bakerik nahi, bakea ez delako libertatea. Nik sinpleki, erbi izaten jarraitu nahiko nuke aurrerantzean. Helmuga baino, ibilian egiten dugun bideak utzitako arrastoa baita gerora geratuko den bakarra. Eta oraindik, zorionez, kontatu gabeko etxe bete istorio falta zaizkigu idazteko. •