2017/04/08

Mikel Zubimendi
Eraiki, kontatu eta gogoratu beharreko egun handia da

Egingo dugun horrek gero egingo duena gure gain egon ez arren, gure onenaz ildoa jorratuz ahal duguna egiten bada, haziak zuhaitza emango du. Eta honek, fruitua, itzala, basoa, etxea, su berrietarako egurra

Gaur, 2017. urteko apirilak zortzi dituen eguna, ez da ohiko eguna. Poz betea ematen duen egun horietako bat da, handia, zoriontsu egotekoa, nork bere emozioei suelto bide ematekoa. Egin eta egitea nahi dutenen eguna da; ez, eginda egotea nahi dutenena. Baikortasunaren ziurtasun faltsu, esfortzu propiorik gabe gauzak aurrera ateratzen diren uste ustelaren eta dena erremediorik gabekoa dela dioen ezkortasunaren artean, bien pasibotasun eta konplazentziaren aurka sortzen den esperantzarena. Etorkizuna nolakoa izango den aurretik ezin delako esan, zer gertatuko den ez dakigulako, baina guk idatz dezakegula ondo ikasia eta barneratua dugulako esperantzarena.

Giza-jendea kreatura konplexua da. Esperantza eta larrimina gure baitan batera existitu daitezke, gure azterketa eta mugimenduetan. Sentimenduak nahi eta ezinaren minetan eta amorruan sustraitu ditzakegu, baina, gero, ametsaren ildoan, bisio horrekin eta bisio hori konpartituz eman ditzakegu fruituak, misio horren zerbitzura. Hartzen diren erabakiak, egiten ditugun ekintzak ez dira bizirik daudenengan soilik bizitzen, hamarkada bat geroago inpaktua izaten jarraitzen dute jaiotzear daudenengan, nortasuna emanez, historia bat borobilduz.

Ildoa jorratu, hazia landatu eta, gero, uzta jasotzen da. Ahal duguna egiten dugu. Eta egin dugun horrek imajina dezakeguna baino gehiago egin dezake datozen belaunaldien alde. Hazia landatu eta zuhaitza hazten da bertatik. Fruitua, itzala, bizilekua, hazi berriak, basoa, su berriak pizteko egurra edo etxea emango dizkigu. Zuhaitza pertsona baino gehiago biziko da. Eta berdin ideiak, apustu politikoak, bizi-borroka bateko konpromisoak. Gure aberriaren txikia eta mundua alda dezakete, egin dezakeguna egiten badugu, gure arteko onenak aitzindari, gu guztion onena ateratzen badugu. Egiten dugun horrek gero egingo duena gure gain ez dagoen arren.

Esanahiz betea da gaurko eguna. Herrian sortu zena herriak birsortuko du. Modelo zehatz eta fotokopiatu bati jarraitzeke hasi zena, manualetan ez zegoen modelo herritar batekin bukatuko da. Ondo, sendo eta hamarkada batzuetarako ireki zena, ondo ixten ari da, oraindik irekita dauzkagun zauriak ixteko lagungarri, aukera berriak irekitzeko energien askatzaile. Behinola, askok eta askok imajinatu zutena, Iruñeko Foru Monumentuaren pean, Euskal Herriko nazio instituzio goren baten aurrean, okasiorako txapela eta dotore-dotore jantziz irudikatutakoa, ez da izango. Baina gaur izango dena, bere eredu, modu eta mezuarekin ederra izango da oso.

Ez da bere baitan iraultza bat izango. Baina onura kolateral eta zeharkako ondorio handiak izango ditu. Kutsakorra izango da, zentzu onean kutsakor, ideala, esperantza eta kuraia kutsatuko dituelako. Historia bat borobilduko du, eraiki, kontatu, gogoratu eta ospatu beharrekoa, eta gure historia horren kontalariak, mezulariak, izateak eguneroko lanaren ardatz izaten jarraituko du.

Falta direnak, borrokan eroriak eta gatibuak, gogoan izateko eguna da. Haien ausentzia gertuko presentzia, haien ekarria nabarmentzeko, aurrera begira jartzeko eguna. Gaur ez da ezer amortizatzen, historia oso bat kapitalizatzeko palanka berri eta indartsu bat ezartzen da.

Gaur ikusiko dena posible egin duten guztien lana aitortzeko eguna da. Egunkarietan atera ez arren, ezker abertzalean isil-isilik, egoera zail askoan, munduko pazientzia iraultzaile guztiaz jardun direnen lana aitortzekoa. Gaurko eguna herriari itzuliz, herritartuz, herria hartzaile eta berme bakar hartuta, Ipar Euskal Herriko anai-arreben jokabidea eskertzekoa. ETAren hitza beti hitz, bere jardun osoan hitzezkoa izan dela azpimarratzekoa. Gaur, euskaldunok, arma kimikoen eraso eta misil nuklearren proben berriez lepo dugun mundura zabaltzen dugun mezua balioan jarri beharrekoa da. Gaur pozik egon eta ospatu behar den eguna da. Bihar, hortzak izerdi, lanari indarberrituta ekiteko eguna izango da. Izorra daitezela etsaiak eta tristeak, bejondeiola Euskal Herriari. •