2017/04/08

Aimar Karrika Iribarren
 
«Ez dakit buruak zer duen, batzuetan bertsotarako dago eta bertzeetan ez.»
Amagoia Mujika eta Maider Iantzi
Pd12_aimar

Hirugarren finala du gaurkoa (Auritz, 1988) eta aurreko bietan bezala, finalisten artean gazteena izango da Aimar Karrika. Bera, baina, hazi egin da bertsolari bezala aurreko bi finaletatik, batez ere bere buruari «bertsolari» izatea baimendu dionetik.

Kontziente da asteburu berezia datorrela, eta bertsozale asko egongo direla begi bat oholtzan eta bestea sare sozialetan. Errealitate horretan Nafarroako finala txertatzen asmatzea izango da gakoa, Karrikaren ustez.

Zer moduz zaude?

Ongi nago. Finalaren bezperako astea gorabeheratsua izaten da, gora eta behera ibili behar izaten dudalako lanean eta tenplez ere berdintsu ibiltzen naizelako. Baina nahiko lasai nago.

 

Zure hirugarren finala. Zein asmo, gogo, erronka?

Ez dut sentitzen ardura handiagoa dudanik hirugarren finala delako. Lehena nahiko azaletik pasatu nuen, ez dakit prest ote nengoen orduko Anaitasunari aurre egiteko. Bigarrena, Elizondon, hobexeago joan zen. Eta, oraingoan, ez dakit. Txapelketa hau bide baten hasiera bezala hartu dut, barrura begira jartzeko eta zer egin nahi dudan zehazteko. Beldurrak kendu eta bertsotan egitera noa. Sinplea dirudi erantzunak, baina, benetan, horretara noa. Dena ahantzi, gaia entzun eta erantzutera.

Batzuetan finala gainetik pasatu zaizun sentsazioa izan omen duzu.

Lehen finalean horrela izan zen, tenplerik ez, maila ere ez dakit banuen... ez nintzen han izan. Oraingoan ikusiko, horrelako saioei neurria hartu diedalakoan nago... ea zer ematen dudan gaurko finalean.

Kostatu egin omen zaizu «bertsolari» zarela onartzea. Zergatik?

Beldurrengatik izango da, besteek bertsotan zenbat egiten duten ikusita... Ez dakit zehazki zergatik, baina kostatu egin zait neure buruari bertsolaria naizela onartzea. Bertsolaritza oso plazeretik eta oso gustura bizi dudan mundua da, baina errespetu handia ere ematen dit eta horregatik, beharbada, ez diot neure buruari baimendu bertsolari izate hori. Aurten aldatu dudan gauzarik garrantzitsuena hori izan da: onartzea banabilela eta nabilen horretan ahalik ondoen aritu nahi dudala.

 

Erabat bertsoaren munduan zabiltza, irakaskuntzaren alorrean.

Zazpi urte daramatzat Ipar Euskal Herrian bertso eskolak ematen; Hendaia, Baiona, Kanbo, Hazparne... Hezkuntza arautuan eta hortik kanpo, denetarik. Seaskan gabiltza, eskola elebidunetan ere bagabiltza, baita bertso eskoletan ere.

Anaitasuna plaza ederra da, ezta?

Oroimenetik baino, Elkarteak egin duen bideotxo batetik ikusten dut Anaitasuna. Plaza ederra da, bildua, gertukoa, jende asko bilduko da... Duela bi urte Elizondon izan zen finala eta Anaitasunak handiagoa ematen du, nahiz eta akaso jende kopuruz berdintsuak izan. Baina Anaitasuna plaza ederra da, errespetu pixka batekin kudeatu beharrekoa.

Nola kudeatzen duzu urduritasuna?

Nik ere ez daukat oso garbi [barrez]. Ez naiz patxadatsua, baina azken bi saioetan tenplez lasai ibili naiz, ongi. Ez dakit buruak zer duen, batzuetan bertsotarako dago eta bertzeetan ez. Hori da kontua. Horrek zalantza batzuk sortu izan dizkit bidean, baina ikusiko da.

Zortzi finalistetatik zazpi errepikatzen dira. Eta emakumerik ez dago.

Normalean zaila izaten da finaletan ezusteko handiak gertatzea. Baina txapelketa honetan ikusi denez, belaunaldi berriak badatoz atzetik bultzaka, eta indartsu, gainera. Badira aurretik txapelketa batzuk egin dituzten bertsolariak, nabarmen maila bat gora egin dutenak. Eta badira txapelketan sartu berriak, Joanes Illarregi kasu, oso ongi aritu direnak. Belaunaldi berriak badatozela ikusi da eta ea bi urte barru ez naizen berriro finalista gazteena.

Asteburu berezia dator, gertaera garrantzitsu asko Euskal Herrian.

Hala da, eta ez dakit hori onerako izango ote den. Telefonoak itzaltzeko esaten da bertso saioetan, baina itzali-itzali inork ez du itzaliko. Bertso tarteetan asko begiratuko zaie sare sozialei, seguru. Ea asmatzen dugun hor txertatzen.

 

Final bezperako egunak nolakoak izaten dira zuretzat?

Ez dut gehiegi sinesten errutina horietan. Bertsotan bezala, nire egunerokoa inprobisatzea gustatzen zait.

«Bertsolaritza plazeretik eta gustura bizi dut, baina errespetu handia ere ematen dit. Horregatik, beharbada, ez diot neure buruari baimendu bertsolari izate hori. Aldatu dudan gauzarik garrantzitsuena hori izan da: onartzea banabilela eta nabilen horretan ahalik ondoen aritu nahi dudala»