2017/04/08

Xabier Terreros Gartzia
 
«Gaiei buruz gogoetan pasatu dugu kantuan baino denbora gehiago»
Amagoia Mujika eta Maider Iantzi
Pd12_terreros

Gogotsu, kontent eta ilusio handiarekin harrapatu dugu Xabier Terreros (Lesaka, 1981). «Komeni da burua tentsio puntu batekin egotea, azkar joateko. Ez diot beldurrik horri eta horren zain ere banago, neure burua lasaiegi ikusten dudalako. Tentsioa etorriko da bai ala bai. Beraz, ongi».

Zein asmo dituzu finalerako?

Badakit klasiko bat dela, baina nire hoberena ematea dut helburu. Ofiziotan elkarrizketa ederrak osatzea gustatuko litzaidake. Gai aunitz suertatzen ari dira gogoetarako eta norbere pentsaera, ideologia eta mundua ikusteko eta ulertzeko manera, zeharka bada ere, sartzeko aukera ematen dutenak. Bertso eskolan gaien inguruko gogoetak eta iritzi trukaketak egiten pasatu dugu ziurrenik kantuan baino denbora gehiago. Hortaz, gustatuko litzaidake halako elkarrizketa goxo batzuk osatzea. Gero, bakarkako lanetan, ea zein den gaia eta norberetik kantatzeko aukera dagoen. Nik ongi pasatu nahi dut. Orain dela bi urte izugarri disfrutatu nuen. Badakit ordukoa errepikatzea zaila izanen dela, atmosfera izugarri berezia zegoelako, baina gustatuko litzaidake aurten ere irribarre handi batekin ateratzea.

Gaiak aipatu dituzu eta interesatzen zait hori, aldatzen doazelako.

Bertsogintza aldatzen ari den bezala, gaiak ere bai. Batzuetan potoloak dira, potoloegiak ere bai. Hizketarako zalantzak edo kontraesanak sortzen dituztenak. Haurdunaldi subrogatuarena datorkit burura. Ostatu batean zerbeza batekin aritzeko ere mila ertz ditu. Bertsogintzaren bilakaera hori nabaritzen da gaietan ere, ez agian plazan bezainbertze, txapelketako gaiek badutelako txapelketako kutsua.

Gai politikoen falta sumatu izan dut. Ez zaizu pasatu?

Aurten nik kantatu dudan bi saioetan eta bertze batean egon naiz, eta ez da gai politikorik izan. Finalean uste dut bakarren bat tokatuko dela, baina jendartearen joerak, lehentasunak edo agenda nondik nora doan horrek ere markatzen du eta politikagintzan aritzen diren talde edo erakundeen ekimena ez da agian handiena. Bertzelako eragile sozial batzuen dinamikak gain hartzen ari dira eta baliteke gaietan ere hala izatea.

 

Halere, finala egun seinalatuan izanen da, ETAren armagabetzearekin batera. Biharamunean Korrika iritsiko da, gainera, Iruñera. Bertso finala bezala, gobernuen babesarekin oraingoan. Asteburu indartsua dator.

Euskararentzako, kulturgintzarentzako bete-betea. Baionako ekitaldia, armagabetzearen gauzatze hori ere izango da eta bi horien tartean dago gure finala. Nafarroan gure finalak badauka indarra eta garrantzia. Badakit sarreren salmenta ongi doala, aurrekoetan baino hobeki, baina ez dakit, niri zalantza batzuk sortzen zaizkit, agian nire lehentasun eskala propioa dudalako. Iruditzen zait bai armagabetzea bai Korrika izugarri ekitaldi potenteak direla eta gu, tartean, hortxe egongo garela. Ziur, urtero izan duen bezala, bere tokia izanen duela.

Duela bi urte txapeldunorde izan zinen. Bada zure helburua txapela lortzea?

Egia erran, ez. Ikusten dut bertsotan nire mailan ongi nabilela, oso ongi, inoizko maila onenarekin, eta gustatuko litzaidake hori ateratzea. Txapela opari handi bat da, baina ardura ere badakar: bertso saioak, horietan erantzun beharra... Horrek ekartzen du bertze konpromiso edo ardura batzuk utzi behar izatea.

Zortzi finalista zarete eta zortziak mutilak. Halere, Luzia Goñi 89 urteko bertsolariak jantziko dio txapela irabazleari. Zein gogoeta sortzen dizkizu horrek?

Txapelketako antolatzaile taldean nago eta Luzia Goñik txapela janzteko erabakia hartu genuen, hamarkadetan emakumearen isla delako. Talentu handia oholtzarako, baina hori garatzeko aukerarik ez. Hamarkadetan gizonezkoen mundua izan da bertsogintza, gainontzeko esparru gehienak bezala. Berak, inoren laguntzarik gabe, bere kabuz ikasiz, idatziz, gogoetak eginez, bakardadean, sortu ditu olerki sorta ederrak. Kaleratu ere berak egin zituen, noski. Berak egin du bere bidea, inoren laguntzarik eta babesik gabe, isilean, inoren errekonozimendurik gabe. Iruditzen zait merezi duen errekonozimendua eginen diogula berari eta historiaren itsasoan galdurik egonen diren Luzia Goñi guztiei. Gero, egia da zortzi bertsolariak mutilak garela. Barrutik ateratzen zaizun lehendabiziko gauza da: «Buf, berriz ere!». Mutilak eta gazte-gazteak ere ez. Gazte erraten digute 36 urte ditugunoi. Saioa Alkaiza finaletik hurbil gelditu da, duela bi urte bezala. Haurren bertso eskoletan gehienak neskak dira, baina gero nerabezaroan gutxiago dira. Azken urteetan inoiz baino neska gehiago ditugu gaztetxoetan ere, eta nik uste dut epe ertainera pixkanaka aldatzen joango dela finaleko argazkia. Hala ez bada, orduan bai piztu beharko dela alarma gorri-gorri bat. Uste dut badugula non gogoeta egin, non baliabideak jarri, identifikatzeko zer gertatzen ari zaigun. Badakit Bertsozale elkarteak bakarrik ezingo duela hori konpondu, jendartearen arazoa delako, baina eredugarria izaten ari dela iruditzen zait gogoeta asko egiten ari delako eta emakume taldeak bertsogintzaren inguruan hausnarketa gehien egiten ari direnak direlako. Espero dezagun oreka handiagoa egotea. Belaunaldi aldaketa ere eman beharra dago eta oholtzan eman nahiko nuke.

«Inoiz baino neska gehiago ditugu gaztetxoetan ere eta uste dut epe ertainera aldatzen joango dela finaleko argazkia. Hala ez bada, orduan bai, piztu beharko dugu alarma gorri-gorri bat»