2017/04/08

Joxean Agirre
Ispiluak

Ispiluaren aroa» deitzen dio Jacques Lacan psikoanalistak 6-18 hilabete artean umeak ispiluan ikusten duena bere burua dela jabetzen hasten den sasoiari. Ispiluak XIX. mendearen amaieran ugaritu zirela kontuan izanik, ez dakigu aurretik nola arraio iristen ziren umeak beren irudiaz jabetzera, zilar eta metal distiratsurik ez zen etxeetan, behinik behin. Baina arazo hori alde batera utzita, egia izan daiteke tresna horrek haurtzaroan gure nitasunaz jabetzen laguntzen digula, inoiz ispiluari begira egon ginenik oroitzen ez badugu ere.

Nago ez ote den antzeko zerbait gertatzen herrialdeekin ere eta ez ote dugun azken urteotan ikasi nolakoak garen Quebec, Eskozia, Irlanda edo Kataluniari begiratuz. Nago baita ere, ez ote diguten aurretik beste hainbat ispiluk gure irudia desitxuratu, gurearen antzekotasunak herri kolonizatuetan aurkitu uste izateraino, eta nago, azkenik, ez ote garen geure konplexuak gainetik kentzen hasi ereduak herrialde garatuagoetan ikusten hasi ginenetik.

Ispiluak ispilu, aberriak badu osagarri utopiko bat. Eduardo Txillidak Pili Beltzuntze emaztearekin egin zuen bidaia bat etorri zait gogora. “Zeruertzari gorazarrea” eskulturarekin obsesionaturik zebilen eskultorea eta Bretainiatik Gijoneraino etorri ziren, itsasertzari jarraiki, harentzat kokaleku egoki bat aurkitzeko asmotan. Berak kontatua da eskultura hori jarri ahal izateko kokapen on bat aurkitzen zuten bakoitzean militarren gotorlekuren batekin egiten zutela topo. «Gotorlekuak zeruertza kontrolatu egin nahi du eta nik gorazarre egin nahi nion. Nik gizakia jarri nahi nuen zeruertzaren aurrean, ikuskizun horrek txundi zezan, zeruertza harrapaezina baita, existitu ere egiten ez dena, hurbiltzen gatzaizkion neurrian desagertu egiten delako edo aldatu. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut zeruertza izan daitekeela gizakiaren aberria», zioen eskultoreak.

Ederra da definizioa, iradokitzailea, baina pitin bat hutsala ere bai. Gotorlekuak maite dituztenentzat armadak, banderak eta ereserkiak dira aberria. Guk herrialde garatuetako ispiluei begira amesten dugun aberria, aldiz, eraiki behar den zerbait da. Abantailak ditugu horretan: sitsak jandako estatu zaharkituak dituzten herrialdeetan nekeak dituzte aberria eraberritzen. Zenbatenaz ederragoa den oinarrietatik etxe berria eraikitzea. Katalunian edo Eskozian ari dira. Gu zergatik ez? •