2017/04/08

Garazi Goia
Seriotasun ezaz

Behin-behineko diskoteka hartan egin genituen dantza saioen ostean, aurrez «nik ez dut inoiz horrelakorik egingo» esana nintzela gogoratu nintzen. Eta, aldi berean, aipatutako errealitateak baduela bere erakargarritasun bat ohartu nintzen

Michel Houllebecq idazle frantsesa “Lanzarote” izenburudun liburuarekin ezagutu nuen duela hamabost urte inguru. Lagun baten gomendioz, liburu hori baino askoz ezagunagoa den “Les particules élémentaires” erostera joan nintzen dendara, eta, ale gehiagorik gelditzen ez zitzaienez, “Lanzarote” aukeratu nuen. Nire iritziz ez da idazlearen lanik hoberena, baina, hala ere, bere estilo eta ikuspegi polemikoaz ohartzeko estreinako adibide aproposa izan zen.

2000. urtearen atarian, globalizazioaren eta terrorismo fundamentalistaren arriskuak azaleratzen ari direnean, Lanzarote uharteak islatzen duen urruntasun eta hustasunaren itzalean, bizitza arruntak dituztenen behaketa bat eginez, kontaketa erratikoa dela esango nuke. Bere idatzietan ohikoa den misantropia eta hedonismoa bultzatzen duten protagonistekin.

Hala ere, beste liburu askotan ere presente daude arrazismo eta islamofobiari buruzko hausnarketa probokatzaileak ez dira muturreraino eramaten. Turista ingeles, belgikar eta luxenburgotarrei buruzko destaina bat edo beste kenduta. Eta, noski, sexu bereko bikote bat ere ezin zen falta narrazioan.

Lanzarote aukeratzeko arrazoia zein izan ote zen pentsatu nuen. Idazleak azaldu nahi zuen ikuspegi fatalista horren emaitza ongi islatzea bideratzen zuela akaso.

Astebete Lanzaroten pasa berria naiz; oporretara joan aurretik beti egiten dudan liburu aukeraketa errituala kontu handiz egin nuen. Eta, berriro ere, Houllebecquen “Lanzarote” irakurtzeko kuriositatea izan nuen. Liburuko fikzioa nire ikuspegia kontrastatzeko. Edo, idazlearen hasierako urteetako idatziak oraingoekin alderatzeko –komunikabideen kritika zorrotzen erasopean–, behin eta berriz errepikatzen diren lekuz kanpoko probokazioek eremu arriskutsuetara eraman duten idazlearen alde maleziagabe baten bila apika.

Hoteleko barrutik atera gabe, artifizialki sortutako errealitate partikular hartan topiko guztiak betetzen ziren: gosaltzera bidean xukaderak hamaketan jartzen zituzten alemaniarrak; laurogeita hamargarren hamarkadan modan zeuden azal beltzaranak, koko olioz distira aterata, kolorea oraindik gehiago nabarmentzeko; baina, batez ere, marka gorriak harrotasunez erakusten zituzten hainbat eta hainbat turista; buffetaren aurrean instintu fisiko guztien aurka galtzaile rolean baina errudun sentitu gabe zebiltzanak (finean, oporretan zeuden eta edozein salbuespen zilegi zen); galtzerdi zuriak eta sandaliak; goizeko hamarretan garagardo pitxerkadak edaten ari zirenak; igerilekuko aerobic saioak, gosariko betekada oraindik ezin kenduta egon arren, bazkaria ere justifikatu ahal izateko ariketa eginez. Egoera eta pertsona horiek guztiak leku berean zeuden, eta elkarren artean bateragarriak zirela ziruditen.

Herri baten egitura imitatuz eta beharrezko diren zerbitzu guztiak eskura izanik, gehiengoa pozik zegoen bertan, bestelako kuriositaterik gabe, errealitate hartatik kanpora begiratzeko inolako urgentziarik sentitu gabe. Eta gisa horretako protagonisten ondoan, hoteletik ateratzeko “ausardia” izan zutenak zeuden bestalde. Ez zegoen tarteko beste ezer. Zuria edo beltza. Beltza edo zuria.

Haurrentzat jarritako behin-behineko diskoteka hartan egin genituen dantza saioen ostean, aurrez “nik ez dut inoiz horrelakorik egingo” esana nintzela gogoratu nintzen. Eta, aldi berean, zutabe honetan deskribatutako errealitateak baduela bere erakargarritasun bat ohartu nintzen. Bizitza seriotasun gehiegiz ez hartzea ere batzuetan beharrezkoa izaten da-eta. •