ENEEK

Sukalde bat herriarentzat

Herriaren ekonomia lehen sektorearen bitartez indartzeko helburuz, Nagusien Egoitzako sukaldea «Udal- Sukalde» bihurtu eta egoitza bera zein parez pare (5 metro eskasera) dagoen eskola-jantokia hornitzeko proiektu piloturako diru laguntza jaso zuen Urduñako Udalak 2010ean. Sukaldea tokiko ekoizpenarekin –ahalik eta maila handienean ekologikoa– eta tokiko merkatari txikiekin lotzea zen xedea. Sukalde zentral bati eskatzen zaizkion baldintza higieniko-sanitarioak betetzeko lanak burututa, 2015ean nagusien egoitza eskema honetan lanean hasi zen. Eskola-jantokia –Hezkuntza Sailak 2015ean jantokien kudeaketa propioa aztertu asmoz onartu zituen lau proiektu pilotuetako bat izan arren– ezin izan da oraindik Udal Sukaldetik hornitzen hasi. Osasun Publikoaren Sailarekin dauden interpretazio-arazoak daude tartean.

Toki berezia da Urduña. Bizkaia izanik, alde guztietatik muga egiten du beste Lurralde batzuekin: iparralde, eta hego-ekialdetik, Arabako Aiaraldearekin; hegoalde-mendebaldetik, Burgosekin. Ura duena da. Nerbioi ibaiaren iturburuko ur jauzi ikusgarritik oso gertu, Gorobel (Salvada) mendilerroaren pareta altuek inguratzen duten bailara zabal batean kokatua dago. Xistera erraldoi bat bailitzan, mendebalde eta hegoalderantz, Txarlazo, Fraideburu, Tologorri... lerrokatzen doaz, gerrira arte pagoz estalita dauden kareharrizko horma pikoak eratuz. Lautadan, zereal landaketak, frutadiak, mahastiak eta belardi zabalak. Ganadua nonahi. Gorobelen lepoetan, mendi-larre komunalak, inguruetako azienda garrantzitsuarentzat udalekuak.

Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa

Toki bukoliko asko daude Bizkaiko txoko honetan. Eta hau horrela da, hein handi batean, lehen sektoreak oraindik ere baduelako garrantzia Urduñako ekonomian. Ez baitago besterik: industrialderik apenas baduen (eta ezin daitezke berriak eraiki, nekazaritzarako babes bereziko lurren izaera baitute Urduñako lursailek); zerbitzuak egon badaude, baina beraien “merkatua” oso mugatua dago urduñarrak baitira bezero ia esklusiboak. Hori bai, nekazaritzarako aukera asko eskaintzen ditu.

Hain zuzen ere, herriko lehen sektorea indartu eta biziberritu asmoz sortu zen, 2006an, Ekoizpen Urduña bulegoa. Iraunkortasunaren bidetik landa eremuko ekonomia sustatzeko helburuarekin jaio zen. Ekoizpen eredua aldatzeko eragin, eta ekologikoa zabaltzea da bere lanetako bat. Horretarako, ikastaroak, tokiko zein nazioarteko topaketak, bilera teknikoak, ikerketa parte hartzaileak... antolatzen dira bulegotik. Lan honen ondotik etorri dira 10 baserri urduñarrek eskatu eta jasotako ziurtagiri ekologikoak. Txahalak, barazkiak, bildotsak, fruta eta fruitu txikiak, marmeladak, arrautzak, barraskiloak... bertoko produktu ekologikoen erakusleiho polita egin daiteke Urduñan gaur egun.

Bertoko produktuaren balioa nabarmentzea eta ikusgarritasuna ematea da bere beste funtzioetako bat. Bertoko ekoizpenak jendarte zabalari eta naturari eskaintzen dizkioten onurak bistaratzen saiatzen da Ekoizpen, aldian behin antolatzen dituen Foro Agroekologikoen bitartez, herri bazkarietan tokiko produktuak baliatuz, bi astean behin herriko plazan azoka antolatuz... Kontsumoa sustatzea ere bada bulegoaren betebeharretako bat. Horretarako, jendartean kontzientziazio mailan eragiteaz gain, kontsumo taldeak sustatu ditu, baita ikuspegi estrategiko eta antolakuntza konplexuagoa duen beste proiekturen bat aurrera eraman ere, Udal Sukaldearen proiektu pilotua kasu.

Udal Sukaldea, herri proiektua

Egun, Urduñako eskolak eskaintzen duen jantoki-zerbitzua “office” batean ematen da. Hau da: eskolak ez dauka sukalderik, horrenbestez, sukaldaritza kolektiboko enpresa bat da zerbitzuaz arduratzen dena. Urduñako Guraso Elkarteko kide Cristinak aditzera eman duenez, egunero Zamudiotik (Bizkaia) dator janari prestatua. «Goizeko lauretan prestatzen dute Urduñako eskolan eguerdian banatuko den janaria, lehengaiak… batek daki non ekoitziak izango diren. Janari prestatua kamioietan ekartzen dute, kontenedoreetan, eta ‘oficce’-ean ematen da. Kalitateaz aparte, planteamendu honek jantokiak elikadura arloan bete beharko lukeen hezkuntza-funtzioa lantzeko ere ez du inongo aukerarik ematen. Gurasoon iritzia da eskola-jantokia zerbitzu soil bat baino gehiago dela: batetik, kalitatezko janaria eskaini behar du eta, bestetik, sasoi bakoitzeko janari ezberdinak ezagutu eta preziatzeko baliabidea ere bada».

Agerikoa da janaria kontsumituko den kokagunetik zenbat eta hurbilago prestatua izan, orduan eta kalitate hobea izango duela. Are gehiago, tokiko lehengai fresko eta ekologikoez hornitua bada. Erabat prestatua dagoen Udal Sukaldea bost metro eskasera izanda, zentzu guztia dauka janaria bertan prestatzeak. Baina interpretazio tekniko batek bost metro horiek izugarri urrutiratzen ditu eta Hezkuntza Sailetik onartutako eskola-jantokiaren proiektua martxan jartzea galarazten du.

Udal Sukaldea herri proiektua da, urduñarrak Urduñako ekoizkin fresko eta ekologikoez hornitzea helburu nagusitzat duena. Jendartearen osasunean, tokiko ekonomian, paisaiaren mantentzean eta ingurumenaren zaintzan eragiten du. Haur eta nagusientzat elikadura egokiena eta zentzudunena bilatzen du. Horregatik, herri oso bat du atzetik, joan den ostiraleko kalejiran nabarmen gelditu zen bezala, non ume zein heldu, guraso, seme-alaba eta aitona-amonek hiriko kaleak modu alai eta aldarrikatzailean hartu zituzten. Beraien elikadura beraien baliabideekin kudeatzeko aukera izatea eskatzen dute, honek Urduñaren herrigintzarako daukan garrantziaren jakitun. Beharrezko guztia prest daukate, baina ez dute behin betiko baimenik jasotzen. Alta, Urduñako Udal Sukaldearen tankerako azpiegiturak martxan daude Frantzian, Italian, Katalunian… eta oinarrizko araudi higieniko-sanitarioa berbera da.

Euskal Herrian agroekologia garatuko bada, Urduñakoa bezalako proiektuen eskutik izango da. Urduñako herritarrak, baita Euskal Herriko ekoizpen ekologikoaren sektorea ere, oztopoak gainditu eta, behin betiko, herriak bere sukaldea izatearen zain daude.